2023ko otsailaren 13ko bilkura
MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR –ASTELEHENA, 2023ko OTSAILAK 13– EGINIKO BILERAN HARTUTAKO ERABAKIAK
Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura presentziala egin dute gaur –astelehena, otsailak 13–, 10:00etan, eta honako erabaki hauek hartu dituzte:
FORU LEGE PROPOSAMENAK:
- Nafarroan Merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legea eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua aldatzekoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak, Nafarroako Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.
-Nafarroan Etxebizitza izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legea aldatzekoa. Nafarroako Alderdi Sozialista eta Geroa Bai talde parlamentarioek eta Nafarroako Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.
- Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legea hein batean aldatzekoa. Navarra Suma talde parlamentarioak aurkeztu du.
- Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legea aldatzekoa. Nafarroako Alderdi Sozialista, Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek aurkeztu dute.
MOZIOAK:
- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute eskaera, batzordean izapidetu dadin honako mozio hau: Kultura eta Kirol Departamentua premiatzen da azterlan bat egin dezan, Nafarroako Futbol Federazioarekin lankidetzan, aztertze aldera kirol eta aisia instalazioei buruzko araudia betetzen ote den. Geroa Bai talde parlamentarioko Pablo Azcona Molinet jaunak aurkeztu du.
- Horren bidez, Hezkuntza Departamentua premiatzen da Nafarroako ikastetxe ez-unibertsitarioetako jantokiak arautzen dituen araudia alda dezan, halako moduz non dirulaguntza jasotzeko eskubidea duten ikasleen artean sartuko baitira despopulazio-arrisku muturrekoa eta bizia duten udalerrietan bizi diren ikasleak. Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.
- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da Nafarroan emakumeen genitalen ebaketa prebenitzeko eta horren aurrean jarduteko protokoloa gaurkotu dezan. Navarra Suma talde parlamentarioko Isabel Olave Ballarena andreak aurkeztu du.
- Horren bidez, Espainiako Gobernua premiatzen da berehala har ditzan bere gain, bere aurrekontuaren kontura, Iruñerriko kiribilgunea desagerrarazteko obra guztiak, Etxebakoizko tren-geltoki berriko obrak eta Volkswagen Navarra zeharkatzen duen trenbidea desagerrarazteko obrak barne. Navarra Suma talde parlamentarioak aurkeztu du.
- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da ez dezan Gastiaingo errota berriko presa eraits. Navarra Suma talde parlamentarioko Miguel Bujanda Cirauqui jaunak aurkeztu du.
- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da dagozkion errekonozimendu publikoa eta erreparazioa eman diezazkion Alderdi Karlistari, 1976ko maiatzaren 9ko gertakarietako biktima politiko nagusia izan zen aldetik. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak, Nafarroako Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.
- Horren bidez, Espainiako Gobernua premiatzen da gastu militarra gutxitu dezan eta diru hori gerraren ondorioak leuntzeko eta gizarte zerbitzu publikoak (osasungintza, irakaskuntza eta abar) sustatzeko erabil dezan. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak, Nafarroako Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.
- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da Espainiako Gobernuak Eskubide Sozialen Ministerioaren bitartez onetsi duen 100 euroko hilabeteko laguntza –3 urtera bitarteko seme-alabak dauzkaten familientzako– zabaldu dezan. Nafarroako Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteko Mikel Buil García jaunak aurkeztu du.
- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da Droga-mendekotasunari eta adikzioei buruzko III. Plana eguneratu dezan, Nafarroako gazteriaren errealitatera egokitzeko. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Carlos Mena Blasco jaunak aurkeztu du.
AGERRALDIAK:
- Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariarena, Belosoko Udalez gaindiko Plan Sektorialean izandako ez-betetzeak eta atzerapenak azaldu ditzan. Navarra Suma talde parlamentarioko Juan Luis Sánchez de Muniain Lacasia jaunak aurkeztu du.
- Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariarena, Nafarroako Berrikuntzaren eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren garapenerako Behatokiaren web-orri berria abian jartzeari buruz informa dezan. Nafarroako Gobernuak aurkeztu du.
- Eskubide Sozialetako kontseilariarena, 2021eko Gizarteratze Plan Operatiboaren, 2021eko Familia, Haurtzaro eta Nerabezaro Plan Operatiboaren nahiz 2021eko Irisgarritasun Plan Operatiboan bere departamentuaren ardurapekoa den atalaren jarraipenari buruko planak aurkez ditzan. Navarra Suma talde parlamentarioko Jorge Esparza Garrido jaunak aurkeztu du.
- Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariarena eta Nafarroako Estatistika Institutuko zuzendari nagusi Pablo Cebrián Jiménez jaunarena, Nafarroako Estatistika Institutuaren webgune berriari buruz informa dezaten. Nafarroako Gobernuak aurkeztu du.
- Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariarena, zaharberritzeko laguntzen 2023ko deialdiei buruz nahiz etxebizitzak zaharberritze aldera eta etxebizitza sozialak eraikitze aldera Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendaren Ministerioarekin sinatutako hitzarmenari buruz informa dezan. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko María Aranzazu Biurrun Urpegui andreak aurkeztu du.
LAN-BILKURAK ETA BISITAK:
- Enpresa publikoetan ordezkaritza duten sindikatuekin (LAB, LAN KIDEAK, UGT, CCOO, ELA, CGT eta AFAPNA), enpresa publikoko lehen hitzarmena negoziatzeko errebindikazioa azaldu dezaten. Navarra Suma talde parlamentarioko María Jesús Valdemoros Erro andreak, Nafarroako Alderdi Sozialista, Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.
- UCAN eta ANELen ordezkariekin, EAErekiko nahiz Akitaniarekiko lankidetza-hitzarmenei buruz informa dezaten (horien bidez, elkarreragiteko konpromisoa hartu dute, hainbat esparruren trantsizioan lagun eginez garapen ekonomikoa bultzatzeko). Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek, Nafarroako Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.
- Amnesty Internationalen eta Nafarroako GGKEen Koordinadoraren ordezkariekin, “El apartheid israelí contra la población palestina: cruel sistema de dominación y crimen de lesa humanidad” txostena azaldu dezaten. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko María Aranzazu Biurrun Urpegui andreak, Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek, Nafarroako Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.
AHOZKO GALDERAK:
- Eskaria, galdera idatzi bihur dadin Nafarroa Arena Pabilioiaren eremuko herritarren energia-komunitatearen proiektuari buruz EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Patricia Perales Hurtado andreak aurkeztutako galdera.
- Ekonomia Sozialaren mugaz gaindiko I. Planari buruzkoa. Geroa Bai talde parlamentarioko Mikel Asiain Torres jaunak aurkeztu du. Osoko Bilkura. Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilaria.
- Iruñeko aireportuko zerbitzua hobetzeko neurriei buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko José Suárez Benito jaunak aurkeztu du. Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Batzordea.
- Enplegu-zentro bereziei, laneratze-enpresei eta abarri kontratuak erreserbatzeko betebeharra bideratzeko eta ezagutarazteko webgune espezifiko berria abian jartzeko datari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Jorge Esparza Garrido jaunak aurkeztu du. Eskubide Sozialetako Batzordea.
IDATZIZKO GALDERAK:
- Nafarroako Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea aldatzeko foru-lege proposamenaren tramitazioan ageri den kodeari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Miguel Bujanda Cirauqui jaunak aurkeztu du.
- Banketxeei, batez ere landa eremuan, arreta presentzialerako pizgarriak ematera premiatzen duen mozioa betetzeari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Ángel Ansa Echegaray jaunak aurkeztu du.
- “Nafarroako toki entitateentzako dirulaguntza, LGTBI+ arloa sustatu eta laguntzeko” kontusaileko diru kopurua aldatzeari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Patricia Perales Hurtado andreak aurkeztu du.
- 2021eko Desgaitasuneko Plan Operatiboaren jarraipen-txosteneko 3. taula zuzentzeari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Jorge Esparza Garrido jaunak aurkeztu du.
BESTELAKO GAIAK:
- Nafarroako Parlamentuko erregelamendua izapidetzen jarraitzea, Osoko Bilkurak otsailaren 9an aintzat hartua. Zuzenketak aurkezteko epea abiarazi da, otsailaren 27ko 12:00ak bitarte.
- Mahaia eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Iruñerriko Mankomunitatearen Batzar Nagusiaren erabakia, zeinaren bidez onetsi baita 2023ko Iruñerriko Hiri Garraioaren X. Planaren aldaketa. Iruñerriko Mankomunitateak aurkeztu du.
GAI EKONOMIKOAK, BARNE ANTOLAMENDUKOAK ETA KONTRATAZIOARI BURUZKOAK:
- Mahaiak onetsi du Gaixotasun Arraroen 2023ko Mundu Egunaren ospakizunarekin bat egiteko proposamena. Hori dela eta, otsailaren 28an Nafarroako Parlamentuaren egoitzako fatxada arrosaz argiztatuko da.
- Mahaiak jasotzat eman du 2021eko ekitaldian Garapenerako Hezkuntzako eta Sentsibilizazioko proiektuak egiteko dirulaguntzen deialdiaren arabera finantzatutako proiektuen justifikazio-txostena.
- Mahaiak jasotzat eman du 2021eko ekitaldian Garapenerako Hezkuntzako eta Sentsibilizazioko proiektuak egiteko dirulaguntzen deialdiaren arabera finantzatutako proiektuen justifikazio-txostena.
ADIERAZPEN INSTITUZIONALAK:
Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak elkartasuna adierazten baitie Turkian eta Sirian izandako lurrikara suntsitzaileak kaltetutako pertsona guztiei. Navarra Sumak, Nafarroako Alderdi Sozialistak, Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Nafarroako Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak aurkeztu dute.
Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
1. Nafarroako Parlamentuak elkartasuna adierazten die Turkian eta Sirian izandako lurrikara suntsitzaileak kaltetutako pertsona guztiei eta dei egiten die nazioarteko erakunde, gobernu eta erakundeei larrialdi hau gainditzen lagundu dezaten eta berreraikuntzan laguntzeko konpromisoa har dezaten.
2. Nafarroako Parlamentuak adierazten du bere borondatea dela Nafarroako Gobernuak premiaz mobiliza ditzan erabilgarri dituen laguntza- eta elkartasun-baliabideak eta lurrikarak kaltetutako eremuetan ezarpena duten erakundeen esku jar ditzan.