Noiz argitaratua Asteazkena, 2020.eko Maiatzak 20

2020-2023 aldirako Nafarroa Suspertu Planari laguntzeko Batzorde Berezia eratu da

Lanerako plana eta bilkuren egutegia onetsi dira, bai eta Gobernuari aurreikuspen ekonomiko eta finantzaketazkoei buruzko txosten bat eskatzea ere, zeina maiatzaren 29a baino lehen igorri beharko baitu

Gaur goizean eratu da Nafarroa Suspertu Planari laguntzeko Batzorde Berezia, zeina Mahaiak maiatzaren 13ko bilkuran onetsi baitzuen Navarra Suma, Geroa Bai, PSN, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren ekimenez. Batzordearen helburua da “Parlamentuaren "zilegitasuna eta eraginkortasuna" baliatzea, Foru Gobernuak irekitako parte-hartze prozesuan bere ekarpenarekin laguntzeko”.

 

Behin eratu ondoren, Unai Uhalde batzordeburu duela –Batzordearen Mahaian Parlamentuko zuzendaritza organoko gainerako kideen laguntza izanen du–, Batzorde Bereziak aho batez onetsi ditu lanerako plana eta bilkuren egutegia EH Bilduk aurkeztutako dokumentua oinarri gisa hartuta. Bertan proposatzen da Gobernuari aurreikuspen ekonomiko eta finantzaketazkoei buruzko txosten bat eskatzea, Parlamentuari maiatzaren 29a baino lehen igorri beharko zaiona.

 

Koadro finantzarioa laguntza-tresna gisa hartuta ekimen desberdinak testuinguruan kokatu eta zehazteko, ekainaren 3ra arteko epea irekiko da talde parlamentario eta foru parlamentarien elkarteek bidezkotzat jotzen dituzten erabaki proposamenak aurkez ditzaten (gehienez ere 39 eta departamentu bakoitzerako gehienez 5).

 

Hortik aitzina, ekainaren 9tik 23ra eztabaida antolatu eta departamentuen arabera egituratu bati ekinen zaio, eta bilkura bikoitzak eta hirukoitzak ere eginen dira astearte eta asteazkenetan. Aldiz, ostiraletan gaurkotasun politikoari erantzuteko agerraldiak eginen dira, Covid-19ak eragindako krisi soziosanitarioaren kudeaketa barne.

 

Printzipioz, astearte eta asteazkenetan bi bilkura presentzial programatuko dira, eta beharrezkoa balitz, bilkura telematiko bat. Mahaiaren irizpidearen arabera ordenatuko dira, baina Ekonomia eta Osasun arloko bilkurak osoko bilkuren aretoan eginen dira ezinbestean.

 

Batzordearen lanak garatzeko ezarritako epea hilabetekoa da, eta luzatzen ahalko da. Epe hori amaitutakoan, irizpen bat eman beharko du Batzordeak, Osoko Bilkurari aurkezteko (eta Gobernuari bidaliko dio), eztabaidatu eta bozka dezan.

 

Lanerako egutegi hori betez gero, Batzorde Bereziak ekainaren 24an bozkatuko luke gehiengo soilaren bidez onetsitako erabaki proposamenekin taxuturiko irizpena, eta, kasua bada, eskatzen diren boto partikularrei eustea.

 

Ondorioak Osoko Bilkurari helaraziko litzaizkioke ekainaren 26an, eta honek irizpen osoaren gaineko eztabaida eta bozketa eginen luke aparteko bilkura monografiko batean.

 

Parlamentuko zuzendaritza organoko kideez gain, horiek Batzorde Bereziaren Mahaia osatuko baitute, Batzordeak beste hamaika kide izanen ditu: Javier Esparza, Carlos Pérez Nievas, José Suárez (Navarra Suma), Ramón Alzórriz, Ainhoa Unzu (PSN), Uxue Barkos, María Solana (Geroa Bai), Bakartxo Ruiz, Adolfo Araiz (EH Bildu), Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra). Talde parlamentarioetako eta foru parlamentarien elkarteko gainerako kideak ordezko izanen dira, eztabaida sektorialak espezializazio handiagokoak izan daitezen.

 

Zioen azalpenean ageri denez, lau arlori buruzkoak izanen dira Batzorde Berezian lehenetsiko diren eztabaidak eta ekarpenak: ekonomia suspertzea, ekoizpen-eredua modernizatzea; gizarte-babeseko eta zaintzako sistemak indartzea; eta zerga-sistema hobetzea.

 

Reactivar Navarra-Nafarroa Suspertu Plana Nafarroako Gobernuak sustatu du ahalik eta azkarren erantzutearren koronabirusak sortutako krisi ekonomiko, sozial eta sanitarioaren aparteko larritasunari.