Noiz argitaratua Osteguna, 2023.eko Abuztuak 10

2023ko abuztuaren 10eko bilkura

NAFARROAKO PARLAMENTUKO MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR, OSTEGUNA, ABUZTUAK 10, EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK

 

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura egin dute gaur –osteguna, abuztuak 10–, 10:00etan, eta honako erabaki hauek hartu dituzte:

 

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute lehendakariak eginiko proposamena, María Chivite (PSN) Nafarroako Foru Komunitateko lehendakari izateko hautagaitza formalizatzeari buruzkoa.

 

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak erabaki dute abuztuaren 14rako –astelehenerako– deitzea María Chivite (PSN) Nafarroako Foru Komunitateko lehendakari izateko hautagaitzaren inbestidura-bilkura. Osoko Bilkura 09:30ean hasiko da. Legebiltzarrak bere konfiantza ematen badio, karguaz jabetzeko ekitaldia abuztuaren 17an eginen da, Atalondoan, 11:30ean.

 

Data hori zehaztu aitzin, iritzi-trukea izan da, lehendakariak hasieran egindako proposamena baitzen bilkura larunbatera aurreratzea. Legelari nagusiaren txosten-oharraren arabera, Erregelamenduak ahalmena ematen die lehendakariari eta Mahaiari  (84.6 artikulua eta 119. artikulua) epeak murrizteko, baina UPN talde parlamentarioak hasierako erabakia berriz aztertzeko eskatu du exijitze aldera, Erregelamenduaren 196. artikuluak arautzen duen inbestidura-prozeduraren "berariazkotasuna" aintzat hartuta, "hiru eguneko gutxieneko epea" errespeta dadin deialdia egiten denetik Osoko Bilkura egiten den arte.

 

84.6 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, prozedura "azkartzeko" arrazoiak azaldu ditu Unai Hualdek; halatan, lehendakaria den aldetik aurkezten diren hautagaitzak "sustatzeko erantzukizuna eta betekizuna" berarenak direla adierazi du, are gehiago kontuan hartzen bada abuztuaren 28an epea agortzen dela, halako moduan non Parlamentua desegin egin behar baita, eta hauteskundeak deitu, baldin eta inongo hautagairik hautatzen ez bada.

 

Javier Esparzak, "urgentzia atzeraezina" ez ikusteaz gain, inbestidura-prozeduraren "berariazkotasuna" defendatu du Lehendakariaren eta Mahaiaren ahalmen hori (84.6 eta 119 artikuluak) aplika ez daitezen; hori dela-eta, hiru eguneko epea errespetatu ezean, inbestiduraren "legezkotasuna" arriskuan jarriko lukeen "urratzea" gertatuko litzatekeela ohartarazi nahi izan du.

 

Legelari nagusi Silvia Doménechek adierazi du oro har bateragarriak direla 84.6 eta 119. artikuluek lehendakariari eta Mahaiari hurrenez hurren aitortzen dien ahalmena eta 196. artikuluak inbestidura-bilkurari dagokionez ezartzen duen prozedura.

 

Hortaz, legelari nagusiaren txosten-oharrak ondorioztatzen du "ikuspuntu juridikotik, lehendakariak" epigrafe horrek ematen dion ahalmena balia dezakeela, "baldin eta deialdia gutxienez ere 24 ordu lehenago egiten bada, parlamentariei modu telematikoan edo telefono bidez jakinarazten bazaie eta (bilkura hastean) erabaki hori hartzeko izan dituen arrazoiak azaltzen baditu".

 

Eledun guztiek txosten juridikoa ontzat jo ondoren, PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek lehendakariaren proposamena babestu dute; PPNk eta Voxek, berriz, UPNren planteamenduaren alde egin dute.

 

Hala eta guztiz ere, Erregelamendu berriko 42.2 artikulua aintzat hartuta –talde parlamentario, foru parlamentarien elkarte edo foru parlamentariren batek erabakia berraztertzeko eskatzen badu, eten eginen da Mahaiaren erabaki horren izapidetzea lau eguneko gehienezko epean, Mahaiak, Eledunaren Batzarrari entzun ondoren, ebazpen arrazoitu bat eman arte–, PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek onartu egin dute inbestidura-bilkura astelehenean egitea, eta ez larunbatean.

 

Lehendakariak, besteen iritziak "entzuteko eta bere erabakia berraztertzeko prest", ontzat eman du Eledunen Batzarraren hausnarketa, eta inbestidura-bilkura astelehenean, abuztuaren 14an, egin dadin erabaki du.