2019ko urtarrilaren 28ko bilkura
NAFARROAKO PARLAMENTUKO MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR, ASTELEHENA, URTARRILAK 28, EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK
Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura egin dute gaur –astelehena, urtarrilak 28–, 10:00etan, eta honako erabaki hauek hartu dituzte:
Izapidetzeko onartu diren gaiak eta hartu diren erabakiak:
FORU LEGE PROIEKTUAK:
- Gizarte zerbitzu publikoak kudeatzeko Nafarroako Fundazioa abian jartzeko 153.000 euroko kreditu berezi bat ematekoa. Proiektua irakurketa bakarreko eta presako prozeduraren bidez tramitatuko da Osoko Bilkuran. Osoko Bilkura izapidetu aurretik agerraldi bana eginen dira Batzordean, UPNk eskatuta: bata Aurrekontuko zuzendari nagusiarena, Eskubide Sozialetako Departamentuan fundazio bat sortzeari buruz Aurrekontu eta Finantza-politikako Zerbitzuak eginiko txostena eta Aurrekontu eta Finantza-politikako Zerbitzuak aipatu foru lege proiektuari buruz eginiko txostena azaltzeko, eta bestea Kontu-hartze Orokorraren Zerbitzuko zuzendariarena, azaltzeko zerk justifikatzen duen Kontu-hartze Orokorraren etendura-eragozpena, fundazioaren sorrera onesten duen Gobernuaren akordio-proposamena fiskalizatu ostean.
- Nafarroan kirol arloko lanbideetan hasi eta aritzeari buruzkoa.
FORU LEGE PROPOSAMENAK:
- Mahaiak erabaki du Nafarroako Kontseiluari igortzea Parlamentuko Zerbitzu Juridikoen txostena, zeinean aztertzen baita ea Eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimei errekonozimendua eta ordaina emateko Foru Lege proposamenak Konstituzio Auzitegiaren doktrina, 2018ko uztailaren 19ko 85/2018 epaian ezarria, urratzen duen. Mahaiak orobat erabaki du Nafarroako Kontseiluari eskatzea Eledunen Batzarrak gai hori dela-eta eskatutako txostena azter dezan.
Bestalde, Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Parlamentuko Zerbitzu Juridikoek egindako txostena, zeinean aztertzen baita ea Eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimei errekonozimendua eta ordaina emateko Foru Lege proposamenak Konstituzio Auzitegiaren doktrina, 2018ko uztailaren 19ko 85/2018 epaian ezarria, urratzen duen.
Legebiltzarreko Zerbitzu Juridikoen txostenak honako ondorio hauek jasotzen ditu:
“Lehena.- Konstituzio Auzitegiaren uztailaren 19ko 85/2018 zenbakiko epaiak ez zuen osorik baliogabetu apirilaren 10eko 16/2015 Foru Legea, eta ez zituen auzitan jarri eskuin muturreko taldeen edo funtzionario publikoen indarkeriazko jardunak eragindako motibazio politikoko biktimen errekonozimendurako eta erreparaziorako neurriak. Halere, epaiak dio Botere Judizialari esleitutako eginkizunak eragozten eta ordezten dituztela Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordeari esleitzen zaizkion ahalmenek –pertsonen bizitzaren edo osotasunaren aurkako egintzak, pertsonaren heriotza ekarri dutenak edota lesio larri edo iraunkorrak eragin dituztenak, ikertzeko eta argitzeko–; izan ere, kalte egiten diote Konstituzioaren 117. artikuluan ezartzen den jurisdikzio-erreserbaren printzipioari.
Bigarrena.- Aztertutako lege proposamenak apirilaren 10eko 16/2015 Foru Legearen aurkako konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa jartzea eragin zuen arazo bera dakar; honako hau, alegia: Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordeari esleitzen zaizkion ikerketa-ahalmenak eta epaitegiek eta auzitegiek berezkoak dituzten eginkizunak –epaitzea eta epaitutakoa betearaztea– ustez nahastea, halako moduan non Konstituzio Auzitegian aurkaratuko balitz, auzitegi horrek uztailaren 19ko 85/2018 zenbakiko epaian esandako gauza bera esan bailezake, eta legearen hainbat artikulu baliogabetu.
Hirugarrena.- Apirilaren 10eko 16/2015 Foru Lege indardunaren espiritua berresten duen xedapen baten aurkako konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa jartzea ekidite aldera proposatzen da –esparru objektibo bera esleitzen baitio Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordearen ikerketa-jardunari– salatutako egintzak ikertzeko eta finkatzeko eginkizunak mugatzea arau-hauste penala izanen ez liratekeen egintzetara, edo iragandako denboraren kariaz preskribatuta egonen liratekeenetara, halako moduan non batzordearen jardunak ez bailuke Botere Judizialaren berezko jarduna oztopatuko”.
(Ohar honekin batera doa txosten juridikoa).
Azkenik, Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroako Gobernuaren erabakia, zeinaren bidez adierazi baitu ados dagoela Eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimei errekonozimendua eta ordaina emateko Foru Lege proposamena aintzat hartu izanarekin.
- Nafarroako sinboloei buruzkoa. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Ana María Beltrán Villalba andreak aurkeztu du.
MOZIOAK:
- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da Mahai Sektorialean dauden sindikatu guztiak hezkuntza hitzarmenaren jarraipen batzordean egon daitezela agin dezan. Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioko María Teresa Sáez Barrao andreak aurkeztu du.
- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da doakoak izan daitezen turismo-ibilgailuek AP-15ean 24 orduan egiten dituzten joan-etorriak. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioak aurkeztu du.
- Horren bidez, Espainiako Gobernua premiatzen da Espainiako lurralde osoan gaztelania askatasunez eta berdintasunez erabili ahal izatea berma dezan. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko eledun Ana Beltrán Villalba andreak aurkeztu du.
AGERRALDIAK:
- Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren eta Legebiltzarreko Zerbitzu Juridikoen txosten-oharraren berri izan ondoren, ez ditu izapidetzeko onartu Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioko Laura Lucía Pérez Ruano andreak egindako Arartekoaren bi agerraldi-eskaera, xede zutenak, batetik, Arartekoak baloratzea ea bere ustez herritarren eta, zehazki, Alde Zaharreko bizilagunen oinarrizko eskubideak urratu ote ziren ikuskatzaileek Rozalejoko Markesaren higiezinean esku hartzean, beren zirkulazio-eskubidea nahiz oinarrizko bake eta bizikidetza arauak murriztu baitira auzoan egindako polizia-dispositiboaren ondorioz, eta bestetik, ea Huertas de Peralta enpresako plantillaren oinarrizko greba-eskubidea urratu den, informatzeko eskubidea eta greba-eskubidea modu baketsuan baliatu dutenean poliziaren errepresioa pairatu baitute, eta eragotzi egin baita enpresa-komiteak egiaztatu ahal izatea grebalarien balizko ordezkatze ilegala.
Txosten-oharrak ondorioztatzen duenez, “ez dira Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioko Laura Lucía Pérez Ruano andreak egindako Arartekoaren agerraldi-eskaerak izapidetu behar, baina hori ez da eragozpen izanen Arartekoari egoki iritzitako kexa aurkez dakion, Arartekoari buruzko Foru Legean xedatutakoaren babesean, hark kasuko ikerketak abiaraz ditzan eta, kasua bada, kexa onar eta izapidetu dadin eta, hala egiten baldin badu, Arartekoak kasuko ebazpena eman dezan”.
- Osasuneko kontseilariarena, Osasun Departamentuak oinarrizko osasun laguntzaren esparruan egindako jarduketei buruz informa dezan. Nafarroako Gobernuak aurkeztu du.
-Geroratu egin da Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariaren agerraldi-eskaera, Rozalejoko Markesaren jauregia 2019ko urtarrilaren 20an berriro indarrez hartu zenean Foruzaingoari emandako aginduak eta gero izandako jokabidea azal ditzan. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Ana María Beltrán Villalba andreak aurkeztu du.
- Batzordearen informazio-bilkura batean, Nafarroako Gobernuak urtarrilaren 23ko erabakia azalduko du, zeinaren bidez foru erkidegoaren intereseko inbertsio deklaratzen baita Nafarroako Erriberan 166 MW-ko proiektu eoliko bat abian jartzeko eta ustiatzeko enpresa-proiektua, ENHOL SL taldeak sustatua.
LAN-BILKURAK ETA BISITAK:
- Nafarroako CCOO sindikatuko Osasun Federazioarekin, osasungintzako langile guztientzako lanbide-karrerari buruz egiten duten proposamena azal dezaten. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko María Victoria Chivite Navascués andreak aurkeztu du.
- Unicef-en ordezkariekin, Haurrei eta nerabeei indarkeriaren aurrean babes integrala emateari buruzko Lege Organikoaren aurreproiektua eta horrek Nafarroako araudian duen eragina azter eta azal ditzaten. Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioko María Teresa Sáez Barrao andreak aurkeztu du.
- Giza Eskubideak eta Osasun Mentala Plataformaren ordezkariekin, beren helburuak eta Nafarroako Ospitaleguneko Ospitalizazio Psikiatrikoaren Unitateko euste mekanikoei buruz argitaratutako datuek eragindako kezka eta islatzen duten egoera azal ditzaten, eta Oviedoko Hitzarmenaren 2018ko Protokolo Gehigarriari buruz informa dezaten. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.
- Laguntza-entitateen Nafarroako Elkartearen eta Erruki Etxearen ordezkariekin, Nafarroako zahar-etxeen egoeraren berri eman dezaten eta Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziak aurkeztutako toki publikoei buruzko esparru-akordioaren zirriborroa dela-eta egiten duten balorazioa aurkez dezaten. Unión del Pueblo Navarro, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Nafarroako Alderdi Popularreko eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteek aurkeztu dute.
- Mugimendu feministaren ordezkariekin, martxoaren 8rako deituta dagoen greba feminista dela-eta egiten duten planteamendua azal dezaten, “greba feministaren gaineko hausnarketarako, antolaketarako eta komunikaziorako” egin duten dosierra oinarri. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.
- Osasun Mentaleko Zuzendaritzako Ospitalizazio Zerbitzuko buruarekin, Ospitaleguneko Psikiatria Zerbitzuko buruarekin eta Osasun Mentaleko kudeatzailearekin, Nafarroako Ospitaleguneko Ospitalizazio Psikiatrikoaren Unitateko euste mekanikoei buruz eta osasun mentaleko zerbitzuen erabiltzaileen eskubideekiko errespetuari buruz informa dezaten. Geroa Bai eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.
BATZORDE BEREZIAK ETA PONENTZIAK:
- Ponentzia bat eratzeko proposamenari emandako sinadura erretiratzea. Ponentziak xede du enpresa pribatuen eta administrazio publikoaren artean zerbitzuak eta lanak kanpoan nahiz barruan kontratatzeko prozesuetan jarraitu beharreko zuzenbidezko prozedurak aztertzea. Geroa Bai talde parlamentarioak aurkeztu du.
AHOZKO GALDERAK:
- Oinarrizko Osasun Laguntzako pediatriari dagokionez 2018ko ekainetik aitzina abian jarritako neurriei buruzkoa. Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioko María Teresa Sáez Barrao andreak aurkeztu du.
- Eskubide Sozialetako Departamentuak mankomunitateei eta oinarrizko gizarte zerbitzuei igorritako finantzaketa-hitzarmen berriei buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Nuria Medina Santos andreak aurkeztu du.
- Finantzaketa, kudeaketa eta aurrezki entitate publiko bat sortzeko aukeraren aitzinean Nafarroako Gobernuak daukan jarrerari buruzkoa. EH Bildu-Nafarroa talde parlamentarioko Maiorga Ramírez Erro jaunak aurkeztu du.
- Osasun-kostuen eta egoitzetako erabiltzaileek ordaintzen dituzten tarifen arteko harremanari buruzko txosten bat aurkeztera premiatzen zuen mozioa betetzeari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko María Asunción Fernández de Garayalde Lazkano Sala andreak aurkeztu du.
GALDERA IDATZIAK:
- Zaintzaile, gerokultore, etxez etxeko laguntzako laguntzaile eta laguntzaile pertsonaleko lanbide-kategorietarako behin-behineko gaikuntza eskatu duten pertsonei buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Maribel García Malo andreak aurkeztu du.
- Zaintzaile, gerokultore, etxez etxeko laguntzako laguntzaile eta laguntzaile pertsonaleko lanbide-kategorietarako behin-behineko gaikuntza jaso duten pertsonei buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Maribel García Malo andreak aurkeztu du.
- Abenduaren 28ko 26/2018 Errege lege-dekretuan jasotako neurri berberak edo gisakoak Nafarroan aplikatzeari buruzkoa. Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteko José Miguel Nuin Moreno jaunak aurkeztu du.
- Bonu jasangarrien bidez zor publikoa hartzeari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Maiorga Ramírez Erro jaunak aurkeztu du.
- Nafarroako herrietako populazio-galera dela-eta Nafarroako Gobernuak egindako azterlanari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Maiorga Ramírez Erro jaunak aurkeztu du.
- Triman Minerals enpresari buruzkoa. Bildu-Nafarroa parlamentu-taldeko Maiorga Ramírez Erro jaunak aurkeztu du.
BESTELAKO GAIAK:
- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute txosten-oharra, zeinaren bidez argitzen baita ea Parlamentuko lehendakariak abstenitu egin behar ote zuen –edo parte hartu ez– Parlamentuko Mahaiaren urtarrilaren 8ko bozketan, zeinean erabaki baitzen berari eragiten zion idatzi baten izapidetzea geroratzea, halako moduan non izapidetu izan balitz Nafarroako Parlamentuko lehendakari izateari utziko baitzion berehala. Txosten-oharra PPNko foru parlamentarien elkarteak eskatuta egin da.
Legebiltzarreko Zerbitzu Juridikoek ondorioztatu dutenez, “Lehendakariari ezin zaio exigitu bozketa hartan abstenitzea, Legebiltzarreko Mahaiko gainerako kideen antzera ari baitzen bere eskumeneko auzi bat aztertzen; gainera, Zerbitzu Juridikoek egin berri duten beste txosten batean adierazten den moduan, araututa dago Mahaiak zer eskumen daukan 31.1.b) eta 39.3.d) artikuluetan ezarritako kasuetan, eta, erregelamendu bidez ezarritako betekizunak bete direla egiaztatu ondoren, Legebiltzarreko Zerbitzu Juridikoen aholkua baliatuta, besterik gabeko izapiderik gabe betearazi beharra dago”. (Ohar honekin batera doa txosten juridikoa).
- Mahaiak erabaki du otsailaren 5era arte luzatzea gizarte zerbitzu publikoak kudeatzeko Nafarroako Fundaziorako hiru patronatukide izendatzeko hautagaiak aurkezteko epea, EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak eskatuta.
- Mahaiak Nafarroako Parlamentuaren eta Nafarroako Unibertsitatearen artean 2019an zenbait jarduera egiteko lankidetza hitzarmena onetsi du.
- Mahaiak erabaki du Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean eta Parlamentuaren webgunean argitaratzea foru parlamentariek 2018an jasotako ordainsariak.
- Mahaiak erabaki du txosten-ohar bat egin dezan eskatzea Kontu-hartzailetza Zerbitzuari, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioaren funtsak direla-eta Couso jaunak eta Sáez andreak aurkeztutako idazkiei buruz.
- Gai-zerrendatik kanpo, Mahaiak erabaki du txosten-ohar bat egin dezaten eskatzea Zerbitzu Juridikoei, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioko Laura Lucía Pérez Ruano andreak aurkeztutako idazki bati buruz, zeinean hainbat gogoeta egiten baititu Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioaren eledunak zenbait foru parlamentari botatzeko aurkeztutako idatziari buruzko txosten juridikoari dagokionez.
- Gai-zerrendatik kanpo, Mahaiak ez du onartu Tere Sáez Barrao andreak aurkeztutako idazki bat, zeinean eskatzen baitzuen ez dakion aplika –ezta gainerako foru parlamentariei ere– ordainsarien % 2,20ko igoera.
ADIERAZPEN INSTITUZIONALAK:
- Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak pozez hartzen baitu enpresei eta giza eskubideei buruz Nazio Batuen hitzarmen lotesle bat taxutzeko hasitako lana. UPN, Geroa Bai, EH Bildu eta PSN talde parlamentarioek eta PPNko foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.
Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
“Nafarroako Parlamentuak pozez hartzen du enpresei eta giza eskubideei buruz Nazio Batuen erakundearen itun lotesle bat taxutzeko hasitako lana, ustez enpresen erantzukizun soziala areagotzea –baita jantzigintzako sektorearena ere– ekarriko baitu.
Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Europako Parlamentuaren eskariarekin, zeinaren bidez Europako Batzordeari eskatu baitio diligentzia egokiari buruzko betebeharrei buruzko legeria loteslea aurkez dezan jantzigintzako sektoreko hornidura-kateentzat.
Nafarroako Parlamentuak azpimarratu egin nahi du legeria-proposamen horrek bat etorri behar duela jantzigintzako eta zapatagintzako sektoreko diligentzia egokiari buruz ELGEk emandako jarraibide berriekin, Europar Batasunera inportatzen duten enpresa multinazionalentzako ELGEk emandako jarraibideekin, LANEk hornidura-kateetako lana duinari buruz emandako ebazpenekin eta giza eskubideen, eskubide sozialen nahiz ingurumen-eskubideen arloan nazioartean adostutako arauekin”.
- Eledunen Batzarrak ez du onetsi adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi egiten baitu Nicolás Maduroren Venezuelako erregimen diktatoriala. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.
UPNk eta PPNk alde bozkatu dute; Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik, PSNk eta I-Ek, berriz, aurka.
Onetsi ez den adierazpen instituzionalak honako hau zioen:
“1.- Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi egiten du Nicolás Maduroren Venezuelako erregimen diktatoriala, eta Venezuela demokratiko eta aske baten aldeko errebindikazioak babesten ditu.
2.- Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernuari eskatzen dio Venezuelako lehendakari gisa onar dezan Juan Guaidó, harik eta hauteskunde libre eta demokratikoak egin arte”.
- Eledunen Batzarrak ez du onetsi adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak adierazten baitu Nicolás Maduro lehendakariaren zilegitasuna, prozesu konstituziogilea eta lehendakaritzarako hurrengo hauteskundeak onartzen baititu. EH Bildu, Orain Bai eta Izquierda-Ezkerrak aurkeztu dute.
EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta Izquierda-Ezkerrak alde bozkatu dute; UPN, PSNk eta PPNk, berriz, aurka. Geroa Bai hirugarren puntuaren aurka bozkatu du eta abstenitu egin da lehenengoan, bigarrenean eta laugarrenean.
Onetsi ez den adierazpen instituzionalak honako hau zioen:
Nafarroako Parlamentuak ondokoa adierazten du:
1. Onartu egiten ditugu Nicolás Maduro lehendakariaren zilegitasuna, prozesu konstituziogilea eta lehendakaritzarako hurrengo hauteskundeak. Prozesu horiek berme juridiko eta politiko guztiekin egin ziren, Venezuelako Konstituzioarekin guztiz bat. Hauteskundeetan, zeinetan Nicolás Madurok sei milioi boto baino gehiago lortu baitzituen, hauteskunde-berme guztiekin egin ziren.
2. Zeharo baztertzen eta gaitzesten dugu Nicolás Maduro kargutik kentzea eta Batzar Nazional Konstituziogilea aintzat ez hartzea bilatzen duen estrategia inperialista, biak ala biak herriaren borondatearen isla baitira. Gerra ekonomiko, diplomatiko eta indarkeriazko estrategia inperialista horren atzean dagoena da Iraultza Bolivartarra suntsitzeko oligarkiaren desioa, bere jokabide politikoaren erdigunean jarri duena Venezuelako herriak bizitza duin baterako eskubidea duela, burgesiaren interesen gainetik.
3. Argi eta garbi adierazi nahi dugu Venezuelaren arazoak venezuelarrek konpondu behar dituztela, Venezuelako estatuan dauden bide legal eta demokratikoak baliatuta. Onartezina da Latinoamerikako herrialdearen ezegonkortze ekonomiko, politiko eta soziala bilatzen duen kanpo-injerentzia oro. Estatu Batuek eta Europar Batasunak, nazioarteko inperialismoaren erakuslerik gorenetakoak diren aldetik, Venezuela bakean utzi behar dute, eta herriak hartutako erabakiak errespetatu.
4. Adierazpen hau Venezuelak Espainian duen enbaxadari jakinaraz dakion eskatzen du”.