Noiz argitaratua Astelehena, 2019.eko Urriak 14

2019ko urriaren 14ko saioa

NAFARROAKO PARLAMENTUKO MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR, ASTELEHENA, URRIAK 14, EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK

 

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura egin dute gaur –astelehena, urriak 14–, 10:00etan, eta honako erabaki hauek hartu dituzte:

 

Izapidetzeko onartu diren gaiak eta hartu diren erabakiak:

 

INTERPELAZIOAK:

- Trafiko arloko eskumenak Nafarroari eskualdatzeko baliatu den politika orokorrari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Adolfo Araiz Flamarique jaunak aurkeztu du.

 

MOZIOAK:

- Horren bidez, Espainiako Gobernua premiatzen da sortu beharreko fiskal-lanpostuak sor ditzan, Nafarroako populazio osoari zerbitzu emateko. Geroa Bai talde parlamentarioko Blanca Isabel Regúlez Álvarez andreak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak bat egiten du 'Medicamentos a un Precio Justo’ legegintzako herri-ekimenarekin, Diputatuen Kongresuan eztabaidatu dadin. Nafarroako Alderdi Sozialista eta Geroa Bai talde parlamentarioek, Nafarroako Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da Nafarroako Arkeologiako plan zuzendaria taxutu dezan. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da kultur intereseko ondasun deklara ditzan Oronozko eta Endarlatsako zentral hidroelektrikoak. Navarra Suma talde parlamentarioko Isabel Olave Ballarena andreak aurkeztu du.

- Horren bidez, Lurralde Kohesiorako Departamentua premiatzen da abian jar dezan lantalde bat, tokiko administrazio osoan administrazio elektronikoa ezartzeko lanak koordinatuko dituena. Geroa Bai talde parlamentarioko Pablo Azcona Molinet jaunak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da kontuan har dezan, harrera-planak eta -programak taxutzen dituenean, emakumeak eta neskatoak bereziki zaurgarriak direla klima aldaketen inpaktuaren aitzinean, lekualdatzeen arriskua areagotzen baitute. Nafarroako Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

 

AGERRALDIAK:

- Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariarena, Banda Zabaleko Sarea eta telefoniako nahiz datuetako sare mugikorraren 5. belaunaldia (5G) ezartzeko Planaren jarraipena azal dezan; bereziki, azken miliaren bidezko jarraitutasuna. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Antonio Javier Lecumberri Urabayen jaunak aurkeztu du.

- Migrazio Politiketako eta Justiziako zuzendari nagusiarena, administrazio-egoera irregularrean dauden pertsonentzako osasun-laguntza fakturatzeko prozedura azal dezan. Navarra Suma talde parlamentarioko Jorge Esparza Garrido jaunak aurkeztu du.

- Eskubide Sozialetako kontseilariarena, Gizarte Zerbitzuen Fundazio Publikoaren funtzionamenduari, egungo kudeaketa-planari eta etorkizunera begirako aurreikuspenei buruz informa dezan. Navarra Suma talde parlamentarioko Marta Álvarez Alonso andreak aurkeztu du.

- Idazkera berriaren zain geratu da Hezkuntzako kontseilariaren agerraldia, Nafarroan 2019-2020 ikasturtean derrigorrezko ikasketen ondoko unibertsitateaz kanpoko ikasketak nahiz unibertsitate-ikasketak egiten dituzten ikasleentzako beken deialdi orokorra azal dezan. Navarra Suma talde parlamentarioko Pedro José González Felipe jaunak aurkeztu du.

- Lurralde Kohesiorako kontseilariarena, bidaiarien garraio publiko erregularraren zerbitzua dela-eta darabiltzan lan-ildoak azal ditzan. Navarra Suma talde parlamentarioko Javier García Jiménez jaunak aurkeztu du.

- Lurralde Kohesiorako kontseilariarena, Nafarroako bidaiarien hiriarteko garraioaren plan integrala zertan den azal dezan. Nafarroako Alderdi Sozialista eta Geroa Bai talde parlamentarioek, Nafarroako Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

- Kultura eta Kiroleko kontseilariarena, Eslabako Santa Criz aztarnategian esku hartzeko plana dela-eta Departamentuak zer egin nahi duen azal dezan. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Adolfo Araiz Flamarique jaunak aurkeztu du.

- Nafarroako Foru Komunitateko Fiskaltzako fiskal nagusiarena, 2018ko oroitidazkia aurkez dezan. Nafarroako Foru Komunitateko Fiskaltzak aurkeztu du.

- Unibertsitateko, Berrikuntzako, eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariarena, azal dezan Nafarroako Foru Komunitatean zertan den banda zabaleko sarerako sarbidea. Navarra Suma talde parlamentarioko Ángel Ansa Echegaray jaunak aurkeztu du.

- Herritarrekiko Harremanetako kontseilariarena, Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan euskararen erabilera arautzen duen 103/2017 Foru Dekretuari buruzko epaien balorazioa errealitate soziolinguistikotik eta herritarren eskubideen abiatuta egin dezan. Nafarroako Gobernuak aurkeztu du.

- Hezkuntzako kontseilariarena, Sarrigurengo Joakin Lizarraga Ikastetxe Publikoan desgaitasunen bat eta hezkuntza premia bereziak dauzkaten ikasleen egoera zein den informa dezan eta ikasle horiek hezkuntza-erkidegoan erabat integratzen direla bermatzeko hartuko diren neurriak azal ditzan. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

- Eskubide Sozialetako kontseilariarena, Familiei, haurrei eta nerabeei laguntza emateko 2017-2023 urteetarako II. Plan Integraleko ekitaldi ekonomiko bakoitzean orain arte betetako ekintzei buruz informa dezan. Navarra Suma talde parlamentarioko Marta Álvarez Alonso andreak aurkeztu du.

 

LAN-BILKURAK ETA BISITAK:

- ANANAR-Asociación Navarra de Amianto-Nuevo Amanecer Respirando elkartearen ordezkariekin, elkartearen helburuak azal ditzaten. Navarra Suma, Nafarroako Alderdi Sozialista, Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek, Nafarroako Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

- UNICEFen El Salvadorko ordezkari Begoña Arellano Pastor andrearekin, giza-mugikortasuneko egoeretan UNICEFek egiten duen lana azal dezan. Navarra Suma, Nafarroako Alderdi Sozialista, Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek, Nafarroako Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

- Nafarroako Unibertsitate Publikora. Navarra Suma, Nafarroako Alderdi Sozialista, Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek, Nafarroako Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde mistoak aurkeztu dute.

 

BATZORDE BEREZIAK ETA PONENTZIAK:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Batzordearen erabakia, urriaren 2koa, zeinaren bidez sortu baita Nafarroan apustu-etxeak arautzeko ponentzia.

 

- Ekialdeko Pirinioei buruzko ponentzia parlamentarioaren txostena betetzeari buruzko jarraipena eta kontrola egiteko Batzorde Berezirako arauak onetsi dira. Batzordea Nafarroako Parlamentuko Mahaiaren 2019ko urriaren 7ko erabakiaren bidez, Eledunen Batzarrak erabakia hartu ondoren, eratu zen.

 

Talde parlamentarioek eta parlamentarien elkarteak heldu den 2019ko urriaren 17ko 13:30ak baino lehen jakinaraziko diote Legebiltzarreko Mahaiari zein diren haiek batzordean izanen dituzten ordezkariak.

 

Batzordea eratzeko bilkuran batzordeburua hautatuko da; hura ez badago, batzordekiderik zaharrena ariko da haren ordez. Batzordeari laguntzen dion legelaria izanen da batzordeko idazkari.

 

Batzordeak laguntza eta lankidetza eskatzen ahalko dizkio Nafarroako Gobernuari, eta, Legebiltzarreko Lehendakaritzaren bidez, egoki jotzen dituen kargudun eta funtzionarioak lantaldera etor daitezen eskatu ahalko du, edo beharrezkoak diren txostenak egin daitezen. Orobat eskatzen ahalko du arlo horretako beste pertsona eta aditu batzuk ere etor daitezen.

 

Batzordeen bilkurak ez dira jendaurrekoak izango. Halarik ere, hedabideen ordezkariak, nortasuna behar bezala egiaztatuta, batzordeetara joaten ahalko dira, bilkura horiek isilpekoak direnean izan ezik. Hedabideak joan daitezkeen bilkurak ikus-entzunezko bitartekoak erabiliz erretransmititzen ahalko dira.

 

Batzordeen bilkurak isilpekoak izanen dira bere kideen gehiengo osoak hala erabakitzen duenean, kasuko batzordeburuak, bi talde parlamentariok edo batzordeko kideen bostenak hala eskaturik. Isilpeko izaerako bilkura bat bukatu ondoren, batzordeburuak hartu diren erabakien berri ematen ahalko die hedabideei.

 

Batzordea agindutako lana bukatzean iraungiko da eta, betiere, legegintzaldia amaitzean.

 

AHOZKO GALDERAK:

- Eskaria, batzordean izapidetu dadin Nafarroako Siemens Gamesaren produkzioaren balizko deslokalizazioari buruzko galdera. Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoko María Luisa De Simón Caballero andreak aurkeztu du.

- Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin etxebizitzarik gabeko familiak babesteko egin beharreko lankidetza-hitzarmenari buruzkoa. Nafarroako Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteko Ainhoa Aznárez Igarza andreak aurkeztu du.

- Nafarroako Enpresaburuen Zirkuluak aurkeztutako ondorioei buruzkoa. Nafarroako Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteko Mikel Buil García jaunak aurkeztu du.

- Programa-akordioaren helburuak betetzeko behar diren finantzaketa-bermeei buruzkoa. Nafarroako Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteko Mikel Buil García jaunak aurkeztu du.

- AEBetan muga-zergak igotzearen eta Erresuma Batuan Brexit bortitza egitearen ondorio ekonomikoak arintzeko neurriei buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Ainhoa Unzu Gárate andreak aurkeztu du.

- Lurralde Kohesiorako Departamentua eskualdeak sortze aldera egiten ari denari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Yolanda Ibáñez Pérez andreak aurkeztu du.

- Jakiteko ea Inbertsio finantzarioki jasangarrien Planaren baitan finantzatutako inbertsioak zertan diren. Navarra Suma talde parlamentarioko Yolanda Ibáñez Pérez andreak aurkeztu du.

- Jakiteko ea Nafarroako Gobernuak zer plan duen Nafarroan langile autonomoen kopuruaren jaitsiera leuntzeko. Navarra Suma talde parlamentarioko Alberto Bonilla Zafra jaunak aurkeztu du.

- Erregio mailako lehiakortasuna galtzeari buruzkoa. Geroa Bai talde parlamentarioko Mikel Asiain Torres jaunak aurkeztu du.

- Erripagaineko Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko María Aranzazu Biurrun Urpegui andreak aurkeztu du.

- Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak finantzatzeko Foru Dekretu berria onesteari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Nuria Medina Santos andreak aurkeztu du.

- AP-15aren doakotasunari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Javier García Jiménez jaunak aurkeztu du.

- Kultur ohiturei eta praktikei buruzko 2018-2019 Inkestari buruzkoa. Geroa Bai talde parlamentarioko Jabi Arakama Urtiaga jaunak aurkeztu du.

- Jakiteko ea Erriberako zenbait herritan zergatik ez den helduentzako euskarazko eskolarik eskaintzen. Geroa Bai talde parlamentarioko Jabi Arakama Urtiaga jaunak aurkeztu du.

 

GALDERA IDATZIAK:

- Gizarte zerbitzuetan politika publikoetako beste esparru batzuekin integratutako lana bultzatzeko lan-ildoei buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Patricia Perales Hurtado andreak aurkeztu du.

- Ospitaleko Zaintza Unitate bat irekitzeari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Bakartxo Ruiz Jaso andreak aurkeztu du.

- Mendigorria-Garesko osasun barrutia berrantolatzeari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Bakartxo Ruiz Jaso andreak aurkeztu du.

- Eslabako Santa Criz aztarnategiak ukitutako finkak desjabetzeko prozedurari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Adolfo Araiz Flamarique jaunak aurkeztu du.

- “TRACASA Instrumental sozietateari eginiko enkargua, kobrantzen, jakinarazpenen eta lan osagarrien kudeaketa zerbitzuak egin ditzan” 1550003 17830 2272 932100 (E) aurrekontuko partidari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Adolfo Araiz Flamarique jaunak aurkeztu du.

 

GOBERNUAREN BESTELAKO EKIMENAK (HITZARMENAK, FORU DEKRETUAK, KOMUNIKAZIOAK, PLANAK ETA PROGRAMAK):

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute 2019ko hirugarren hiruhilekoari dagozkion zorpetze-eragiketei buruzko informazioa.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute 2019ko hirugarren hilekoari dagozkion zorpetze-eragiketak ituntzeko baimenei buruzko informazioa.

 

KONTUEN GANBERAREN TXOSTENAK ETA AURREKONTUEN KONTROLA:

- Mahiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eginiko aurrekontu-aldaketei buruzko legezkotasunezko txostena. Aldaketa horiek 2019ko ekainean, uztailean eta abuztuan igorri ziren Parlamentura.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Kontuen Ganberak Urdazubiko Udalaren 2015, 2016, 2017eta 2018ko ekitaldiei buruzko txostena egiteko eskaria aintzat hartzea.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Jurramendiko Mankomunitateko eta SMSA eta SERTECMA osatzen dituzten sozietate anonimoetako lehendakaritzaren azken lau urteotako –2015etik gaur bitarteko– ordainsariei, dietei eta abarrei nahiz langileen kontratazioari buruzko fiskalizazio-txostena egiteko eskaria aintzat hartzea.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Lodosako Udalaren azken 8 ekitaldietako –2011tik gaur bitarteko– langileen kontratazioaren legezkotasunari buruzko fiskalizazio-txostena egiteko eskaria aintzat hartzea.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Ribaforadako Udalaren azken 8 ekitaldietako –2011tik gaur bitarteko– langileen kontratazioaren legezkotasunari buruzko fiskalizazio-txostena egiteko eskaria aintzat hartzea.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Esteribarko Udalaren azken 8 ekitaldietako –2011tik gaur bitarteko– fiskalizazio-txostena egiteko eskaria aintzat hartzea.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Lekunberriko Udalaren azken hamar ekitaldietako –2009tik gaur bitarteko– langileen kontratazioari, ordainsariei eta funtzionarizazioari buruzko fiskalizazio-txostena egiteko eskaria aintzat hartzea.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Zangozako Udalaren eta Musika Eskolaren Udal Patronatuaren azken 8 ekitaldietako –2011ko ekainetik gaur bitarteko– langileen kontratazioari eta ordainsariei buruzko fiskalizazio-txostena egiteko eskaria aintzat hartzea.

 

BESTELAKO GAIAK:

- Mahaiak jasotzat eman ditu Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Eskola Kontseilurako edo Hezkuntzako Batzorde Nagusirako eta Tokiko Kontseiluetarako izendatu beharreko bi kideak hautatzeko aurkeztutako hautagaitzak: Navarra Sumak (NA+) Pedro González Felipe eta Javier García Jiménez jaunak aurkeztu ditu; Nafarroako Alderdi Sozialistak Patricia Fanlo Mateo andrea aurkeztu du eta Geroa Baik Jabi Arakama jauna aurkeztu du.

- Mahaiak erabaki du jasotzat ematea neurri urgenteei buruzko legegintzako foru dekretu bat onesteari buruzko eskari-idazkia. Marimar De Castro Goñi andreak aurkeztu du.

 

ADIERAZPEN INSTITUZIONALAK:

 

- Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du adierazpen instituzional bat, urriaren 19an Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Eguna ospatzearen karietara. Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek, Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra Talde Mistoak aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

"Nafarroako Parlamentuak honako adierazpen instituzional hau onesten du, urriaren 19an Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Eguna ospatzen dela-eta:

 

1. Egun horren karietara Nafarroan egiten diren ekitaldien alde dago, eta nafar herritarrei dei egiten die horietan parte har dezaten, bereziki, Bularreko Minbiziaren aurkako VIII. Lasterketa Solidarioan, zeina urriaren 27an eginen baita.

 

2. Ekitaldi instituzional bat egitea Nafarroako Parlamentuan heldu den urriaren 18an, 12:00etan eta bertara gonbidatzea Nafarroako Gobernua, foru parlamentariak, Saray elkartea, herritarrak oro har eta bai eta hedabideak ere.

 

3. Urriaren 18 eta 19an Nafarroako Parlamentuaren egoitzako fatxadan olan bat jartzea arrosa koloreko xingolarekin, hori baita bularreko minbiziaren aurkako borrokaren ikurra, eta fatxada arrosa kolorez argiztatzea”.

 

- Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioarekin. Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek, Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak bere erabaki irmoa berresten du:

 

1. Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioaren esparruan aldarrikatutako eskubide eta printzipioak aldeztu eta babesteko, eta horien erabateko baliagarritasuna lortzeko neurri zehatz, eskuragarri eta mugatuak hartzeko.

 

2. Konbentzioaren printzipio zuzendariak errespetatzeko: ez diskriminatzearen printzipioa, haurren interes gorena lortzea izatea haurrekin zerikusia duten ekintza guztien xede nagusia; haurren berezko bizitzeko, bizirauteko eta garatzeko eskubidea; haurren eskubidea beren iritzia askatasunez emateko beraiekin zerikusia duten gai guztietan eta iritzi horri merezi duen balioa ematea.

 

3. Foru eskumenei dagokienez ahal diren ahalegin guztiak egiteko, haien edukia betetzen dela ziurtatze aldera, haur-politikak taxutu eta garatzea bultzatuz, gizarte bidezkoago eta berdintasunezkoago baterantz hurbildu ahal izateko.

 

4. 2016ko maiatzaren 2an hartutako konpromisoak garatzeko, egun horretan sinatu baitzen Haurren aldeko Nafarroako Aliantza.

 

5. Haurren aldeko ekintzak eta emaitzak areagotzea tokiko, nazioko eta nazioarteko mailan. Haurrekiko zuzeneko konpromisoa aldarrikatzea mundu osoan: haur bakoitzarekin, eskubide bakoitzarekin, eta xede hori lortzeko ahalegin bateratu bat hedatzea”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bere egiten baitu UNESCOren Tolerantziaren gaineko Printzipioen Adierazpena. PSN, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek, Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

 

Talde parlamentario guztiek adierazpen instituzionalaren alde bozkatu dute, hamazazpigarren puntuan izan ezik, Navarra Suma (NA+) taldeak aurkako botoa eman baitu.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak bere egiten du UNESCOren Tolerantziaren gaineko Printzipioen Adierazpena eta ondokoa adierazten du:

 

1. Tolerantzia gure munduko kultur aniztasun aberatsaren errespetua, onarpena, eta estimua da, bai eta gure adierazpide eta izateko modu gizatiarrena ere. Tolerantzia sustatzeko moduak dira ezagutza, jarrera irekia, komunikazioa eta pentsamendu, kontzientzia eta erlijio askatasuna. Tolerantzia da harmonia desberdintasunean. Ez da betebehar morala soilik, betekizun politiko eta juridikoa ere bada. Tolerantziak, bakea ahalbidetzen duen bertuteak, gerraren kultura bakearen kulturarekin ordezten laguntzen du.

 

2. Tolerantzia ez da amore ematea, etorkortasuna edo barkaberatasuna. Lehenik eta behin, tolerantzia da giza eskubide unibertsalen eta besteen oinarrizko askatasunen errekonozimenduzko jarrera aktiboa. Inolaz ere erabili ahal da oinarrizko balio horien urraketa justifikatzeko. Tolerantzia norbanakoek, taldeek eta estatuek gauzatu beharrekoa da.

 

3. Tolerantzia da giza eskubideen, aniztasunaren (kultur aniztasuna barne), demokrazia eta zuzenbide estatuaren oinarrian dagoen erantzukizuna. Dogmatismoaren eta absolutismoaren errefusa dakar eta nazioarteko baliabideek giza eskubideen inguruan onetsitako arauak berresten ditu.

 

4. Giza eskubideen errespetuarekin bat, tolerantziaz jardutea ez da injustizia sozialak onartzea ezta norberaren uste sendoei uko egitea edo moldatzea. Esan nahi du pertsona oro aske dela bere usteei atxikitzeko eta onartzen duela besteek ere beren usteei atxikitzea. Esan nahi du onartzea gizakiok, zeinon ezaugarri naturala baita desberdinak izatea itxurari, egoerari, adierazteko moduari, jokamoldeari eta balioei dagokienez, bakean bizitzeko eta garen modukoak izateko eskubidea dugula. Halaber, esan nahi du inork ezin dizkiela inposatu bere iritziak besteei.

 

5. Tolerantziak zuzentasuna eta inpartzialtasuna eskatzen du legeriari, legearen aplikazioari eta botere judizial eta administratiboa egikaritzeari dagokienez. Halaber, eskatzen du pertsona orok aukera ekonomiko eta sozialak izatea inolako diskriminaziorik gabe. Bazterketak eta marjinazioak frustraziora, etsaitasunera eta fanatismora eraman dezakete.

 

6. Gizarte toleranteago bat ezartzeko xedez, estatuek giza eskubideen alorrean dauden nazioarteko itunak berretsi behar dituzte, eta, beharrezkoa denean, legeria berria egin, gizarteko talde eta norbanako guztiei tratu- eta aukera-berdintasuna bermatuko diena.

 

7. Harmonia gailentze aldera, ezinbestekoa da pertsonek, erkidegoek eta nazioek giza familien izaera kultur anitza onartzea eta errespetatzea. Tolerantziarik gabe ezin da bakerik izan, eta bakerik gabe ezin da garapenik eta demokraziarik izan.

 

8. Intolerantziak izan dezake talde ahulen marjinazioaren eta parte-hartze sozial eta politikotik baztertzearen aurpegia, bai eta talde horien aurkako indarkeriaren eta diskriminazioarena ere. Arraza eta arraza aurreiritziei buruko Adierazpenaren 1.2. artikuluan berresten denez, “norbanako eta talde guztiek dute desberdin izateko eskubidea”.

 

9. Mundu modernoan, tolerantzia inoiz baino ezinbestekoagoa da. Gure garai honen ezaugarri dira ekonomiaren mundializazioa eta mugikortasunaren, komunikazioaren, integrazioaren eta elkarmendekotasunaren azkartzea; migrazioaren eta populazioen joan-etorrien hedatzea; urbanizazioa eta eredu sozialen eraldatzea. Munduaren ezaugarri dira aniztasuna eta intolerantziaren eta gatazken areagotzea, eta hori balizko mehatxua da eskualde guztientzat. Mehatxu hori unibertsala da, ez da mugatzen herrialde jakin batera.

 

10. Tolerantzia beharrezkoa da norbanakoentzat, bai eta familia eta komunitatearen barruan ere. Tolerantzia sustatu eta jarrera irekia, elkarri entzutea eta elkartasuna erakutsi behar da eskoletan, unibertsitateetan, eskolaz kanpoko hezkuntzan, eta bai eta etxean eta lantokian ere. Hedabideek eginkizun eraikitzailea izan dezakete, elkarrizketa eta eztabaida aske eta irekiak ahalbidetuz, tolerantziaren balioak zabalduz eta talde eta ideologia intoleranteek gora egitearen aurrean axolagabekeriak dakarren arriskua azpimarratuz.

 

11. UNESCOren Arraza eta arraza aurreiritziei buruko Adierazpenean esaten den moduan, beharrezkoa da neurriak hartzea, beharrezkoa den tokietan, berdintasuna bermatzeko duintasunari eta pertsonen eta giza taldeen eskubideei dagokienez. Horri lotuta, arreta berezia jarri behar da egoera zaurgarrian daude talde ahuletan, horiek indarrean dauden lege eta neurri sozialen bidez babesteko, bereziki etxebizitza, enplegu eta osasun alorretan. Halaber, beharrezkoa da beren kultura eta balioen egiazkotasuna errespetatzea eta haien gizarte- eta lanbide-sustapena eta integrazioa ahalbidetzea, bereziki hezkuntzaren bidez.

 

12. Hezkuntza da intolerantziari aurrea hartzeko tresnarik eraginkorrena. Tolerantziarako hezkuntzaren lehenengo urratsa da pertsonei erakustea zeintzuk diren partekatzen dituzten eskubide eta askatasunak, haiek errespeta daitezen, bai eta besteen eskubide eta askatasunak babesteko borondatea sustatzea ere.

 

13. Tolerantziarako hezkuntza premiazko betebeharra da; hori dela eta, beharrezkoa da tolerantziaren hezkuntzarako metodo sistematiko eta arrazionalak sustatzea, intolerantziaren arrazoi kultural, sozial, ekonomiko, politiko eta erlijiosoak aztertuko dituztenak, horiek baitira indarkeriaren eta bazterkeriaren jatorria. Hezkuntza politikek eta programek lagungarriak izan behar dute norbanakoen arteko zein etnia-, kultur-, gizarte- erlijio- eta hizkuntza-taldeen eta nazioen arteko adostasuna, elkartasuna eta tolerantzia garatzeko.

 

14. Tolerantziarako hezkuntzaren xedeak izan behar du beldurrera eta besteak baztertzera eramaten gaituzten eraginei aurka egitea, eta gazteei lagundu behar die haien judizio burujaberako, pentsamendu kritikorako eta arrazonamendu etikorako ahalmena garatzeko.

 

15. Nafarroako Parlamentuak adierazten du hura osatzen dugun politikariok, herritarren ordezkari garen aldetik, tolerantzia eta aniztasuna sustatuko dituzten diskurtso eta moldeak baliatzeko konpromisoa.

 

16. Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du gizarte zientziei, tolerantziarako hezkuntzari, giza eskubideei eta indarkeria ezari buruzko ikerketa programak babesteko. Horretarako, arreta berezia jarri beharko da irakasleen prestakuntzaren hobekuntzan, ikasketa planetan, eskuliburu, ikastaro eta bestelako material pedagogikoen edukian eta hezkuntzarako teknologia berrietan, Nafarroako Gobernuak 2015az geroztik egiten duen moduan, herritar arduratsuak prestatzeko, besteekiko arreta dutenak, beste kulturekiko irekiak, askatasunaren balioa estimatzen dakitenak, gizakien duintasuna eta desberdintasunak errespetatzen dituztenak, eta gatazkak saihestu edo indarkeriarik gabeko bitartekoak erabilita konpontzeko gaitasuna dutenak.

 

17. Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du tolerantzia eta indarkeriarik eza sustatzen jarraitzeko hezkuntzaren, zientziaren, kulturaren eta komunikazioaren alorreko programa, jarduketa edo ekimenen babesaren bitartez, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak 2015az geroztik egin duen moduan”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak elkartasuna adierazten die Rojavan (Siria) Turkiaren erasoaren ondorioz izandako biktima guztiei. EH Bildu talde parlamentarioak, Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

 

Adierazpenaren 1. eta 2. puntuak aho batez onartu dira. Berriz, 3., 4. eta 5. puntuak Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkartea eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoaren botoekin onetsi dira, eta Navarra Suma eta PSN abstenitu egin dira.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak elkartasuna adierazten die Rojavan hildakoei eta zauritutakoei, bai eta haien familiei ere, beren herrien aurkako bonbardaketa indiskriminatuak pairatu baitituzte.

 

2. Nafarroako Parlamentuak erabat arbuiatzen du Recep Tayyip Erdoganen erregimenak Siriako iparraldean bultzatutako inbasioa eta exigitzen du Turkiaren alde bakarreko ekintza militarra etetea.

 

3. Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernuari eskatzen dio modu argi eta irmoan ager dezan Turkiak Siriako iparraldean burututako inbasioaren eta kurduen garbiketa etnikoaren ahaleginaren aurkako jarrera Europar Batasunaren baitan eta, halaber, eskatzen die Espainiako Gobernuari, EBri eta NBEari lan egin dezaten eraso hori berehala eteteko.

 

4. Nafarroako Parlamentuak eskatzen dio Espainiako Gobernuari erretira ditzan Espainiak Turkian dituen soldaduak eta eten dezan estatu horrekiko arma salmenta egoera konpondu arte.

 

5. Nafarroako Parlamentuak Turkiako enbaxadari, Kanpo Arazoetarako Ministerioari eta Europar Batasuneko nahiz Nazio Batuen Erakundeko organo eskudunei igorriko die adierazpen hau”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak salatzen baitu Ekuadorko herriak bizi izan duen salbuespen egoera. Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek, Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

 

PSNk, Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Nafarroako Podemos-Ahal Duguk eta I-E Talde mistoak aldeko botoa eman dute; Navarra Sumak, berriz, aurkako botoa eman du.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak salatzen du Ekuadorko herriak egun hauetan bizi izan duen salbuespen egoera eta errefusatzen ditu mugimendu indigenen eta Ekuadorko herritarren aurka oro har egikaritu den errepresioa eta egin diren giza eskubideen urraketak.

 

2. Nafarroako Parlamentuak errefusatzen du NMFk Ekuador bezalako herrialdeetan gauzatzen duen eginkizuna, bultzatzen dituen austeritate neurriek gizarteko sektorerik behartsuenak txirotzen baitituzte.

 

3. Nafarroako Parlamentuak dei egiten dio nazioarteari parte har dezan gatazkaren behin betiko konponbidearen jarraipenean, indarkeria eta giza eskubideen urraketa egoera amaitze aldera".