Noiz argitaratua Astelehena, 2018.eko Martxoak 26

2018ko martxoaren 26ko bilkura

NAFARROAKO PARLAMENTUKO MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR, ASTELEHENA, MARTXOAK 26, EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK

 

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura egin dute gaur –astelehena, martxoak 26–, 10:00etan, eta honako erabaki hauek hartu dituzte:

 

Izapidetzeko onartu diren gaiak eta hartu diren erabakiak:

 

FORU LEGE PROPOSAMENAK:

- Jaiotza-tasa sustatzeko laguntza ekonomikoak arautzen dituena. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko eledun Ana Beltrán Villalba andreak aurkeztu du.

 

MOZIOAK:

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da emergentziazko laguntzak eta aparteko laguntzak lortzeko betekizunak malgutu ditzan. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko Mikel Buil García jaunak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da N-121 errepidean ibilgailu astunen zirkulazioa mugatu dezan Belateko eta Almandozko tuneletako obrak egiten diren bitartean. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Carlos García Adanero jaunak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da onar dezan zaintza eta laguntza pertsonala inbertsio bat dela eta sektore horri lehentasun ekonomiko eta soziala eman behar zaiola. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko María Teresa Sáez Barrao andreak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak bere kezka adierazten du Iberiako hegazkineko laguntzaile lanpostutik kaleratu dutela-eta Patxi Zamora Aznar jaunak salatutako gertakarien larritasunagatik. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da azterlan bat egin dezan Nafarroan pentsioak zertan diren jakiteko, eta egin beharreko urratsak egin ditzan pentsio-sistema propio baterantz aurrera egiteko. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko María Asunción Fernández de Garayalde Lazkano Sala andreak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da bokazio zientifiko eta teknologikoen foru plan bat abian jar dezan, genero-arrailaren aurka. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko María Teresa Sáez Barrao andreak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da hartu beharreko erabaki guztiak har ditzan, Nafarroako Liburutegi Nagusiak zerbitzu guztiak eragingarritasunez eman ahal izateko adina langile eduki dezan. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

AGERRALDIAK:

- Garapen Ekonomikorako kontseilariarena, azal dezan zer neurri hartuko duen Nafarroan Belateko eta Almandozko tuneletako obrak eta Gipuzkoan San Lorentzoko tunelekoak aldi berean egiten diren bitartean. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.

- Nafarroako Gobernuaren Bruselako ordezkariarena, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunari, kalteberatasun handiagoko emakumeen ahalduntzeari eta genero-indarkeriaren prebentzioari buruzko Europako programak eta proiektuak azal ditzan. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko María Teresa Sáez Barrao andreak aurkeztu du.

- Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailearena, errealitateak euskarari buruzko arau-esparrua gainditu izanari buruz egin dituen adierazpenak azal ditzan. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Ana María Beltrán Villalba andreak aurkeztu du.

- Ez da onartu Nafarroako Gobernuko lehendakariak agerraldia egiteko eskaria, Perspectivas España 2018 txostenari buruzko balorazioa egin dezan. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Ana Beltrán Villalba andreak aurkeztu du.

Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek izapidetzeko onartzearen aurkako botoa eman dute; UPNk, PSNk eta PPNk, berriz, aldekoa.

 

LAN-BILKURAK ETA BISITAK:

- La Bolsa y la Vida liburua koordinatu eta idatzi duen taldearekin, egindako proiektua ezagutzera eman dezan. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak eta Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

- SASOIA eta PENTSIONISTAK MARTXAN elkarteetako ordezkariekin, erretirodunen eta pentsiodunen egoera, murrizketen ondorioak eta pentsioen 0,25eko igoera azal ditzaten eta beren proposamenak egin ditzaten. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak aurkeztu du.

- Malen Etxea Elkartearen ordezkariekin, azal dezaten zer programa eta proiektu egiten dituzten emakume etorkinak, ahalduntzea eta berdintasun-politikak eta emakumeen –bereziki, migratzaileen– giza eskubideen defentsa direla eta. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko María Teresa Sáez Barrao andreak aurkeztu du.

- Topagunea Elkartearekin, Euskaraldia izeneko ekimenaren helburuak, ekintzak, metodologia eta gainontzeko xehetasunak azal ditzan. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

UPNk eta PPk adierazi dute ekimen hau izapidetzearen aurka daudela.

- Errefuxiatuak Martxan erakundearekin, entitate kreditatuek kudeatzen duten harrera-programaren alderdi positiboak eta negatiboak azal ditzan eta programari atxikitako pertsona baten lekukotasuna eman dezan. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

BATZORDE BEREZIAK ETA LANTALDEAK:

- Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, erabaki du batzorde berezi bat eratzea, emakumeen kalitatezko enplegua bultzatzera eta laneko desberdintasunak eragindako arraila murriztera bideratutako proposamenak eginen dituen txosten bat egiteko. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioak aurkeztu du.

Halaber, Legebiltzarreko zuzendaritza-organoek onetsi dituzten batzorde bereziaren jarduna arautuko duten arauak. Arau horien arabera, batzordeak sei hilabeteko epean gauzatu beharko du aipatu txostena.

Batzordea talde parlamentario edo foru parlamentarien elkarte bakoitzeko kide batek osatuko du. Bere erabaki guztiak boto ponderatuaren sistemaren bitartez hartuko ditu, batzordeburuaren hautaketa barne. Eledun bakoitzak, bere taldea edo foru parlamentarien elkartea zenbat foru parlamentarik osatzen duten, horrenbeste boto edukiko ditu batzordean.

Batzordea eratzeko bilkura Legebiltzarreko Mahaiak erabakitzen duen egunean eginen da, talde parlamentarioek eta foru parlamentarien elkarteek Batzordean izanen dituzten ordezkariak hautatu ondoren.

Batzordea eratzeko bilkuran batzordeburua hautatuko da; hura ez badago, batzordekiderik zaharrena ariko da haren ordez. Batzordeari laguntzen dion legelaria izanen da batzordeko idazkari.

Batzordeak laguntza eta lankidetza eskatzen ahalko dizkio Nafarroako Gobernuari, eta, Legebiltzarreko Lehendakaritzaren bidez, egoki jotzen dituen kargudun eta funtzionarioak lantaldera etor daitezen eskatu ahalko du, edo beharrezkoak diren txostenak egin daitezen. Orobat eskatzen ahalko du arlo horretako beste pertsona eta aditu batzuk ere etor daitezen.

Batzordeen bilkurak ez dira jendaurrekoak izango. Halarik ere, hedabideen ordezkariak, nortasuna behar bezala egiaztatuta, batzordeetara joaten ahalko dira, bilkura horiek isilpekoak direnean izan ezik. Hedabideak joan daitezkeen bilkurak ikus-entzunezko bitartekoak erabiliz erretransmititzen ahalko dira.

Batzordearen bilkurak isilpekoak izanen dira bere kideen gehiengo osoak hala erabakitzen duenean, batzordeko lehendakariak, bi talde parlamentariok edo batzordeko kideen bostenak hala eskaturik. Isilpeko izaerako bilkura bat bukatu ondoren, Batzordeko lehendakariak hartu diren erabakien berri eman ahalko die hedabideei.

Batzordea agindutako lana bukatzean iraungiko da eta, betiere, legegintzaldia amaitzean.

 

AHOZKO GALDERAK:

- Europako funtsetatik heldu diren 44 milioi baino gehiagoren onura jasoko duten emakumeen eta gizonen portzentajeari buruzkoa. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko María Teresa Sáez Barrao andreak aurkeztu du.

- Errefuxiatuei harrera egiteko protokolo integralari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko María Asunción Fernández de Garayalde Lazkano Sala andreak aurkeztu du.

- Legegintzaldi honetan Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiaren ardura gorena hartua zuen laugarren legelariak dimisioa emateko arrazoiei buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- 2018 eta 2019rako lan-eskaintza publikoan berdintasuneko emakume agente edo teknikari lanpostuak jasotzeari buruzkoa. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko María Teresa Sáez Barrao andreak aurkeztu du.

- Espetxe arloko osasungintzaren eskumena hartzeari buruzkoa. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko foru parlamentari María Teresa Sáez Barrao andreak aurkeztu du.

 

GALDERA IDATZIAK:

- Fitur Azokan betetako helburuen balorazioari eta azokan inbertitutako baliabideen eraginkortasunari eta efizientziari buruzkoa. EH Bildu-Nafarroa talde parlamentarioko Maiorga Ramírez Erro jaunak aurkeztu du.

- Haurdunaldiaren borondatezko etendurari (HBE) buruzko galdera erretiratzea. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko foru parlamentari María Teresa Sáez Barrao andreak aurkeztu du.

- Ikastetxeetan asteko erlijio-irakastorduen kopurua murrizteko araudiaren prestalanei buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Tuterako Torre Monreal Hezkuntza Bereziko Ikastetxe Publikoko sotoa berritzeari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Belateko tunelak inauguratu zirenetik Nafarroako Gobernuak egin eta ordaindu behar izan dituen obrei buruzkoa. EH Bildu-Nafarroa talde parlamentarioko Maiorga Ramírez Erro jaunak aurkeztu du.

- Belateko tunelak inauguratu zirenetik gaur arte bertako trafikoa moztu den aldiei buruzkoa. EH Bildu-Nafarroa talde parlamentarioko Maiorga Ramírez Erro jaunak aurkeztu du.

- Belate Enpresen Aldi Baterako Batasunak Nafarroako Gobernuari kalteak eta interesak direla-eta ordaindutako diruaren destinoari buruzkoa. EH Bildu-Nafarroa talde parlamentarioko Maiorga Ramírez Erro jaunak aurkeztu du.

 

GOBERNUAREN BESTELAKO EKIMENAK (HITZARMENAK, FORU DEKRETUAK, KOMUNIKAZIOAK, PLANAK ETA PROGRAMAK):

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroako Gobernuaren erabakia, martxoaren 21ekoa, zeinaren bidez Juan Bautista Labairu Elizalde jauna Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiko ordezko kidearen kargutik kendu eta María Pilar Gay-Pobes Vitoria andrea izendatzen baita.

 

KONTUEN GANBERAREN TXOSTENAK ETA AURREKONTUEN KONTROLA:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak adierazi dute honako honen berri izan dutela: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak urtarrilean egindako aurrekontu-aldaketak, zeinak martxoaren 20an igorri baitzituen Nafarroako Gobernuak.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak adierazi dute honako honen berri izan dutela: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak otsailean egindako aurrekontu-aldaketak, zeinak martxoaren 20an igorri baitzituen Nafarroako Gobernuak.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Corellako Udalaren 2016ko ekitaldiari buruzko fiskalizazio-txostena.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Cintruenigoko Udalaren 2016ko ekitaldiari buruzko fiskalizazio-txostena.

 

BESTELAKO GAIAK:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dituzte Eledunen Batzarrak eskatuta eginiko txostenak, Nafarroako Parlamentuko ikus-entzunezkoen sistema berritzeko kontratazio-prozedurari buruzkoak.

 

Legebiltzarreko zerbitzu juridikoen txostenak ondorioztatzen du Nafarroako Parlamentuko ikus-entzunezkoen sistema berritzeko kontratazio-prozedura Kontratu Publikoen Foru Legearen 66. eta 40. artikuluen arabera izapidetu dela, eta Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiaren irailaren 13ko 54/2017 Erabakian esaten bada ere Kontratu Publikoen Foru Legearen 21. artikuluan jasotako konkurrentzia askearen printzipioa urratu dela, baita gardentasun eta berdintasun printzipioa eta diskriminazio-eza ere, eta, ondorioz, baliogabetu ditu pleguak, adjudikazio-ebazpena eta adjudikazio-prozedura osoa, hura baliozkotzeko inongo aukerarik gabe, badira argudio sendoak, administrazio-espedientean zehar azaltzen direnak, agerian jartzen dutenak printzipio horiek erabat errespetatu direla, eta horrek justifikatzen du bide judiziala baliatzea Nafarroako Parlamentuaren interesen babesean.

(Ohar honekin batera doa txostena).

 

- Amagintza elkartearen eskariari dagokionez, 2017ko azaroaren 28ko Eskarietarako Batzordearen bilkurari buruzko dokumentaziotik elkarte horren aipamen oro kentzea eskatu baitu, Mahaiak erabaki du elkarte horri buruzko aipamenak kentzea Bilkuren Egunkaritik eta Bideotekatik.

 

- Mahaiak aldarrikatu ditu Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoaren Administrazio Kontseilurako Nafarroako Parlamentuak proposatu beharreko hiru kideak aukeratzeko aurkeztutako hautagaiak: Mari Carmen Segura Moreno (Unión del Pueblo Navarro), Asier Baztan Beperet (Geroa Bai), Koldo Amezketa Díaz (EH Bildu Nafarroa), Javier Onieva Larrea (Podemos-Ahal Dugu).

 

Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, onetsi ditu Nafarroako Parlamentuak Euskararen Nafar Kontseilurako izendatu beharreko kidea hautatzeko arauak.

 

Talde parlamentarioek pertsona bakarraz osatutako hautagaitzak aurkezten ahalko dituzte, banaka nahiz batera. Titular bakoitzerako ordezko bat izendatu beharko da. Talde parlamentarioek idazki bat helaraziko diote Legebiltzarreko Mahaiari hautagaiak aurkezteko, eta idazki horretan jasota ageriko da proposatutako hautagaien oniritzia.

 

Talde parlamentarioek edo foru parlamentarien elkarteek Euskararen Nafar Kontseiluko kide izateko hautagaiak aurkezteko epea 2018ko apirilaren 12ko 12:00etan bukatuko da.

 

Euskararen Nafar Kontseiluko kidearen hautaketa Legebiltzarraren Osoko Bilkuran eginen da, isilpeko bozketaren bidez. Txartelen bidez eginen da bozketa, eta foru parlamentari bakoitzak izen bakarra jartzen ahalko du txartelean.

 

Boto gehien eskuratu dituen hautagaia hautatuko da. Berdinketarik baldin badago hurrenez hurreneko bozketak eginen dira boto kopuru berbera duten hautagaien artean, berdinketa desegin arte.

 

 

- Eledunen Batzarrak baztertu egin du adierazpen instituzionala egiteko proposamen bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak adierazten baitu konpromiso sakona duela Zuzenbide Estatuarekin. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek proposamenaren aurkako botoa eman dute; UPNk, PSNk eta PPNk, berriz, aldekoa.

 

Erabaki proposamenak honako hau zioen:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak adierazten du konpromiso sakona duela Zuzenbide Estatuarekin, demokraziarekin eta botere banaketarekin, eta erabaki judizialak errespetatzen dituela.

 

2. Nafarroako Parlamentuak bizikidetza demokratikoaren aldeko apustu egiten du Kataluniarako, non interes batzuk zilegitasunez defendatzen dituztenei eta horien kontrako interesak aldezten dituztenei ulertu, entzun eta haiekin hitz egin beharko den, eta bien kasuan, arau demokratikoak betetzen direla zainduko den.

 

3. Nafarroako Parlamentuak gaur egun Kataluniako Parlament-ean ordezkaritza duten indar politikoak animatzen ditu zubiak eta gobernu-aukera berriak eraiki ditzaten, eta gobernu anitz, integratzaile, solidario eta europazale bat eraikitzen saia daitezen, Kataluniako biztanleak pixkanaka haien egunerokoari eragiten ari den paralisitik aterako dituena.

 

4. Nafarroako Parlamentuak dei egiten die Espainiako indar politiko guztiei Diputatuen Kongresuan duela gutxi eratu den lurralde-ereduaren ebaluaziorako mahaian eser daitezen, ezinbesteko gunea baita denontzako tokia izanen duen lurralde bat eraikitzeko”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bere erabateko kezka eta arbuioa adierazten baititu Jordi Turrull, Raül Romeva, Dolors Bassa eta Carme Forcadellen espetxeratu dituztelako. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aldeko botoa eman dute; UPNk, PSNk eta PPNk, berriz, aurkakoa.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bere kezka eta arbuioa adierazten ditu Jordi Turull, Josep Rull, Raül Romeva, Dolors Bassa eta Carme Forcadell espetxeratu dituztelako, eta bere babesa eta elkartasuna helarazten dizkie.

 

2. Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernua eta Estatuko botereak premiatzen ditu beren errepresio-estrategia albo batera utz dezaten eta elkarrizketaren nahiz errespetuaren bidea jorra dezaten – Kataluniako erakunde sozialen eta instituzioen ordezkarien eskubide zibil eta politikoekikoa–, egoera hau bideratzeko.

 

3. Nafarroako Parlamentuak erabaki du bost minutuko elkarretaratze bat egitea gaur, martxoak 26 –astelehena–, 12:30ean, Katalunian gertatzen ari den salbuespen demokratikoko egoera salatzeko, askatasunarekiko, demokraziarekiko eta eskubide zibil eta politikoekiko konpromisoa eta elkarrizketan oinarritutako irtenbide baten aldeko eta elkarrizketaren eta negoziazioaren aldeko apustua adierazte aldera, horiexek baitira gatazka politikoak ebazteko bide bakarrak”.

 

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak gogor gaitzesten baititu Pablo Llarena epailearen etxe inguruan agertutako pintaketak. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.

 

Adierazpenaren alde bozkatu dute UPNk, PSNk eta PPNk eta abstenitu egin dira Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bere arbuiorik borobil eta erabatekoena adierazten du Pablo Llarena epailearen etxe inguruan 2018ko martxoaren 25eko goizean agertutako pintaketak direla-eta, eta onartezintzat jotzen du horrelako ekintzak gertatzen jarraitzea, botere judizialaren aurkako eraso onartezina baita.

 

2. Nafarroako Parlamentuak bere babesa eta elkartasuna adierazten dizkie Llarena epaileari eta bere familiari”.

 

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bere kezka agertzen baitu Argentinan nahiz Txilen maputxeen herriaren aurka darabilten errepresio-politika dela eta. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aldeko botoa eman dute; UPNk, PSNk eta PPNk, berriz, aurkakoa.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bere kezka adierazten du Argentinan nahiz Txilen maputxeen herriaren aurka darabilten errepresio-politika dela eta.

 

2. Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernua premiatzen du Argentina nahiz Txileko gobernuei eska diezaien maputxeek jasaten duten errepresioaren eta giza eskubideen urraketen bidea alde batera uzteko, bide horiek egunero aplikatzen baitira lurraldearen militarizazioaren bidez.

 

3. Nafarroako Parlamentuak maputxeen lurraldean gertatzen ari den salbuespen demokratikoko egoera salatzen du

 

4. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du estatuko segurtasun indarren esku gertaturiko indarkeriazko hilketak argitzeko eskariarekin –Santiago Maldonado eta Rafael Nahuelenak argentinar administraziopean eta Macarena Valdés, Luis Marlleo eta Patricio Gonzálezenak txiletar administraziopean–, guztiak 2017an gertatuak.

 

5. Nafarroako Parlamentuak adierazten du maputxeen antzinako lurraldearen autodeterminazio-eskaria onartzearen alde dagoela, Argentinak eta Txilek kendu egin baitzieten.

 

6. Nafarroako Parlamentuak adierazten du maputxeen lurraldea eta dermioa haren ekosistema mehatxatzen duen basogintza-eredutik eta gainerako erauzte-proiektuetatik babestearen alde dagoela.

 

7. Nafarroako Parlamentuak arbuiatzen du maputxeen lurraldeko biztanleen kriminalizazio oro, kriminalizazio horren oinarria neokolonialista, arrazista eta patriarkala baita eta etengabeko salbuespen egoera babesten baitu, eta hori bateraezina da jatorrizko herriek duten bizitzarako, lurralderako eta kulturarako eskubidearekin”.

 

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak deitoratu egiten du maputxeen herriaren aldeko aktibisten heriotza. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Adierazpenaren aldeko botoa eman dute UPNk, Podemos-Ahal Duguk, PSNk, PPNk eta I-Ek; EH Bildu Nafarroak kontrako botoa eman du eta Geroa Bai, berriz, abstenitu egin da.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak deitoratu egiten du maputxeen herriaren aldeko aktibisten heriotza, erabilitako indarkeria gaitzesten du eta espero du justiziak lehenbailehen argitzea argitu gabeko kasuak.

 

2. Nafarroako Parlamentuak irmo babesten du komunitate indigenen eskubideen defentsa, bai eta maputxeen herriarenak ere, Nazio Batuen eta Giza Eskubideen Batzorde Inter-amerikarraren giza eskubideei buruzko testu orokorretan jasotzen den moduan.

 

3. Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernuari eskatzen dio zerikusia duten gobernuak premia ditzan komunitate horietan eskubideen babesa zain dezaten.

 

4. Nafarroako Parlamentuak eskatzen du berma daitezela herri indigenen eta giza eskubideen defendatzaileen aurkako indarkeriaren kontra borrokatzeko neurriak.

 

5. Nafarroako Parlamentuak eskatzen du bete dadila EBko Kontseiluan herri indigenei buruzko onetsitako ondorioetan behin eta berriz aipatzen den mehatxuen eta indarkeriaren aurkako prebentziorako eta babeserako konpromisoa”.

 

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak uste du komenigarria dela erakunde desberdinen arteko lankidetzarekin jarraitzea frankismoaren biktimentzako egia, justizia eta erreparazioa lortzeko. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Adierazpenaren lehenengo puntua UPN, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu, PSN, eta I-Eren aldeko botoarekin onetsi da, eta PPN, berriz, abstenitu egin da. Bigarren puntua Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoarekin eta UPN, PSN eta PPNren aurkako botoarekin onetsi da.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak uste du komenigarria dela erakunde desberdinen (Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta beste autonomia erkidego batzuetako gobernuak, tokiko erakundeak eta Estatuko Gobernua) lankidetzarekin jarraitzea, frankismoaren biktimentzako egia, justizia eta erreparazioa lortzeko.

 

2. Nafarroako Parlamentuak uste du beharrezkoa eta urrats garrantzitsua dela memoriari buruzko politiketan aurrera egiteko Espainiako Gorte Nagusiek erabakitzea 1977ko Amnistiari buruzko Legea aldatzea, frankismoko krimenak gizateriaren aurkako delitu gisa ikertzea bermatzeko, modu horretan ez baitira preskribatzen”.

 

 

Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak aitortzen baitu Julia Álvarez andreak sistema demokratiko baten alde eginiko lana. Adierazpena Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Adierazpen instituzionalaren aldeko botoa eman dute UPNk, Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk PSNk eta I-Ek. PPN, berriz, abstenitu egin da.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak aitortzen du Julia Alvarezek eginiko lana eta bere nahia agertzen du Nafarroako Gobernuak ekitaldi instituzional bat egin dezan emakume nafar honi esker ona agertzeko eta egindako lan politiko eta sozial eskergari ikusgarritasuna emateko.

 

2. Nafarroako Parlamentuak bere egoitza den eraikineko aretoetako bat eskainiko dio Julia Álvarez andreari, sistema demokratiko baten alde eginiko lanagatik errekonozimendua agertzeko”.