2022ko Nafarroa Oinezerako gonbidapena jaso du Nafarroako Parlamentuak
2022ko Nafarroa Oinez Nafarroako ikastolen festaren antolakuntzako ordezkaritza bati harrera egin dio gaur Unai Hualdek, Nafarroako Parlamentuko lehendakariak. Bertan izan dira Elena Zabaleta, Nafarroako Ikastolen Federazioko lehendakaria, Josu Reparaz zuzendaria eta Aritz Azkarate eta Paula Arregi, Tafallako Garces de los Fayos Ikastolako lehendakari eta zuzendaria, hurrenez hurren.
1970 urtean sortutako Garces de los Fayos ikastolak antolatuko du aurten urriaren 16an ospatuko den festa, bere 52. urteurrenaren ospakizunarekin bat eginez. ‘Erdian erein’ lelopean, Tafallako ikastolak Lizarrako ikastolaren lekukoa hartuko du eta azken prestaketetan murgilduta dabil euskararen aldeko festara urtero bertaratzen diren milaka lagunei harrera egiteko.
2022ko Nafarroa Oinezeko ordezkarien bidez ezagutu du Foru Legebiltzarreko lehendakariak hilabete hauetan zehar Nafarroako ikastolen jaiaren 41. ediziora arrakastaz iristeko egin duten lana, pandemiaren ondorioz 2020an bertan behera utzi eta 2021 urtean berrekin ostean.
Unai Hualdek Garcés de los Fayos ikastolak, gainerako eragile sozialekin batera, bost hamarkada hauetan Tafallan eta Nafarroako erdialdean euskara indartzeko egin duen ekarpen erabakigarria azpimarratu du. "Oraindik ere, ikastola sortu zenetik mende erdia pasa den honetan, beharrezkoa da gure hizkuntzaren normalizaziorako horrelako ereduak aldarrikatzea”.
Ordezkaritzak 2022ko Nafarroa Oinezera bertaratzeko gonbidapen formala eman dio lehendakariari.