Noiz argitaratua Astelehena, 2021.eko Ekainak 21

2021eko ekainaren 21eko bilkura

MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR –ASTELEHENA, 2021eko EKAINAK 21– EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK

 

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura presentziala egin dute gaur –astelehena, ekainak 21–, 10:00etan, eta honako erabaki hauek hartu dituzte:

 

MOZIOAK:

- Erretiratua. Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da bitartekari lana egin dezan izaera sozialeko etxebizitza erosi dituzten enpresekin, etxebizitza horiek espekulaziorako erabil ez ditzaten, heldu diren urteotan babes ofizialekoak izateari utziko dioten etxebizitzen zentsu bat egin dezan eta etxebizitza sozialei buruzko araudia alda dezan. Geroa Bai talde parlamentarioko Mikel Asiain Torres jaunak aurkeztu du.

 

- Horren bidez, Espainiako Gobernua premiatzen da Red Eléctrica Españolaren 2021etik 2026ra bitarteko Plana lehenbailehen onets dadin bultza dezan. Geroa Bai talde parlamentarioko Mikel Asiain Torres jaunak aurkeztu du.

 

- Horren bidez, Espainiako Gobernua premiatzen da bere erantzukizunaren aitortza publikoa egin dezan Iruñeko herritarren aitzinean oro har eta 1978ko Sanferminetan iruindarrek pairatu zuten polizia-jokabidearen biktima guztien aitzinean bereziki. Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek, Nafarroako Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

 

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da Osasun Departamentuaren eta Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuaren arteko lankidetza sinergiko bat ezar dezan, Lan-arriskuen Prebenzioari buruzko Legearen garapenari bultzada nabarmena emateko, azpimarra arrisku psiko-sozialetan jarrita. Geroa Bai talde parlamentarioko Ana Isabel Ansa Ascunce andreak aurkeztu du.

 

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da “2021-2027 aldirako Nafarroaren posizio amankomunerako akordioa, Nekazaritza Politika Erkidearen aplikazioari aurre egitekoa” izeneko dokumentuan jasotzen diren 12 puntuak defenda ditzan. Nafarroako Alderdi Sozialista eta Geroa Bai talde parlamentarioek, Nafarroako Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

 

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da sustatzaile pribatuekiko hitzarmenen ordez alokairuko etxebizitzen parke publikoa handitzera bideratutako politikak areagotu ditzan. Geroa Bai talde parlamentarioko Mikel Asiain Torres jaunak aurkeztu du.

 

AGERRALDIAK:

- Hezkuntzako kontseilariarena, departamentuak abian jarriko duen ENCLAVE ikasgelen proiektu pilotua azal dezan. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Jorge Aguirre Oviedo jaunak aurkeztu du.

 

LAN-BILKURAK ETA BISITAK:

- Hermenegildo Crespo jaunarekin egin beharreko lan-bilkura erretiratzea. Lan-bilkura zen Ceimsa Electromedicina SL enpresaren izenean azal zezan pandemian zehar Nafarroako Gobernuarekin izandako lankidetza. Navarra Suma talde parlamentarioko Cristina Ibarrola Guillén andreak aurkeztu du.

 

- San Martin Unxeko Udalaren ordezkariekin, bai eta ukitutako elkarte eta kolektibo nagusiekin ere, “Eco Pueblo” prestakuntza- eta ekintzailetza-proiektua azal dezaten. Navarra Suma, Nafarroako Alderdi Sozialista, Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek, Nafarroako Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

 

- Eskaria, Vianako Printzea Erakundeari Vianako Santa María de la Asunción elizara bisitan joateko gonbita bidal dakion. Navarra Suma talde parlamentarioko Raquel Garbayo Berdonces andreak aurkeztu du.

 

BATZORDE BEREZIAK ETA PONENTZIAK:

- Ehizaren eta arrantzaren arloko legedia aztertu eta analizatzeko ponentziaren ekainaren 11ko erabakia.

 

- Nafarroako kultur jarduera duintzeko, egonkortzeko, areagotzeko eta haren etorkizuna bermatzeko neurriak zehaztu eta adosteko Ponentziaren 2021eko ekainaren 11ko erabakia.

 

AHOZKO GALDERAK:

- Lizarran Familia Elkartzeko Gune bat abian jartzeari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Marta Álvarez Alonso andreak aurkeztu du.

 

- Tuterako Osasun Barrutiko pazienteei osasun-laguntza bermatzearren osasun arloko profesionalak fidelizatzeari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Domingo González Martínez jaunak aurkeztu du.

 

- Ostalaritzaren eta turismoaren sektorearentzako laguntzei buruzkoa. Geroa Bai talde parlamentarioko Mikel Asiain Torres jaunak aurkeztu du.

 

- Nafarroan enplegu-plan bat sinatzeari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Ramón Alzórriz Goñi jaunak aurkeztu du.

 

GALDERA IDATZIAK:

- AgoraLan guneari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Ángel Ansa Echegaray jaunak aurkeztu du.

 

KONTUEN GANBERAREN TXOSTENAK ETA AURREKONTUEN KONTROLA:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroako Arartekoaren 2020ko ekitaldiari buruzko txostena.

 

- Eskaria, fiskalizazio-txostena egin dadin Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoa osatzen duten enpresa publikoetan aldi baterako lan-kontratuak lan-kontratu mugagabe bihurtzeari, kontratu horietako hautapen-prozedurak berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioen araberakoak izateari eta ezarritako kontratazio-prozedurei buruz. Navarra Suma talde parlamentarioko Marta Álvarez Alonso andreak aurkeztu du.

 

BESTELAKO GAIAK:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarraj jasotzat eman dute Zerbitzu Juridikoen txostena, Nafarroan ama-esneko banku bat sortzeari eta arautzeari buruzko eskari-idazkiaren gainekoa. Eskari-idazkia Mirari Isasi García andreak aurkeztu zuen.

 

ADIERAZPEN INSTITUZIONALAK:

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Torturaren Biktimei Babesa emateko Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin. Lehendakaritzak aurkeztu du.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak aitortza egiten die biktima horiei gizartearen aurrean, giza eskubideen urraketa larri honek dakarren injustizia dela-eta, eta bat egiten du Torturaren Biktimei Babesa emateko Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten du LGTBI kolektiboaren harrotasunaren Egunaren ospakizunarekin, zeina heldu den ekainaren 28an eginen baita. Adierazpena Navarra Sumak, Nafarroako Alderdi Sozialistak, Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda Ezkerrak aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak aurten ere bat egiten du LGTBI kolektiboaren harrotasunaren Egunaren ospakizunarekin, zeina heldu den ekainaren 28an eginen baita, eta sexu-askapenaren bandera jarriko du ikusteko moduko leku batean, legebiltzarrak sexu-aniztasunarekin duen konpromisoaren agerkari.

 

2. Nafarroako Parlamentuak giza eskubideekiko konpromisoa berresten du, eta adierazten du beharrezkoa dela inbertitzea sexu-bestelakotasuna eta pertsonak beren sexu-orientazioa edo genero-identitateagatik ez diskriminatzen lagunduko duten politiketan. Horretarako, arreta, informazio, sentsibilizazio, prestakuntza eta kontzientziaziorako programak eta proiektuak garatu behar dira, gure herri eta hiriak sexu-bestelakotasunaren adierazpen guztientzako gune askeak izan daitezen.

 

3. Nafarroako Parlamentuak hezkidetza derrigorrezko hezkuntza-balio gisa lantzearen aldeko apustua egiten du funts publikoekin ordaintzen diren ikastetxe guztietan.

 

4. Nafarroako Parlamentuak beharrezkotzat jotzen du Nafarroako LGTBI+ Foru Legea ezartzen jarraitzea, eta uste du sexu-orientazioari, genero-adierazpenari eta sexu- edo genero-nortasunari buruzko prestakuntza beharrezkoa dela administrazio publiko guztietan eta bereziki gizarte-, osasun- eta landa-arloetan.

 

5. Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du gizarte askeago eta berdinzaleago bat eraikitzeko lan egiteko, eta eskatzen du familia-aniztasunari eta adineko LGTBI pertsonei zor zaien errespetua emateko. Horretarako, gure Erkidegoko erakunde guztiekin, elkarteekin eta LGTBI kolektiboarekin lan egiteko konpromisoa hartzen du”.

 

Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak pertsona guztien giza eskubideak bermatzearen aldeko konpromisoa eta pertsona errefuxiatuekiko elkartasuna agertzen du. Nafarroako Alderdi Sozialistak, Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda Ezkerrak aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak:

 

1. Pertsona guztien giza eskubideak bermatzearen aldeko konpromisoa eta pertsona errefuxiatuekiko elkartasuna agertzen du, erabateko zaurgarritasun egoeran bizi baitira jatorrizko herrialdeetan pairatzen duten jazarpen edo beldurragatik.

 

2. Dei egiten die Europar Batasuneko estatu kideei, legezko bide seguruak gaitu daitezen mugak sendotu ordez, horrek milaka pertsona behartzen baititu euren bizitzak arriskuan jartzera ibilbide gero eta arriskutsuago eta hilgarriagoetan.

 

3. Uste du beharrezkoa dela Immigrazioaren eta Asiloaren Europako Paktuaren politiketan adostasuna bilatzeko lanean jarraitzea, bere balioekiko leiala den Europa baten alde, gerratik, jazarpenetik eta torturatik ihes egiten dutenei mugak itxi gabe.

 

4. Dei egiten dio Espainiako Gobernuari lanean jarrai dezan Kanariar Uharteetatik eta Ceuta eta Melillatik iritsitako pertsonek bizi duten egoerari konponbide bat emateko”.