Noiz argitaratua Astelehena, 2017.eko Ekainak 5

2017ko ekainaren 5eko bilkura

NAFARROAKO PARLAMENTUKO MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR, ASTELEHENA, EKAINAK 5, EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK

 

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura egin dute gaur –astelehena, ekainak 5–, 10:00etan, eta honako erabaki hauek hartu dituzte:

 

Izapidetzeko onartu diren gaiak eta hartu diren erabakiak:

 

FORU LEGE PROPOSAMENAK:

- Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legea hein batean aldatzekoa. Geroa Bai talde parlamentarioko Jokin Castiella Imaz jaunak aurkeztu du.

Proposamena irakurketa bakarreko eta urgentziazko prozeduran izapidetuko da Osoko Bilkuran.

 

MOZIOAK:

- Eskaera, Batzordean izapidetu dadin hurrengo mozio hau: Hezkuntza Departamentua premiatzen da hizkuntza eskoletan ikaspostu-kopurua handitu dezan eskatzaile-kopurua eskaintza baino handiagoa den hizkuntzen kasuan. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko María Esther Korres Bengoetxea andreak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da Nafarroako Kutxa Fundazioaren izaera pribatuan atzera egin dezan eta berriro ere publikoa izan dadin. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak erabaki du hezkuntza-erkidegoa, talde parlamentarioak eta Nafarroako Gobernua elkartuko dituen lan-mahai bat sor dezan, Irakasleen Babeserako Lege bat egiteko. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da enpresaren ondorengotzari eta belaunaldien arteko erreleboari buruzko plan bat egin dezan. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea alda dezan. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da gurasotasun positiboa sustatzeko neurriak har ditzan. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Ana María Beltrán Villalba andreak aurkeztu du.

 

AGERRALDIAK:

- Garapen Ekonomikorako kontseilariarena, Sustapen Ministerioarekin maiatzaren 25ean egindako bileran hitz egindakoa azal dezan. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Santos Cerdán León jaunak aurkeztu du.

- Eskubide Sozialetako kontseilariarena, Nafarroan mendekotasun-sistemak izandako bilakaera azal dezan. Nafarroako Gobernuak aurkeztu du.

- Nafarroako Gobernuko lehendakariarena, Nafarroako Ubidearen bigarren fasea zertan den eta Gobernuak horri buruz daukan jarrera azal dezan. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.

- Nafarroako Gobernuko lehendakariarena, abiadura handia Nafarroara iristearen auzia zertan den eta Gobernuak horri buruz daukan jarrera azal dezan. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.

 

LAN-BILKURAK ETA BISITAK:

- Barillasko eta Tulebrasko gurasoen ordezkaritza batekin, Cascanteko Santa Vicenta María ikastetxe publikoan heldu den urtean lanaldi jarraitua ezartzearen ondorioak azal ditzan. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Hezkuntza Berriztatzeko Nafar Ekimenaren ordezkaritza batek foru erkidegoko hezkuntza-proiektu berritzaileen esperientziari buruz informa dezan. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute..

- Nafarroako Unibertsitateko Medikuntza Fakultatera. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Begoña Ganuza Bernaola andreak aurkeztu du.

 

BATZORDE BEREZIAK ETA LANTALDEAK:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Ultzamako biometanizazio plantari buruzko ikerketa batzordearen maiatzaren 30eko erabakia, zeinaren bidez jakinarazi baitu EH Bildu Nafarroako Maiorga Ramírez Erro hautatu dutela batzordeburu.

 

AHOZKO GALDERAK:

- Iruñeko Rozalejoko Markesaren Jauregiaren fatxadaren egoerari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia jaunak aurkeztu du.

- NUPeko Erizaintza Eskolan 2017-2018 ikasturtean biokimikako ikasgaia euskaraz egin ahal izateari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko María Esther Korres Bengoetxea andreak aurkeztu du.

- Iruñeko San Frantzisko ikastetxe publikoko patiorako estalkiari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Miren Aranoa Astigarraga andreak aurkeztu du.

 

GOBERNUAREN BESTELAKO EKIMENAK (HITZARMENAK, FORU DEKRETUAK, KOMUNIKAZIOAK, PLANAK ETA PROGRAMAK):

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute 2017an emandako abalei eta abalatutako zenbatekoei buruzko informazioa.

 

KONTUEN GANBERAREN TXOSTENAK ETA AURREKONTUEN KONTROLA:

- Mahaiak erabaki du Kontuen Ganberari igortzea, azter ditzan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak egindako aurrekontu-aldaketak, zeinak 2017ko maiatzaren 30ean sartu baitziren erregistroan.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Kontuen Ganberak udal montepioaren defizitaren banaketari buruzko aholku-txostena eta Nafarroako Kontseiluaren 2016ko fiskalizazio-txostena.

 

BESTELAKO GAIAK:

- Mahaiak erabaki du Altsasun eginen dela 2017ko ekainaren 19ko bilkura.

Aldeko botoa eman dute Ainhoa Aznárez Igarza lehendakariak, Unai Hualde Iglesias lehen lehendakariordeak eta Maiorga Ramírez Erro lehen idazkariak; aurkakoa, berriz, Alberto Catalán Higueras bigarren lehendakariordeak eta Oscar Arizcuren Pola bigarren idazkariak. Eledunen Batzarraren bilkuran, UPN, PSN eta PPNren ordezkariek eskatu dute deialdia geroratzea. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Duguren ordezkariak aurka agertu dira, eta I-Eren ordezkaria Mahaiaren erabakiak zer erabakitzen duen, horrexen alde aldertu da.

 

- Adierazpen instituzional bat onetsi da, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak gure erkidegoa barne hartuko duen Atlantikotik Mediterraneorako trenbide-korridorearekiko bere konpromisoa adierazten baitu.

 

Nafarroako Parlamentuko Eledunen Batzarrak Geroa Baik aurkeztutako adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak gure erkidegoa barne hartuko duen Atlantikotik Mediterraneorako trenbide-korridorearekiko bere konpromisoa adierazten du.

 

Adierazpeneko lehen puntua aho batez onetsi da. Bigarrena UPNren, Geroa Bairen, EH Bildu Nafarroaren, PSNren eta PPNren aldeko botoarekin onetsi da, Podemos-Ahal Duk eta I-Ek aurkako botoa eman baitute. Hirugarren puntua, berriz, UPNren, Geroa Bairen, PSNren eta PPNren aldeko botoarekin, eta EH Bildu Nafarroaren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aurkakoarekin.

 

Onetsiriko adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bere konpromisoa adierazten du gure erkidegoa barne hartuko duen Atlantikotik Mediterraneorako trenbide-korridorearekin, hartara Nafarroa Europarekin konektatuko baita.

 

2. Nafarroako Parlamentuak nazioarteko estandarrekin bateragarria den eta behar adinako ahalmena duen trenbide-konponbide baten aldeko apustua egiten du, salgaien eta pertsonen garraio-beharrizanei erantzun egokia emanen diena.

 

3. Nafarroako Parlamentuaren ustez, Nafarroako eta Espainiako gobernuek arestian aipatutako trenbide-konponbideari buruzko beste hitzarmen bat adostu behar dute, nafarren interesendako garestia ez den finantzaketa-sistema bat jasoko duena.

 

EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak eta I-Eko foru parlamentarien elkarteak zuzenketa bat aurkeztu diote adierazpeneko hirugarren puntuari, bai eta gehitzeko zuzenketa bat ere laugarrenari. Proposamena egin duen taldeak ez dituenez zuzenketa horiek onartu, ez dira bozkatu.

 

Hona EH Bildu Nafarroak eta I-Ek aurkeztutako zuzenketen testua:

 

3. apartatua ordezteko zuzenketa:

 

“Nafarroako Parlamentuaren ustez, beharrezkoa da Castejóndik Arrizabalagara bitartean hasitako prestazio handien proiektua berraztertzea; izan ere, trenbide-aukera horrek Erdialdea 1. eremua isolatzea dakar, trenera zuzenean igotzeko aukerarik gabe. Espainiako Gobernuarekin eta ADIFekin sinatutako akordioak berrikustea eskatzen dugu, Erdialderako proiektuaren premiari eta onura sozial eta ekonomikoari buruzko azterlan gaurkotu bat egiteko”.

 

4. apartatu bat gehitzeko zuzenketa:

 

“Nafarroako Parlamentuaren ustez, beharrezkoa da Estatuak eta ADIFek trenbidearen Nafarroako egungo tartea hobetzea gogoan hartzea, Europako edo nazioarteko zabalerako hirugarren erraila ezartzeko, halako moduan non hobekuntza horrek Nafarroako herritarrei bermatuko baitie ibilbide luzeko tren bat edukitzea eta salgaiak garraiatzea.

 

- Adierazpen instituzional bat onetsi da, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak elkartasuna erakusten baitie errefuxiatu sahararrei.

 

Nafarroako Parlamentuko Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du “Paz y Libertad en el Sahara-Bakea eta Askatasuna Saharan” taldeartekoaren koordinatzaile Ainhoa Unzu Gárate andreak aurkeztutako adierazpen instituzional bat. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak bere elkartasuna adierazten die saharar errefuxiatuei.

 

Hona adierazpenaren testua:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bere elkartasuna erakusten die errefuxiatu sahararrei.

 

2. Nafarroako Parlamentuak dei egiten die entitate eta erakunde publikoei, urgentziaz eta eraginkortasunez areagotu eta gauzatu dezaten errefuxiatuentzako laguntza solidario eta humanitarioa.

 

3. Nafarroako Parlamentuak hedabideei, elkartasun-erakundeei eta gizarte zibilari gonbita egiten die ezagutaraz dezaten Mendebaldeko Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan bizi duten larrialdi-egoera.

 

4. Nafarroako Parlamentuak dei urgentea egiten die gobernuz kanpoko erakundeei, sahararren kausarekin bat egiten duten elkarteei, gizarte zibilari eta Saharako herriaren lagun guztiei, errefuxiatuekiko elkartasuneko eta laguntza humanitarioko ekimenetan parte har dezaten.

 

5. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua eta Espainiako Gobernua premiatzen ditu laguntza humanitarioaren eta garapenerako lankidetzaren arloko lehentasun gisa manten ditzaten sahararren errefuxiatu-kanpalekuekin zerikusia duten laguntza eta proiektuak, bai eta horiek antolatzeko lanetarako laguntza ere”.

 

- Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak, NUPeko Ikasleen Kontseiluak, Eskola Kontseiluko ikasleen ordezkariek eta Ortzadar LGTBI elkarteak bultzatutako adierazpen instituzional bat onetsi da. Horren bidez Nafarroako Parlamentuak babestu egiten du “Nafarroako Ikasgeletako Bizikidetasunaren aldeko Proiektua”.

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak, NUPeko Ikasleen Kontseiluak, Eskola Kontseiluko ikasleen ordezkariek eta Ortzadar LGTBI elkarteak bultzatu baitute. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztutako adierazpen instituzional bat onetsi dute. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak babestu egiten du Nafarroako Ikasgeletako Bizikidetasunaren aldeko Proiektua.

 

Adierazpena UPNren, Geroa Bairen, EH Bildu Nafarroaren, Podemas-Ahal Duguren, PSNren eta I-Eren aldeko botoarekin onetsi da; PPNk aldeko botoa eman dio bigarren puntuai, eta abstenitu egin da lehenengo eta hirugarren puntuetan.

 

Hona adierazpenaren testua:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak babestu egiten du “Nafarroako Ikasgeletako Bizikidetasunaren aldeko Proiektua”, zeina Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak, NUPeko Ikasleen Kontseiluak, Eskola Kontseiluko ikasleen ordezkariek eta Ortzadar LGTBI elkarteak bultzatu baitute.

 

2. Nafarroako Parlamentuak errespetuan, bizikidetzan eta onarpenean oinarritutako hezkuntza baten aldeko apustu irmoa egiten du; hortaz, bere konpomisoa adierazi nahi du, ikasgeletan ez dadin inor egon beste pertsonak batzuk diskriminatu, bereizi edo are eraso eginen diena beren sexu- joera, generoa, kultura, erlijioa nahiz bestelako bereizketa-mota direla-eta.

 

3. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du “Nafarroako Ikasgeletako Bizikidetasunaren aldeko Proiektuaren” manifestuarekin, eta Nafarroako Foru Komunitateko herritarrei dei egiten die Iruñean heldu den ekainaren 9an –ostirala– eginen den manifestazioarekin bat egin dezaten”.

 

- Onetsi egin da adierazpen instituzional bat. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten ditu Luis Zarraluqui UPNko parlamentariak Gobernuko eledun eta Hezkuntzako kontseilari María Solanari zuzentzeko 2017ko ekainaren 1eko Osoko Bilkuran erabilitako hitzak.

 

Nafarroako Parlamentuko Eledunen Batzarrak Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztutako adierazpen instituzional bat onetsi dute. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten ditu Luis Zarraluqui UPNko parlamentariak Gobernuko eledun eta Hezkuntzako kontseilari María Solanari zuzentzeko 2017ko ekainaren 1eko Osoko Bilkuran erabilitako hitzak.

 

Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk, PSNk eta I-Ek aldeko botoa eman dute; UPNk eta PPNk, berriz, aurkakoa.

 

Hona adierazpenaren testua:

 

“Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten ditu Luis Zarraluqui UPNko parlamentariak Gobernuko eledun eta Hezkuntzako kontseilari María Solanari zuzentzeko 2017ko ekainaren 1eko Osoko Bilkuran erabilitako hitzak, ez dutelako ezertarako ere laguntzen erakunde publikoek bultzatu beharreko genero-berdintasuna lortzeko”.

 

Mahaiak, bestalde, ez du onartu Luis Zarraluqui Ortigosa foru parlamentariak egindako eskaria, 2017ko ekainaren 1eko Osoko Bilkuraren bilkura-egunkaritik kentzekoa Hezkuntzako kontseilari eta Nafarroako Gobernuaren eledun María Solanari zuzendutako honako hitz hauek: “oso ederra ere badela esango nuke”.

 

Mahaiak ez du eskaria onartu ez delako Legebiltzarraren Erregelamenduan ezarritako prozeduraren araberakoa. Aurkako botoa eman dute Ainhoa Aznárez Igarza lehendakariak, Unai Iglesias Hualde lehen lehendakariordeak eta Maiorga Ramírez Erro lehen idazkariak; aldeko botoa, berriz, Alberto Catalán Higueras bigarren lehendakariordeak eta Oscar Arizcuren Pola bigarren idazkariak.

 

- Adierazpen instituzional bat onetsi da, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak erreferendum bat egin dadin exigitzen baitu, monarkiaren eta errepublikaren artean hautatzeko.

 

Nafarroako Parlamentuak Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztutako adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak erreferendum bat egin dadin exigitzen du, monarkiaren eta errepublikaren artean hautatzeko.

 

Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aldeko botoa eman dute; UPNk, PSNk eta PPNk, berriz, aurkakoa.

 

Onetsiriko adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak erreferendum lotesle bat egin dadin exigitzen du, Espainiako Estatuko herritarrek erabaki dezaten ea monarkiaren edo errepublikaren alde egiten duten estatu-molde gisa.

 

2. Nafarroako Parlamentuak erabaki du adierazpen hau Nafarroako Gobernuari eta Errege Etxeari igortzea”.

 

I-Ek aurkeztutako adierazpenaren proposamenak bi puntu gehiago zituen, baina baztertu egin dira UPNren, Geroa Bairen, PSNren eta PPNren botoekin; aldeko botoa eman dute EH Bildu Nafarroak eta I-Ek, eta Podemos-Ahal Dugu abstenitu egin da.

 

Hona baztertutako puntuak:

 

“2. Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten du Felipe VI.a Erregeak eta Leticia Erreginak heldu den ekainaren 6an Nafarroara eginen duten bisita.

 

3. Nafarroako Parlamentuaren ustez, bisita horren karietara eginen diren ekitaldietan ez du parte hartu behar ez Gobernuaren ez Nafarroako Parlamentuaren ordezkaririk”.

 

- Onetsi egin da adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi egiten baititu Londresen eta Kabulen (Afaganistan) izandako atentatuak.

 

Nafarroako Parlamentuko Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du Ainhoa Aznárez Igarza lehendakariak aurkeztutako adierazpen instituzional bat. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi egiten ditu Londresen eta Kabulen (Afaganistan) izandako atentatuak.

 

Hona adierazpenaren testua:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi egiten du Londresen ekainaren 3an izandako atentatua, 7 hildako eta dozenaka zauritu eragin zituena. Halaber, Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi egiten du Kabulen (Afganistan) maiatzaren 31n kamioi-bonba batekin egindako erasoa, 90 hildako eta ehunka zauritu eragin zituena.

 

2- Nafarroako Parlamentuak bere doluminak eta elkartasuna helarazi nahi dizkie zuzenean nahiz zeharka kaltetutako pertsona guztiei.

 

3. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Foru Komunitateko herritar guztiak premiatzen ditu adierazpen honekin bat egin dezaten eta indarkeria terrorista arbuiatzeko eta biktimei elkartasuna adierazteko egiten diren ekitaldi guztietan parte har dezaten”.

 

Parlamentuko lehendakariak Legebiltzarreko zuzendaritza-organoei jakinarazi die Legebiltzarraren fatxadako banderak haga erdian paratuko direla ekainaren 7ra arte –asteazkena–, eta Nafarroako Gobernuak deitutako elkarretaratzean parte hartzeko gonbita egin du.