2018ko ekainaren 18ko bilkura
NAFARROAKO PARLAMENTUKO MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR, ASTELEHENA, EKAINAK 18, EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK
Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura egin dute gaur –astelehena, ekainak 18–, 10:00etan, eta honako erabaki hauek hartu dituzte:
Izapidetzeko onartu diren gaiak eta hartu diren erabakiak:
FORU LEGE PROIEKTUAK:
- Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzko ekainaren 20ko 8/2006 Foru Legea aldatzen duena.
- 2017-2019 aldirako toki inbertsioen plana arautzen duen abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legea aldatzen duena.
INTERPELAZIOAK:
- Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren idazkia, gazte-enpleguari buruzko politika orokorraren eskumenari buruzkoa, Eskubide Sozialetako Departamentua arduratuko baita.
MOZIOAK:
- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da sei hilabeteko moratoria bat ezar dezan Eskubide Sozialetako Departamentuaren barruko fundazio publikoa sortzeko. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.
- Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak presoak urruntzen dituen espetxe politikarekiko bere desadostasuna adierazten du. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.
AGERRALDIAK:
- Eskubide Sozialetako kontseilariaren agerraldia erretiratzea. Agerraldia zen Mendetasunaren Behatoki Nazionalak Nafarroari mendetasunaren arreta dela-eta eman dion ez-gai emaitza aztertzeko eta baloratzeko. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Maribel García Malo andreak aurkeztu du.
- Lan Osasunaren Zerbitzuko buruaren eta Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen agerraldia erretiratzea. Agerraldia zen azal zezaten zein balorazio egiten duten Gizarte Segurantzaren mutua laguntzaileen kudeaketan lankidetzan jarduteari buruzko Erregelamendua onesten duen Errege Dekretuaren proiektuari buruz, bai eta prebentzioaren arloko jarduketak erregulatzeko proiektuaren zirriborroari buruz ere. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.
- Eskubide Sozialetako kontseilariarena, informa dezan Enplegu-zentro berezietako egokitze pertsonal eta sozialeko zerbitzuen barruan lanbide jarduerari laguntzeko unitateentzako diru-laguntzen deialdia onesten duen Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen apirilaren 25eko 502/2018 Ebazpenari buruz. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Maribel García Malo andreak aurkeztu du.
- Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariarena, Funtzio Publikoaren Estatutuaren prestalanak zertan diren informa dezan. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Sergio Sayas López jaunak aurkeztu du.
- Eskubide Sozialetako kontseilariarena, azal dezan zer dela-eta kendu diren Yamaguchiko eta Arrotxapeko enplegu bulegoak eta erabaki horrek zer ondorio izanen dituen. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Maribel García Malo andreak aurkeztu du.
LAN-BILKURAK ETA BISITAK:
- ELA eta LAB sindikatuekin egitekoa zen lan-bilkura erretiratzea. Lan-bilkura zen azaltzeko zer balorazio egiten duten Gizarte Segurantzaren mutua laguntzaileen kudeaketan lankidetzan jarduteari buruzko Erregelamendua onesten duen Errege Dekretuaren proiektuari buruz, bai eta prebentzioaren arloko jarduketak erregulatzeko proiektuari buruz ere, eta beren proposamenak azaltzeko. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.
- Foruzaingoaren egungo instalazioetara eta Barne Zuzendaritza Nagusiaren instalazioetara egin beharreko bisitaren programa. Nafarroako Gobernuak aurkeztu du.
AHOZKO GALDERAK:
- Eskaria, Batzordean izapidetu daitezen Club Atlético Osasunak Sadar futbol-zelaia erosteari buruzko galdera (9-18/POR-00080) eta N-134 errepidean egindako trafikoaren neurketei eta aurreikusitako neurriei buruzko galdera (9-18/POR-00120). Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko Carlos Couso Chamarro jaunak aurkeztu du.
- Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatututaren erreformari buruzkoa. Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteko María Luisa de Simón Caballero andreak aurkeztu du.
- Gizarte Zerbitzu publikoen kudeaketari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Nuria Medina Santos andreak aurkeztu du.
- Sesmako Virgen de Nievas ikastetxe publikoan hizkuntza ereduak aldatzeari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Carlos Gimeno Gurpegui jaunak aurkeztu du.
- Rozalejoko Markesaren eraikin okupatuan jarduera ilegalak egin daitezen ez eragozteari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.
GALDERA IDATZIAK:
- 2017-2018 ikasturtean eskola jazarpena dela-eta salatutako kasuei buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.
- 2017-2018 ikasturtean irakasleen eta zerbitzuetako langileen aurka gertatutako erasoei buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.
- Salestarren Iruñeko lurzatien enkanteari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Luis Zarraluqui Ortigosa jaunak aurkeztu du.
- Udan Iruñeko Oinarrizko Osasun Laguntzaren zerbitzua berrantolatzeari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Bakartxo Ruiz Jaso andreak aurkeztu du.
KONTUEN GANBERAREN TXOSTENAK ETA AURREKONTUEN KONTROLA:
- Kontuen Ganberaren fiskalizazio-progaman sartzea honako txosten hauek: Eguneko Zentroko 16 toki misto kudeatzeko laguntza teknikoko kontratua esleitzeko baldintza-agiria (9-18/CCO-00013), Ilundain-Haritz Berri Fundazioarekin 2005ean eta 2011n eta Dianova Elkartearekin 2013an sinatutako kontratuak (9-18/CCO-00016 eta 9-18/CCO-00017) eta Elkarbizitzako neurri judizialak dituzten adingabe arau-hausleentzako eremu zabaleko egoitza-arretako programa kudeatze aldera publizitaterik eta lehia publikorik gabeko prozedura negoziatuaren bidez 2016an sinatutako kontratua (9-18/CCO-00018).
- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dituzte Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak 2018ko maiatzean egindako aurrekontu-aldaketak, zeinak ekainaren 14an sartu baitziren erregistroan.
BESTELAKO GAIAK:
- Mahaiak heldu den bilkurarako utzi du Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioaren izen-aldaketa.
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten baitu Europako Batzordea eta Europar Batasuneko estatuak Europako lurraldean asilo-aukerak murrizten saiatzea. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.
Adierazpen instituzionalaren alde bozkatu dute Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk, Nafarroako Alderdi Sozialistak eta Izquierda-Ezkerrak. Unión del Pueblo Navarrok seigarren puntuaren alde eta hirugarrenaren aurka bozkatu du, eta abstenitu egin da lehenengo, bigarren, laugarren eta bosgarren puntuetan. Nafarroako Alderdi Popularra abstenitu egin da lehengo, bigarren, laugarren eta seigarren puntuetan, eta aurka bozkatu du hirugarrenean eta laugarrrenean.
Adierazpenak honako hau dio:
“1. Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten du Europako Batzordea eta Europar Batasuneko estatuak Europako lurraldean asilo-aukerak murrizten saiatzea.
2. Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten du Europako lurraldetik gero eta etorkin eta errefuxiatu gehiago kanporatzea, beren jatorriak seguruak ez direla jakinda ere.
3. Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten du Europar Batasuneko kanpo eta barne mugen militarizazioa, bai eta harresien eta errepresioaren politika eta atxilotze-zentroetako jende-pilaketa ere. Hartara, atzerritarrak barneratzeko zentroak ixteko eskatzen du, ez dutelako gutxieneko bermerik ematen bertan giza eskubideak betetzeari dagokionez.
4. Nafarroako Parlamentuak bere elkartasuna adierazi nahi die errefuxiatuekin eta etorkinekin lan egiten ari diren GKE-ei, eta Mediterraneoan erreskate-lanean ari diren GKE-ei ezarritako jokabide-kodea eta pairatzen ari diren kriminalizazioa salatu nahi ditu.
5. Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten du Espainiako Estatuak "bero-beroan egindako itzulketak”, eta, hartara, “Mozal Legea” eta Atzerritartasun Legea indargabetzea eskatzen du.
6. Nafarroako Parlamentuak herritarrak babestu eta animatzen ditu Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna dela-eta GKE-ek antolatu dituzten ekitaldietan parte har dezaten”.
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak adierazten baitu arbuiatu egiten duela erakunde publikoek emakumeen aurkako umiliazioa edo laidoa eragiten duten eta indarkeria matxista sustatzen duten kultur ekitaldietan laguntzea. Unión del Pueblo Navarro, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Nafarroako Alderdi Popularreko eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteek aurkeztu dute.
Adierazpenak honako hau dio:
“Nafarroako Parlamentuak:
1. Arbuiatu egiten du erakunde publikoek emakumeen aurkako umiliazioa edo laidoa eragiten duten eta indarkeria matxista sustatzen duten kultur ekitaldietan laguntzea. Halatan, udal autonomia errespetatuta, Cortesko Udalari eskatzen dio Kidd Keoren saiorako gune bat lagatzeko erabakia berrazter dezan.
2. Adierazi nahi du kulturak, bere osotasunean, heritarrak hezten eta sentsibilizatzen lagundu behar duela, gizarte berdinzale eta begirunetsu baterantz aurrerabidea egiteko.
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bere elkartasun osoa adierazten baitie Kataluniako Cornellá de Llobregaten hil den Jordiren bikotekideari, senitartekoei eta lagunei. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioak aurkeztu du.
Alde bozkatu dute Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk, PSNk eta Izquierda-Ezkerrak; UPNk lehendabiziko puntuaren alde bozkatu du eta abstenitu egin da bigarrenean, hirugarrenean eta laugarrenean. PPNk, berriz, lehendabiziko puntuaren alde bozkatu du, abstenitu egin da bigarrenean eta hirugarrenean, eta aurka bozkatu du laugarrenean.
Adierazpenak honako hau dio:
“Nafarroako Parlamentuak:
1. Bere elkartasun osoa adierazten die Kataluniako Cornellá de Llobregaten hil den Jordiren bikotekideari, senitartekoei, lagunei eta bizilagunei.
2. Aitortzen du Jordiren kasua ez dela gertakari isolatu bat, eta egiturazko arazo baten parte dela, lotuta dagoena etxebizitzarako eskubidearen eite ahularekin, gizartearen zati handi batek pairatzen duen prekarietate ekonomikoarekin eta herritarren oinarrizko bizileku-premiei estaldura publikorik ez ematearekin, estaldura falta hori agerikoa baita.
3. Arbuiatu egiten du botere publiko askok tolerantziaz hartzea higiezinen sektoreak eta banketxeek herritarren oinarrizko bizileku-premien bizkar garatzen duten negozio abusuzkoa.
4. Bere babesa adierazi nahi die gizarte zibilak eta talde eta erakunde sozialek –zehazki, Hipotekek Kaltetutakoen Plataformak–egungo bizileku-prekarietate kezkagarria salatzeko eta ikusarazteko deitzen dituzten mobilizazio guztiei”.
- Eledunen Batzarrak ez du onetsi adierazpen instituzional bat egiteko proposamena, zeinaren asmoa baitzen Nafarroako Parlamentuak Nafarroako udalei eta gainerako erakundeei ohartaraztea zuzenbidearen aurkakoa dela Nafarroan Euskal Autonomia Erkidegoaren bandera paratzea. PPNko foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.
Aurkako botoa eman dute Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak; aldekoa, berriz, Unión del Pueblo Navarrok, Nafarroako Alderdi Sozialistak eta Nafarroako Alderdi Popularrak.
Erabaki proposamenak honako hau zioen:
“1. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako udalei eta gainerako erakundeei ohartarazten die zuzenbidearen aurkakoa dela Nafarroan Euskal Autonomia Erkidegoaren bandera paratzea, auzitegien epaiek dioten bezala.
2. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako udaletako alkateei eta zinegotziei ohartarazten die prebarikazio-delitua ekar lezakeela, auzitegien epaiak ikusita, Nafarroan Euskal Autonomia Erkidegoaren bandera paratzea.
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak adierazten baitu Esako urtegia handitzeko obren kontuetan beharrezkoak direla gardentasuna eta kontrola. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.
Aldeko botoa eman dute Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak; aurkakoa, berriz, Unión del Pueblo Navarrok eta Nafarroako Alderdi Popularrak. Nafarroako Alderdi Sozialista abstenitu egin da lehenengo puntuan, eta aurka bozkatu du bigarrenean.
Adierazpenak honako hau dio:
“1. Nafarroako Parlamentuak, Kontuen Auzitegiaren txostena ikusita, salatu egiten du Esako urtegia handitzeko obretan Ebroko Konfederazio Hidrografikoak izandako obskurantismoa eta aurrekontu-deskontrola, % 110eko gainkostua izan baitu, eta kontuetan gardentasuna eta kontrola beharrezkoak direla dio, sakon ikertu eta auditatu ahal izan daitezen.
2. Nafarroako Parlamentua bat dator Kontuen Auzitegiak Esako urtegia handitzeko proiektuaren interes soziala auzitan jarri izanarekin, zeini gehitu behar baitzaizkio segurtasunari buruzko zalantzak; bereziki, eskuin mazelan. Hortaz, departamentuen arteko lantalde batek 2016an egindako Esako urtegia handitzeko obren segurtasunari buruzko zenbait alderdi aztertzeko txosten tekinkoan jasotako ondorioekin bat eta Nafarroako Gobernuak 2017ko irailaren 6an hartutako erabakiarekin bat, obrak geldi daitezen eskatzen du, salbu eta obren eta urtegiaren segurtasunari buruzkoak, harik eta, besteak beste, Nafarroako Gobernuaren aginduz laster eginen diren azterlan independenteen bidez segurtastasunaren gaineko zalantzak argitu arte”.
- Mahaiak jasotzat eman du Iñaki Iriarte López jaunak foru parlamentari izateari uko egin izana, eta, Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioaren eskariz, Mariano Herrrero Ibáñezek hura ordezteko izapideak abiaraztea erabaki du, hauteskunde-zerrendako hurrengoak, José Javier López Rodríguezek, uko egin baitio karguari.