Noiz argitaratua Astelehena, 2019.eko Martxoak 4

2019ko martxoaren 4ko bilkura

NAFARROAKO PARLAMENTUKO MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR, ASTELEHENA, MARTXOAK 4, EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK

 

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura egin dute gaur –astelehena, martxoak 4–, 10:00etan, eta honako erabaki hauek hartu dituzte:

 

Izapidetzeko onartu diren gaiak eta hartu diren erabakiak:

 

FORU LEGE PROIEKTUAK:

- Nafarroako Kontseiluaren eskaria dela eta –dokumentazioa igor dakion Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Bilduma edo Foru Berria aldatzen eta gaurkotzen duen Foru Lege proiektuari buruzko irizpen-eskaria dela eta–, Mahaiak erabaki du Nafarroako Gobernuari eskatzea Nafarroako Foru Zuzenbide Zibileko Kontseilu Arau-emailearen aktak, legegintzaldi honetan bere lanak hasi zituenetik hasita.

 

FORU LEGE PROPOSAMENAK:

- Nafarroako Foru Komunitateak Club Atlético Osasunaren aldeko abal bat ematea baimentzen duena. Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek aurkeztu dute.

 

MOZIOAK:

- Eskaria, Batzordean izapidetu daitezen honako mozio hauek: Nafarroako Gobernua premiatzen duena bosgarren belaunaldiko telefoniaren iriste goiztiarraren aldeko apustua egin dezan eta Nafarroako Gobernua premiatzen duena Nafarroako I+G+b arloko Aholku Kontseiluari eska diezaion Nafarroako Ezagutzaren Transferentziaren egoerari buruzko txosten bat lehenbailehen egin dezan. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Guzmán Miguel Garmendia Pérez jaunak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da Garesko Udalarekiko hitzarmen bat idatz eta sina dezan 2020 eta 2021 urteetarako, “Gares energía” izeneko proiektua abian jartzeko eta betetzeko behar adinako finantzaketa bermatuko duena. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentua premiatzen da hartu beharreko neurriak har ditzan gorrek euskara nahiz beste edozein hizkuntza ikasteko aukera izan eta ziurtagiri ofiziala lortu ahal izan dezaten. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko María Esther Korres Bengoetxea andreak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da hedabideei laguntzeko estrategia berri bat taxutu dezan, azaroaren 11ko 1/2003 Foru Agindua gaurkotu dezan eta Nafarroako Foru Komunitatearen telebistako ekoizpen propioa aldeztu dezan. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du. (9-19/MOC-00026).

 

AGERRALDIAK:

- Osasuneko kontseilariarena, Amiantoaren Plan Zuzendaria aurkez dezan. Nafarroako Gobernuak aurkeztu du.

- Garapen Ekonomikorako kontseilariarena, Navarpluma SL enpresan grebalariak ordeztea ekidite aldera egindako zuzemenak azal ditzan. Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioko Laura Lucía Pérez Ruano andreak aurkeztu du.

- Osasuneko kontseilariarena, Osasun Barrutien araberako Antolamendu Plana aurkez dezan. Nafarroako Gobernuak aurkeztu du.

- Eskubide Sozialetako kontseilariarena, legegintzaldi honetan mendekotasuna artatzearen arloan egindako jarduketak azal ditzan. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

LAN-BILKURAK ETA BISITAK:

- Echechipía París jaunaren komunikazioa, Nafarroako Goi mailako musika kontserbatorioko irakasleen izenean, lan-bilkuran agerraldia egiteari uko eginez.

- British eta PAI programak dituzten Nafarroako ikastetxeen guraso-elkarteen federazioko ordezkariekin, legegintzaldi honetan Ingelesez Ikasteko Programak izan duen garapenari eta tratamenduari buruz duten irizpidea azal dezaten. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- British eta PAI programak dituzten Nafarroako ikastetxeen guraso-elkarteen federazioko ordezkariekin, legegintzaldi honetan Ingelesez Ikasteko Programa dela-eta Nafarroako Gobernuak egindako jarduketei buruz informa dezaten. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

- Nafarroako Lanbide elkargoen ordezkariekin, edozein jarduera ekonomiko abiarazteak dakartzan auziei buruz informa dezaten. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Mónica Domenech Linde andreak aurkeztu du.

- Conservas El Navarricoren La Fábrica Vieja kontserben museora. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Guzmán Miguel Garmendia Pérez jaunak aurkeztu du.

 

AHOZKO GALDERAK:

- Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleei eta Bigarren Hezkuntzako 2. mailako ikasleei 2018-2019 ikasturtean egin zaien ebaluazio diagnostikoko inkesta sozioekonomiko eta kulturalari buruzko galdera erretiratzea. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Jakiteko ea gurasoek edo legezko ordezkariek baimenik eman duten Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleei eta Bigarren Hezkuntzako 2. mailako ikasleei 2018-2019 ikasturtean egin zaien ebaluazio diagnostikoko inkesta sozioekonomiko eta kulturala egiteko. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Jakiteko ea zer irizpide baliatu den Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleei eta Bigarren Hezkuntzako 2. mailako ikasleei egin zaien ebaluazio diagnostikoko inkesta sozioekonomiko eta kulturalean sexuari buruzko atalean “beste aukera batzuez” galdetzeko. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- 2018-2019 ikasturteko ebaluazio diagnostikoko inkesta sozioekonomiko eta kulturalean 1. gurasoa eta 2. gurasoa terminoak erabiltzeari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuan hezkuntzako ikuskatzaile lanpostuak aldi baterako betetzeko izangaien zerrenda bat egiteko deialdian izandako behin-behineko emaitzei buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Ikus-entzunezkoen ekoizpenerako Nafarroako telebistei zuzendutako 2019ko deialdiari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Guzmán Miguel Garmendia Pérez jaunak aurkeztu du.

- “Laneko arriskuen prebentziorako jarduketak. Sektorearteko akordioa sinatu duten entitateak” partidari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Ainhoa Unzu Gárate andreak aurkeztu du.

- Nafarroako Gobernuak Nafarroako ezkutuko ekonomiari eta iruzur fiskalaren diagnostikoari buruzko azterlana ez ezagutarazteko arrazoiei buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Ainhoa Unzu Gárate andreak aurkeztu du.

- Jakiteko ea Hezkuntza Departamentuak zer aurreikusten duen IIP-PAI programan matrikulatu nahi ez duten ikasleentzat baldin eta beren ikastetxean zein herrian bestelako aukerarik ez bada eskaintzen. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko María Esther Korres Bengoetxea andreak aurkeztu du.

- Nafarroako esparru fiskala okertzeari dagokionez Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioak egiten duen balorazioari buruzkoa. Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteko José Miguel Nuin Moreno jaunak aurkeztu du.

- Nafarroako telebistentzako laguntza ekonomikoen banaketari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia jaunak aurkeztu du.

- N-121-A errepidean obra lizitatzeko aurreikuspenari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Carlos García Adanero jaunak aurkeztu du.

- Ribaforadako lurzati-berrantolamenduari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko M.ª Concepción Ruiz López andreak aurkeztu du

- Nafarroari trafikoko eskumenak eskualdatzeko negoziazioari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Ana Beltrán Villalba andreak aurkeztu du. (9-19/POR-00098). Gaurkotasun handikoa.

- Nafarroako Ubideari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Javier García Jiménez jaunak aurkeztu du.

 

GALDERA IDATZIAK:

- Hezkuntza Departamentuko Informazio Sistemen Garapenerako eta Kudeaketarako atalburuak dimisioa emateko arrazoiei buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Altsasuko Josefina Arregui Klinika Psikogeriatrikoko hitzarmenari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko María Asunción Fernández de Garayalde Lazkano Sala andreak aurkeztu du.

- Ribaforadako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Institutu berria bukatu gabe egonik, DBHko 1. mailako ikasleak 2019-2020 ikasturtean eskolatzeari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Ibaien garbiketa dela-eta Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioak egiten duen proposamenari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Maiorga Ramírez Erro jaunak aurkeztu du.

- Nafarroako Ubidea dela-eta Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioak egiten duen proposamenari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Maiorga Ramírez Erro jaunak aurkeztu du.

 

BESTELAKO GAIAK:

 

- Nafarroako Foru Komunitateko jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako bulegoko zuzendaria hautatzeko arauak onetsi dira.

 

Mahaiak erabaki du Nafarroako Foru Komunitateko jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako bulegoko zuzendaria hautatzeko prozesua hastea eta horretarako arauak onetsi ditu:

 

- Hautagaiak aukeratuko dira beren eskubide zibil eta politikoen erabilera erabatekoa izan eta karguan jarduteko behar diren egokitasun-, sustraitze-, zintzotasun- eta profesionaltasun-baldintzak betetzen dituzten herritar adindunen artetik. Goi mailako unibertsitate tituluaren jabe izan beharko dute eta hamar urte baino gehiagoko lan-jarduera edo jarduera profesionala eduki, bete beharreko lanpostuarekin zerikusia duena. Halaber, nafartasun politikoa izan behar dute.

Zuzendaria ezin izanen da afiliatuta egon inolako alderdi politiko, sindikatu edo elkarte profesional edo enpresa-elkartetan. Bateraezinak dira kargua eta beste ordezkaritza-kargu, kargu politiko edo administrazio-eginkizun oro, lanbide-, merkataritza- edo lan-jarduera oro, bai eta zuzendaritza- edo aholkularitza-kargu oro ere.

Zuzendariak eginkizun horretarako arduraldi esklusiboa izanen du eta kargu publikoen bateraezintasunei buruzko araubidearen mende egonen da.

- Kargurako hautagaiak talde parlamentarioek, foru parlamentarien elkarteek edo beren jarduera Nafarroako Foru Komunitatean garatzen duten gizarte-erakundeek proposatuko dizkiote Nafarroako Parlamentuari.

- Hautagaiak Legebiltzarreko Mahaiari igorritako idazki baten bidez aurkeztu beharko dira. Idazki horretan jaso beharko dira proposatutako hautagaiaren onarpena eta Nafarroako Foru Komunitateko jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako bulegoko zuzendari izateko betekizun legalak betetzen dituelako eta bateraezintasun kausarik ez dagoelako aitorpenak.

- Hautagaien zerrendak aurkezteko epea 2019ko martxoaren 20an amaituko da. Epea amaiturik, proposatutako hautagaiek baldintzak betetzen ote dituzten erabakitzeari ekingo dio Mahaiak, eta ondoren, hala bada, hautagaiak aldarrikatuko ditu.

- Hautaketa Legebiltzarraren Osoko Bilkuran eginen da, isilpeko bozketaren bidez. Bozketa txartelen bidez eginen da, eta foru parlamentari bakoitzak hautagai bakar baten izena jarri ahalko du txartelean. Mahaiak boto-kontaketa egin eta botoen gehiengo osoa lortzen duen hautagaia hautatu dela aldarrikatuko du. Aipatu gehiengoa lortzen ez bada, bozketa errepikatuko da, eta bigarren bozketa horretan hautagai bakar batek ere ez badu gehiengo osoa lortzen, prozedura bukatutzat eman eta prozesu berri bat hasi beharko da.

 

Nafarroako Foru Komunitateko jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako bulegoa maiatzaren 17ko 7/2018 Foru Legearen bidez araututa dago. Zuzenbide publikoko entitate bat da, nortasun juridiko berekia duena, eta, bere eskumenak betetzean, objektibotasunez eta profesionaltasunez jardunen du, antolamendu juridikoari men eginez eta administrazio publikoengandiko erabateko independentzia organiko eta funtzionalarekin.

Nafarroako Foru Komunitateko jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako bulegoko zuzendaria Nafarroako Foru Parlamentuko lehendakariak izendatuko du Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak gehiengo osoz hautatu ondoren.

 

- Mahaiak erabaki du Nafarroako Gobernuari informazioa eskatzea Estatuko Administrazio Orokorraren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Lankidetza Batzordeak legegintza-desadostasunen inguruan eginiko bilera eta hartutako erabakiei buruz, Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legea dela eta.

 

- Mahaiak erabaki du martxoaren 14ko Osoko Bilkuran eztabaidatzea EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioek aurkeztutako Nafarroako Parlamentuko Erregelamendua aldatzeko proposamena aintzat hartzea.

 

- Mahaiak jasotzat eman du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salaren autoa, zeinaren bidez ukatzen baita foru parlamentari Buil jaunak, Aznárez andreak eta Sáez andreak eskatutako kautelazko neurria, Podemos Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioaren izen aldaketa bertan behera uztekoa.

 

 

ADIERAZPEN INSTITUZIONALAK:

 

- Nafarroako Parlamentuko Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du adierazpen instituzional bat. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Emakumearen Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin, eta dei egiten die herritarrei martxoaren 8aren kariaz deitutako greba feministarekin bat egitera. Unión del Pueblo Navarro, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteek aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Emakumearen Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin.

2. Nafarroako Parlamentuak dei egiten die herritarrei martxoaren 8aren kariaz deitutako greba feministarekin bat egitera.

3. Nafarroako Parlamentuak adierazten du, berriz ere, mugimendu feminista babesten duela, haren eskaerei eta borrokei dagokienez.

4. Nafarroako Parlamentuak adierazten du beharrezkoa dela Nafarroan berdintasunerako lege berria onestea eta 2019ko maiatzeko hauteskundeetatik sortzen den gobernuak sustatzea.

5. Nafarroako Parlamentuak uste du beharrezkoa dela politika publikoak toki-mailatik sustatzea.

6. Nafarroako Parlamentuak adierazten du beharrezkoa dela gure herrietako emakumeen errealitate berariazkoak ikusarazten jarraitzea, bai eta oraindik indarrean dauden desberdintasun-adierazpen guztiei garrantzia ematea.

7. Nafarroako Parlamentuak adierazten du beharrezkoa dela neurriak hartzea emakumeen eta gizonen arteko desberdintasun-adierazpen guztiak gainditzeko”.

 

 

- Nafarroako Parlamentuko Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernuari eskatzen dio bertan behera utz dezan armen salmenta eta ez dezan baimenik eman Saudi Arabiari armak saltzeko. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Adierazpen instituzionalaren aldeko botoa eman dute Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik eta Izquierda-Ezkerrak; Unión del Pueblo Navarro eta Nafarroako Alderdi Sozialista abstenitu egin dira eta Nafarroako Alderdi Popularrak aurkako botoa eman du.

 

Onetsitako adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernuari eskatzen dio bertan behera utz dezan armen salmenta eta ez dezan baimenik eman Saudi Arabiari Yemengo gatazkan erabil ditzakeen armak saltzeko, iturri fidagarri eta zintzoetatik datorren informazioa dagoen bitartean edo arrisku nabarmena dagoen bitartean arma horiekin nazioarteko zuzenbidea, giza eskubideak edo nazioarteko zuzenbide humanitarioa larriki urratzeko, horien urraketa errazteko edota erabilera horretarako desbideratzeko.

2. Nafarroako Parlamentuak eskatzen dio Parlamentuko Lehendakaritzari erabaki hau igortzeko Espainiako Gobernuko lehendakariari eta lehendakariordeari, bai eta Kanpo Arazo, Europar Batasun eta Lankidetza Ministerioari, Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioari, Defentsa Ministerioari, Barne Ministerioari, Ogasun Ministerioari eta Espainiako Estatuaren arma merkataritza arautzen duen ministerioarteko batzordeko buru den Merkataritzako estatu idazkariari ere”.