Noiz argitaratua Ostirala, 2019.eko Abenduak 13

2015etik 2018ra bitarteko amatasun eta aitatasun prestazioen kenkari fiskalak arautzen dituen foru lege proiektuari buruzko irizpena onetsi da

Salbuestea baztertu da, baita etorkizunerako ere, Navarra Sumak batzordean planteatu duen bezala, eta amatasun eta aitatasun prestazioengatiko kenkari berria 2020an bakarrik aplikatuko da

Ekonomia eta Ogasun Batzordeak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga hein batean aldatzen duen Foru Lege proiektuari buruzko irizpena onetsi du gaur, Navarra Sumak aurka bozkatuta. Lege proiektu horren artikulu bakarrean planteatzen da 2015etik 2018ra bitartean jasotako amatasun eta aitatasun prestazioengatik kenkari berri bat aplikatzea 2020an bakarrik.

 

Parlamentuko gainerako taldeek, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek, kontra egin diote Navarra Sumaren planteamenduari. Talde horrek berriz proposatu du amatasun eta aitatasun prestazioak salbuestea, kasu honetan “2020ko urtarrilaren 1etik aurrera”.

 

Navarra Sumaren zuzenketa ez du beste talde batek ere babestu. Etorkizunerako salbuespen bat ezartzea defendatzen zuen, “aurreko aldietarako ematen den konponbidea izanda ere 2020rako berariazko kenkari bat”.

 

Salbuespena bazterturik, 2015etik 2018ra bitartean jasotako amatasun eta aitatasun prestazioengatiko kenkaria zergaren kuota diferentzialaren gainean aplikatuko da, lege proiektuan jasotzen den bezala.

 

Beraz, diru sarreren arabera, errekargua oso-osorik itzul daiteke, PFEZaren 2020ko kuota diferentziala zero edo negatiboa den kasuetan, edo bestela zati bat itzul daiteke.

 

Nolanahi ere, subjektu pasiboek jasotako prestazioei % 25eko ehunekoa aplikatuko zaie eta emaitza hori izanen da kenkaria, baldin eta subjektu pasibo horien errentak, salbuetsiak barne, 30.000 euro baino handiagoak ez badira. Ehuneko hori murrizten joanen da subjektu pasiboaren errentak handitu ahala eta zero izanen da errentak 105.000 euro baino goragokoak badira.

 

Irizpena onetsi ondoren, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga aldatzen duen Foru Lege proiektua Osoko Bilkurara eramanen da ostegunean, abenduak 19, behin betiko eztabaida eta bozketa egiteko.

 

Isabel Aranburu (Geroa Bai) aritu da bilkuraren buru, eta bertan izan dira María Jesús Valdemoros, Juan Luis Sánchez de Muniáin, José Suárez, Marta Álvarez, Carlos Pérez Nievas, Cristina Ibarrola (Navarra Suma talde parlamentarioa), Ainhoa Unzu, Inma Jurío, Arantza Biurrun (PSN talde parlamentarioa), Mikel Asiain (Geroa Bai talde parlamentarioa), Adolfo Araiz, Laura Aznal (EH Bildu talde parlamentarioa), Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioa) eta Marisa de Simón (Mistoa-Izquierda-Ezkerra talde parlamentarioa).

 

· www.nafarroakoparlamentua.eus
· Foru lege proiektua (39. NAO, 2019-11-21ekoa)
· Zuzenketak (47. NAO, 2019ko 12-11koa)