Noiz argitaratua Astelehena, 2018.eko Martxoak 19

2018ko martxoaren 19ko bilkura

NAFARROAKO PARLAMENTUKO MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR, ASTELEHENA, MARTXOAK 19, EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK

 

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura egin dute gaur –astelehena, martxoak 19–, 10:00etan, eta honako erabaki hauek hartu dituzte:

 

Izapidetzeko onartu diren gaiak eta hartu diren erabakiak:

 

FORU LEGE PROPOSAMENAK:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroako Gobernuaren iritzia, zeinaren bidez adierazi baitu ados dagoela Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legea aldatzeko Foru Lege proposamena aintzat hartu izanarekin. Foru lege proposamena Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroako Gobernuaren iritzia, zeinaren bidez adierazi baitu ados dagoela Apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legea eta azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aldatzen dituen Foru Lege proposamena aintzat hartu izanarekin. Foru lege proposamena Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioak aurkeztu du.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak, ikusita Nafarroako Gobernuak adierazi duela ez dagoela ados Haur Hezkuntzako lehen zikloa doakoa eta unibertsala izan dadin Nafarroako Alderdi Popularra foru parlamentarien elkarteak aurkeztu duen Foru Lege proposamena aintzat hartzearekin, erabaki du foru lege proposamen horren izapidetzea ez onartzea, zeren eta aurrekontu-sarrerak nabarmen eta denbora luzean jaistea eraginen baitu. Izan ere, hala ezarrita dago Legebiltzarreko Erregelamenduan.

Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek izapidetzearen aurkako botoa eman dute; UPNk eta PSNk aldeko botoa eman dute; PPN, berriz, ez da bilkuran egon.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Zerbitzu Juridikoen txostena, argitzen duena ea Konstituzioaren araberakoa den Azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legea aldatzen duen Foru Lege proposamena, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala ematekoa.

Txostenean, Parlamentuko Zerbitzu Juridikoek azaltzen dute proposamenak “lege mailako arau baten bitartez tipifikatu nahi dituela lege-arau baten arau-haustea dakarten jokabide batzuk, ez-betetze horiek direla-eta diru-zehapenak eta hertsapen-isunak ezarriz (23.3 artikulua). Espedienteen izapidetzea eta bidezko diren zehapenak ezartzea gaia dela-eta eskudun den Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari esleitzen zaizkio. Halaber, txostenean gogorarazten da beste autonomia erkidego batzuek antzeko zehapen-araubideak erregulatu dituztela; esate baterako, Valentzia, Gaztela-Mantxa edo Extremadura (azken horretan aurre-proiektu fasean dago).

Txostenak dio “inongo konstituzio-kontrakotasun zantzurik ez dagoela 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala emateko azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legean zehapen-araubide bat sartu nahi izatean”, eta aipatzen du “2013ko abenduaren 5ean indarrean sartu zen foru lege batean zehapen-araubide bat sartzeko asmoaren aurrean, hura egoki bete dadin”, Parlamentuko zerbitzu juridikoen ustez “egokia dela adieraztea foru lege horretatik subjektu publiko eta pribatuentzat eratortzen diren betebeharrek eta bide administratiboan zehatuko diren arau-hausteen tipifikazioak guztiz justifikatuta egon behar dutela, eta, halaber, arau-hauste gisa tipifikatuko diren ez-betetzeen arduradunen zehaztapena guztiz justifikatu beharra dagoela. Era berean, ahal den guztian klausula orokor edo zehaztu gabeak saihestu behar dira, eta bermatu behar da aldekoak ez diren zehapen-arauek ez dutela atzera-eraginik izanen, halako moduz non ezin izanen baitira zehatu legearen indarraldian errealak izanik ere halakotzat tipifikatuta ez daudenak; hain zuzen ere, tipifikatuta ez daudenak noiz-eta zehapen administratiboa ekarriko duten jarduketak, kasua bada, arautuko dituen foru legeak indarra hartu baino lehen".

Ohar honekin batera doa txosten juridikoa.

- Izapidetzeko onartu da Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioak aurkeztutako foru lege proposamena, 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko Foru Legearen Testu Bategina hein batean aldatzen duena.

- Martxoaren 19ra arteko epe bat zabaltzen da zuzenketak aurkezteko Uztailaren 6ko 3/2012 Legearen bidez onetsitako lan-erreforma indargabetzeari buruzko Foru Lege proposamenari. Martxoaren 15eko Osoko Bilkurak aintzat hartu zuen foru lege proposamen hori.

 

MOZIOAK:

- Eskaria, batzordean izapidetu dadin hurrengo mozio hau: Nafarroako Gobernua premiatzen da jaiotzarako laguntzaren eta amagandiko edoskitzearen humanizaziorako ekimena susta dezan Foru Erkidegoan. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Mónica Doménech Linde andreak aurkeztu du.

- Eskaria, Batzordean izapidetu dadin honako mozio hau: Nafarroako Gobernua premiatzen da kofinantzaketa-akordio bat itxi dezan Beriaingo Udalarekin, Beriaingo Eskualdeko Ikastetxe Publikoko berokuntza eta etxeko ur beroko sistema berritzeko. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Luis Zarraluqui Ortigosa jaunak aurkeztu du.

- Honako mozio hau erretiratzea: Nafarroako Gobernua premiatzen da ez dezan nahitaezko gisa ezar ingeleseko C1 ziurtagiria edukitzea Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasle izateko. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da Administrazio Publikoetako Langileen Estatutua alda dezan, telelaneko konponbideak ezartzeko. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Ana María Beltrán Villalba andreak aurkeztu du.

- Horren bidez, Espainiako Gobernua premiatzen da zenbait baldintza bete ditzan energia berriztagarriko iturrietatik energia elektrikoa ekoizteko instalazio berriei berariazko ordainsari-araubidea esleitzeko enkanteetako prozeduretan, arauetan eta deialdietan. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko María Teresa Sáez Barrao andreak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da Parlamentuan sei hilabeteko epean aurkez dezan araudi bat, zeinaren bidez ahalbidetuko baita sare elektrikora konektatutako autokontsumo-araubidean teknologia fotovoltaikoko energia elektrikoa ekoizteko instalazioei aplikatu beharreko administrazio-prozedurak ezartzea. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko Mikel Buil García jaunak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da etxebizitzak zaharberritzeko foru plan bat abian jar dezan, efizientzia energetikoko eta irisgarritasuneko irizpideekin, eremu ahuletako eraikinetara bideratuak. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko Mikel Buil García jaunak aurkeztu du.

- Horren bidez, Espainiako Gobernua premiatzen da askitasunaren printzipioaren eta pentsio egoki eta gaurkotu bat edukitzeko eskubidearen aurkako errebalorizazio-indizea eta jasangarritasun-faktorea ken ditzan. Izquierda-Ezkerra foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da Nafarroako Jabetza-erregistratzaileen Elkargoari eska diezazkion Eliza Katolikoak –erabilitako izena zein den ere– immatrikulatutako ondasunen informazio-ohar soilak edo zerrenda. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu ea Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteek aurkeztu dute.

 

AGERRALDIAK:

- Eskubide Sozialetako kontseilariarena, lan-orientabideko esparru-akordioa indarrik gabe uzten duen erabakiari buruz informa dezan. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Maribel García Malo andreak aurkeztu du.

- Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearena, 2017ko oroitidazkiaren edukiaren xehetasunak eman ditzan. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

- Garapen Ekonomikorako kontseilariarena, Nafarroako enpresek beren helbide soziala eta fiskala Nafarroatik beste erkidego batzuetara eraman izana azter dezan. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.

 

LAN-BILKURAK ETA BISITAK:

- Hurrengo baterako geratu da La Bolsa y la Vida liburua koordinatu eta idazti duen taldearekin egin beharreko lan-bilkura, egindako proiektua ezagutzera eman dezan. Nafarroako Alderi Sozialista talde parlamentarioak eta Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

- Médicos del Mundo eta Medicus Mundi elkarteen ordezkariekin, Osasuna garapenerako lankidetzan eta laguntza humanitarioan, 2017an izeneko txostena aurkez dezaten. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Nafarroako Alderdi Popularreko eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteek aurkeztu dute. Hedabideak bertan direla.

- Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren ordezkariekin, Nafarroako biztanleriak azken hamarkadan izandako bilakaerari buruzko azterlana aurkez dezaten. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak aurkeztu du.

- UEMA-Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen ordezkariekin, azal dezaten Nafarroako Gobernuko zerbitzuetako profesionalen hizkuntza eskakizunak zertan diren, horrek herritarren hizkuntza eskubideei begira zer eragin duen eta UEMAk zer proposamen eta eskari egiten duen. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute. UPNk gai hau izapidetzeko onartzearen aurkako botoa eman du.

- Médicos del Mundo elkartearen ordezkariekin, Nafarroan errefuxiatutako eta asiloa eskatutako pertsonekiko lantaldea eta harrera-prozesuko eskariak txostena aurkez dezaten. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Bakartxo Ruiz Jaso andreak aurkeztu du.

 

BATZORDE BEREZIAK ETA LANTALDEAK:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Euskarari buruzko foru lege berri bat egiteko Batzorde Bereziaren 2018ko martxoaren 9ko erabakia, zeinaren bidez David Anaut Peña lehendakari hautatu baitzen.

 

AHOZKO GALDERAK:

- Lan-orientabideko esparru-akordioa abian jarri eta hiru hilabetera bertan behera uzteko arrazoiei buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko María Victoria Chivite Navascués andreak aurkeztu du.

- Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Iruñeko arreta-bulegoak ixteko arrazoiei buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Ainhoa Unzu Gárate andreak aurkeztu du.

- Foru Administrazioan Erosketa Publiko Berritzailea ezartze aldera Nafarroako Gobernuak egindako urratsei buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Guzmán Miguel Garmendia Pérez jaunak aurkeztu du.

- Nafarroako Gobernuak iragarritako lan-eskaintza publikoari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko David Anaut Peña jaunak aurkeztu du.

- Abiadura Handiko Trenari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Carlos García Adanero jaunak aurkeztu du.

- Jakitekoa ea Garapen Ekonomikorako Departamentuak zer neurri hartuko dituen Gipuzkoako Aldundiak maiatzetik irailera bitarte A-15 autobidean ibilgailu astunei zirkulatzea debekatuko diela iragarri ondoren. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Carlos García Adanero jaunak aurkeztu du.

- N-134 errepidean egindako trafikoaren neurketei eta aurreikusitako neurriei buruzkoa. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko Carlos Couso Chamarro jaunak aurkeztu du.

- Foru Administrazioaren eta bere mendeko enpresa publikoen zor publikoari buruzko txostenetan Kontuen Ganberak detektatutako abal hutseginen zenbatekoak berreskuratze aldera Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak egindako zuzemenei buruzkoa. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko Laura Lucía Pérez Ruano andreak aurkeztu du.

- Santander banketxearekin 2014an formalizatutako maileguaren amortizazioari buruzkoa. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko Laura Lucía Pérez Ruano andreak aurkeztu du.

- Hurrengo hitzarmen ekonomikoaren negoziazioan 8. artikulua –helbide fiskala eta ohiko bizilekua– aldatzeari buruzkoa. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko Laura Lucía Pérez Ruano andreak aurkeztu du.

- Rozalejoko Markesaren Jauregian ondare historikoa aldeztearen eta kontserbatzearen arloan bere ardura baliatze aldera Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak hartutako neurriei buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Juan Luis Sánchez de Muniain Lacasia jaunak aurkeztu du.

- Euskaraz bizitzeko egonaldiak hizkuntz murgilketako lehen programaren lehenengo deialdiaren oinarriei buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Carlos Gimeno Gurpegui jaunak aurkeztu du.

- Nafarroako Probintzia Auzitegiaren eta Nafarroako Parlamentuaren eraikinetan segurtasunaren arloan izandako aldaketak justifikatzen dituzten arrazoiei buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko María Inmaculada Jurío Macaya andreak aurkeztu du.

- Administrazioaren testu elebidunetan eta errotulazio-mota guztietan euskara gaztelaniaren aurretik jartzeko arrazoi objektiboei buruzkoa. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Ana María Beltrán Villalba andreak aurkeztu du.

- AP-15 autobidearen Gipuzkoa aldeko obrek N-121 errepideko trafikoan daukaten eragin zuzenari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Maiorga Ramírez Erro jaunak aurkeztu du.

 

GALDERA IDATZIAK:

- Erlijoa irakasteko asteko ikastorduak murrizteari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Hezkuntza Ministerioaren eta British-aren arteko hitzarmenari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan autoebaluazio bat egiteari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Erlijio islamikoaren ikasgaia ezartzeari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

 

KONTUEN GANBERAREN TXOSTENAK ETA AURREKONTUEN KONTROLA:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Iruñerriko Mankomunitatearen mendeko Iruñerriko Zerbitzuen Sozietate Publikoak 2015ean, 2016an eta 2017an egindako langile-kontratazioei buruzko txostena Kontuen Ganberaren 2018rako fiskalizazio-programan sartu izana.

 

BESTELAKO GAIAK:

- Eledunen Batzarrak erabaki du txosten bat eskatzea Parlamentuko Zerbitzu Juridikoei, Nafarroako Gobernua foru parlamentarien eskariei behar den moduan eta garaian erantzutera behartuta egoteari buruz. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du. (9-18/PEI-00063, 9-18/PEI-00103, 9-18/PEI-00104, 9-18/PEI-00117, 9-18/PEI-00147 eta 9-18/PEI-00149).

Halaber, Eledunen Batzarrak erabaki du, UPN talde parlamentarioak eskatuta, Parlamentuko Zerbitzu Juridikoei txosten bat eskatzea Nafarroako Gobernua ikastetxeetako eskola kontseiluen aktak bidaltzera behartuta egoteari buruz.

- Mahaiak Juan Luis Beltrán Aguirreren hautagaitza aldarrikatu du Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluko lehendakaria izateko, Nafarroako Parlamentuari baitagokio hautaketa hori. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute. Legebiltzarreko Osoko Bilkurak datorren ostegunean hautatuko du, martxoaren 22an.

- Mahaiak erabaki du artxibatzea Yosheba Miren Sáinz de la Higuera y Gartzia jaunak aurkeztutako eskari-idazkia, Marokoko Erresumak Sahara kolonizatzeari buruzkoa.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez (PPN ez da bilkuran egon), zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu Arraza Bereizkeriaren Ezabaketari buruzko Nazioarteko Eguneko manifestazioarekin. Adierazpena Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta PSN talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1.- Nafarroako Parlamentua Arraza-diskriminazioa Ezabatzeko Nazioarteko Eguneko manifestazioari atxikitzen zaio. Iruñean eginen da manifestazio hori, martxoaren 24an, larunbatez, 12:00etan, Gazteluko Plazatik abiatuta, “ESKUBIDE GUZTIAK PERTSONA GUZTIENTZAT” goiburuarekin.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak herritarrei dei egiten die manifestazio horretara eta astean zehar Arraza-diskriminazioa Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren karietara egiten diren gainerako ekitaldietara joateko".

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak adierazten baitu ez dagoela ados otsailaren 25eko 8/2013 Foru Legea deuseztatzen duen Konstituzio Auzitegiaren epaiarekin. Adierazpena Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Alde bozkatu dute Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk, Nafarroako Alderdi Sozialistak eta Izquierda-Ezkerrak; Unión del Pueblo Navarrok adierazpenaren lehenengo puntuaren aurka bozkatu du eta bigarren puntuaren alde. PPN ez da bilkuran egon.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1.- Nafarroako Parlamentua ez dago ados Konstituzio Auzitegiaren epaiarekin, zeinaren bidez deuseztatzen baita otsailaren 25eko 8/2013 Foru Legea, Nafarroan bizi diren pertsonei Nafarroako osasun-sistema publikoan doako osasun-laguntza jasotzeko eskubidea aitortzen diena.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak ezinbestekotzat jotzen du, Giza Eskubideen oinarrizko alderdi gisa, Nafarroako Gobernuak jarrai dezan osasun laguntza integrala eta doakoa ematen Nafarroan bizi diren pertsona guztiei, eta adierazten du hori bermatzeko behar diren erabakiak hartu behar dituela”.

 

- Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du (PPN ez da gaur bilkuran egon) adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak babesa erakusten baitie giza papilomaren birusak eragindako gaixotasunak dituzten pertsonei. UPN talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak:

 

1.- Babesa adierazten die minbizi-mota horrek ukitutako pertsonei, bai eta haien familiei ere.

 

2.- Nafarroako gizarteari, eta bereziki gazteenen belaunaldiei, dei egiten die gaixotasun horren kontzientzia har dezaten”.

 

UPNren adierazpen-proposamenak hirugarren apartatu bat bazuen, zeina atzera bota baita Geroa Bairen, EH Bildu Nafarroaren, Podemos-Ahal Duguren eta Izquierda-Ezkerraren aurkako botoekin; UPNk alde bozkatu du, eta PSN abstenitu egin da (PPN ez da bilkuran egon). Honako hau zioen: “Foru erakundeei gonbita egiten die behar diren ekintza guztiak abiaraz ditzan VPHren transmisioa gerarazteko behar diren ekintza guztiak abiaraz ditzaten, horren barne dela txertatze unibertsala (neskato-mutikoak), prebeni daitekeen gaixotasun infekzioso hori eta hartatik datozen minbiziak desagerraraztera hurbiltzeko, etorkizuneko gure belaunaldiak babestuz”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez (PPN ez da bilkuran egon), zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak baieztatzen baitu 1936ko kolpe militarrarekiko eta diktadurarekiko gaitzespena, bai eta bakearen, errespetuaren eta tolerantziaren kulturarekiko konpromisoa ere. Adierazpena Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak:

 

1. Baieztatzen du 1936ko kolpe militarrarekiko eta diktadura frankistarekiko gaitzespena, bai eta bakearen, errespetuaren eta tolerantziaren kulturarekiko konpromisoa ere.

 

2. Adierazten du memoriarekiko konpromisoa duela, indarkeriaren zuzengabekeria gogoratzeko tresna gisa eta gizarte zuzenago, etikoago, solidarioago eta demokratikoagoak eraikitzeko bitarteko gisa, zeinean halako gertakariak ezin izanen diren berriz gertatu.

 

3. Konpromisoa berresten du Giza Eskubideekiko eta biktimek egiarako, justiziarako eta erreparaziorako duten eskubidearekiko".

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak erabaki judizialekiko errespetua agertzen baitu. PPN foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.

 

UPNk, Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk eta PSNk aldeko botoa eman dute, eta I-E abstenitu egin da (PPN ez da bilkuran egon).

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1.- Nafarroako Parlamentuak errespetua erakusten die erabaki judizialei, aldeko zein aurkako zaizkionei”.

 

PPNren adierazpen proposamenak bigarren lerrokada bat bazuen, zeina atzera bota baita Geroa Bairen, EH Bildu Nafarroaren, Podemos-Ahal Duguren eta PSNren aurkako botoekin, UPNren aldeko botoarekin eta I-Eren abstentzioarekin. Honako hau zioen: “2.- Nafarroako Parlamentuak erabaki du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak erreklamatutako 5.566 euroko kopurua ordaintzea, kostak ordaintzera zigortu baitute bandera errepublikarra Parlamentuko fatxadan jartzen ahalegintzeagatik”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak errespetua agertzen baitu Nafarroako familiek erlijio ikasgaia libreki aukeratzeko borondatea dela eta. PPN foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.

 

Alde UPNk, Geroa Baik eta PSNk bozkatu dute; aurka, berriz, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek (PPN ez da bilkuran egon).

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1.- Nafarroako Parlamentuak errespetua agertzen du Nafarroako familiek erlijio ikasgaia libreki aukeratzeko borondatea dela eta”.

 

PPNren adierazpen-proposamenak beste bi puntu zeuzkan, zeinak baztertu egin baitira Geroa Bairen, EH Bildu Nafarroaren, Podemos-Ahal Duguren, PSNren eta I-Eren aurkako botoa izan dutelako; UPNk, berriz, aldeko botoa eman du (PPN ez da bilkuran egon). Honako hau zioten: “2.- Nafarroako Parlamentuak babesa erakusten die erlijio ikasgaiaren ordutegiak ez murrizteko eskatzen duten sindikatuek bildutako 11.000 sinadurei. 3.- Nafarroako Parlamentua atxiki egiten zaio erlijio ikasgaiaren ordutegiak ez murrizteko sinadurak biltzeko kanpainari”.

 

- Mahaiak erabaki du 5.566 euroko kostak ordaintzea, hain zuzen ere Nafarroako Parlamentuari ezarritako zigorrari dagozkionak. Kosta horien arrazoia da Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren 2017ko apirilaren 11ko autoaren aurka Parlamentuak aurkeztutako errekurtsoa. Izan ere, autoak eten egiten zuen Nafarroako Parlamentuko Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, 2017ko apirilaren 3ko bilkuran hartutako erabakia, Errepublikaren bandera aurtengo apirilaren 14an Legebiltzarraren eraikinaren fatxadan jartzeko baimena ematekoa, bandera ofizialek daukaten maila bereko bandera baten gisara jarri gabe.