20/2010 Foru Legea aldatzen duen Foru Legea onetsi dute, aurrerantzean Nafarroako Odol eta Ehun Bankua arautzen duen Foru Legea deituko dena
Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, SNk eta PPNk haren alde emandako botoekin eta Bildu-k, Nabai-k, I-Ek eta atxiki gabeko bi parlamentariek haren kontra emandako botoekin, 20/2010 Foru Legea aldatzen duen Foru Legea onetsi du gaur, aurrerantzean Nafarroako Odol eta Ehun Bankua sortzen eta arautzen duena deituko dena.
Gobernuak bultzatutako Foru Lege proiektuaren helburua da 20/2010 Foru Legetik kentzea giza organoak lortu eta klinikoki erabiltzearekin zerikusia duten alderdi guztiak, bai organoen emate eta transplanteen lurraldeko eta erkidegoko koordinazioa, baita aurreproiektuaren tramitazioaldian “beharrezkotzat” jotzen diren “gainerako” alderdiak ere.
Aldaketak, Aholku Batzorde Tekniko baten ekarpenetan oinarritu denak, Nafarroako Odol eta Ehun Bankuak elkarren artean oso “desberdinak” diren jarduerak hartzea desegokia dela du oinarri; batetik, odolari, zelulei eta ehunei dagokiena, eta bestetik organoen emate eta transplanteei buruzkoa. Horregatik, “koherentzia eta eraginkortasun” arrazoiak erabiliz, bi funtzioak banatzea proposatzen du, 20/2010 Foru Legean xedatutakoa zuzenduz.
Giza organoekin zerikusia duten puntuak kentzeaz gain, Nafarroako Odol eta Ehun Bankuaren egitura organikoaren gaineko araua kentzea aurreikusten da. Bertan, Kudeaketaren eta Giza Baliabideen zuzendariorde bat eta zuzendari bat arautzen dira, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren parte izatera pasa dadin, gainerako egitura organikoarekin batera gara dadin, Nafarroako Ospitalguneko zuzendari medikora atxikitako egitura organiko gisa, betiere haren izaera “publikoa” mantenduta. Nafarroako Odol eta Ehun Bankuak “bere” egitura organikoa garatzeko urte beteko epea du.
Bestalde, lau urteko epea ezartzen da osasun publikoak organoak transplantatzeko egin beharreko ebakuntza guztiak “segurtasun berme guztiekin” egiteko, horrela osasun pribatura igarotzea saihestuz.
Arauak organo ematearen “doakotasuna eta izaera altruista” azpimarratzen du. Horretarako, odola, zelulak eta ehunak ematea eta jasotzea egintza doakoak direla jotzen da, bai eta zerbitzu horiek betetzen dituzten zentroak “irabazi asmorik gabekoak” izan behar direla ere.
Era berean, indartzen da Nafarroako Odol eta Ehun Bankuaren jarduera “ikertzailea”, haren langileen “prestakuntza etengabea” eta Europan eta nazioartean erregistratutako “kalitateko zirutatze-sistemak” aplikatzea.
Gainera, Lege honek indarra hartzen duenetik, hiru hilabeteko epea ezartzen da Hemeroterapia Batzordea eta Ehunen Batzorde Teknikoa eratzeko. Azken horrek “urtean bi bilera arrunt” izan beharko ditu “gutxienez”.
Legeak zelulak eta ehunak jasotzeaz arduratzen diren taldeen arduradunak koordinatzea aurreikusten du, eta Nafarroako Odol Emaileen Elkartearekin (Adona) lankidetzarako esparru-hitzarmen bat gauzatzea ziurtatzen du, zertarako eta “odol- eta hezur muin-ematea” zein “bi alderdiek beharrezko jotzen dituzten” hitzarmenak “sustatzeko eta antolatzeko”.
Elkarlan hitzarmenak sinatzen ahalko dira entitate publikoekin edo/ eta Zelula eta Giza Ehunen Bankuaren jarduerekin zerikusia duten entitate pribatuekin “xede berdinarekin eta baldintza berdinetan”, eta “bereziki, zelula, ehun eta organoen emate altruistarekin”.
Eztabaidan SNk eta PPNk UPNk bere egin duen legearen oinarrizko elementuak babestu dituzte.
Proposamen horren aurrean, Bildu eta Nabai parlamentu-taldeek oraindik garatu gabe dagoen arau baten “funtsezko alderdiak” aldatzeko saiakera gaitzetsi dute, zeina Gobernua 20/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarriak araua “berehala garatzera” dei egiten ziola kontuan hartu gabe egin den. Hortaz, orain bi urte eskas sortutako entitate publiko baten “muina bera eta ahalbidea hutsaltzeko” asmoa ikusten dute.
Horrela bada, bi taldeek kudeaketa plan berria kritikatu dute; izan ere, egitura organikoak eta kontsultarako eta kontrolerako organo eta prozedurek “atzerapausoa” dakarte, are “larriagoa” dena “odol- eta ehun-emateari dagokionez, eginkizun gutxiago esleitzearen ondorioz eta giza organoekin zerikusia duten alderdi oro desagertzearen ondorioz”.
Ildo berean, Izquierda-Ezkerra parlamentu-taldeak bere osoko zuzenketa “organoen emateari, ateratzeari eta transplanteei” buruzko alderdi guztiak kentzeak dakarren “zentzugabekerian” oinarritu du, are gehiago, “20/2010 Legearen betetze-maila ebaluatu gabe”. Gainera, etorkizuneko erakundearen egituraren diseinuaren kontra dagoela adierazten du eta “odol- eta organo-emateari” dagokionean, “Europan dagoen legedia sartzearen” alde egiten du.
· www.parlamentodenavarra.es
· Foru Lege proiektuaren argitalpena (NPAO, 63. zk., 2012-06-29koa)
· Osoko zuzenketen argitalpena (NPAO, 96. zk., 2012-11-16koa)
· Zuzenketa partzialen argitalpena (NPAO, 109. zk., 2012-12-17koa)
· Irizpenaren argitalpena (NPAO, 2. zk., 2013-01-11koa)