Noiz argitaratua Asteazkena, 2018.eko Urriak 31

2002. urtetik aurrera Sodena enpresa publikoaren jarduketei eta Gobernuaren eta bere kideen parte-hartzeari buruzko ikerketa batzordea eratu da

Jokin Castiella (Geroa Bai) lehendakari izendatu ostean, azaroaren 12ra arte agerraldi proposamenak eta informazio eskaerak egiteko epea zabaldu du

Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik eta I-Ek proposatutako eta pasa den irailaren 20an Osoko Bilkuran onetsitako Ikerketa Batzordea eratu da gaur goizean, “Sodenaren jarduketak ikertzeko eta Iberdrolaren akzioen salerosketan (2005-2014) Nafarroako Gobernuaren eta bere kideen parte-hartzea ikertzeko, baita huts egin duten finantza-inbertsioetan eta Davalor Salud SL enpresari emandako maileguetan ere”. UPN, PSN eta PPNk aurkako botoa eman zuten, euren Davalorri buruzko proposamena babestu baitzuten.

 

Legebiltzarreko Lehendakaria, Ainhoa Aznarez Igarza, izan da Ikerketa Batzordearen eraketa bilkurako batzordeburu, eta lehendakari gisa Jokin Castiella (Geroa Bai) izendatu dute, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bairen eta I-Eren aldeko botoekin (7 boto). 5 boto zuri zenbatu dira, UPN, PSN eta PPNri dagozkienak.

 

Castiella lehendakari izendatu ondoren, Ikerketa Batzordea ateak itxita bildu egin da jarduera plana zehazteko, eta adostu dute, esaterako, azaroaren 12ra arte agerraldi proposamenak eta informazio eskaerak egiteko epea zabaltzea. Azaroaren 14an, asteazkena, batzordea berriz bilduko da eskaerak izapidetzeko. Hortik aurrera, epe berri bat irekiko da oraindik zehazteke dagoena, lan egutegia zehazteko.

 

Jokin Castiella lehendakari den Ikerketa Batzordeko kideak izango dira Juan Luis Sánchez de Muniáin, Mariano Herrero (UPN), Jokin Castiella, Rafael Eraso (Geroa Bai), Maiorga Ramírez, Arantxa Izurdiaga (EH Bildu), Carlos Couso, Laura Pérez (Podemos-Ahal Dugu), Guzmán Garmendia, Ainhoa Unzu (PSN), Ana Beltrán (PPN) eta José Miguel Nuin (Izquierda-Ezkerra).

 

Mahaiak urriaren 15ean onetsitako arauen arabera, Batzordearen xedea izanen da “2005-2014 aldian, SODENA enpresa publikoak Iberdrolaren akzioen salerosketa operazioan baliatutako prozeduraren eta haren emaitzaren azterketa”.

 

Era berean, “Kontuen Ganberak 2002-2013 aldian azterturikoetatik, huts egin zuten zenbait proiektuetan SODENAk eginiko inbertsio finantzarioetan baliatutako prozeduraren azterketa eta inbertsio horien egokitasuna sozietate publiko horren xedea aintzat hartuta”.

 

Halaber, “SODENA enpresa publikoak DAVALOR SALUD S.L. Enpresari eginiko zenbait mailegu emateko baliaturiko prozeduraren azterketa” ere egingo da.

 

Eta azkenik, “Nafarroako Gobernuaren eta haren kideen parte-hartzea ikertuko da aipatu eragiketetan”:

 

Batzordea talde parlamentario bakoitzeko bi kidek eta foru parlamentarien elkarte bakoitzeko kide batek osatuko dute. Bere erabaki guztiak boto ponderatuaren sistemaren bitartez hartuko ditu, batzordeburuaren hautaketa barne. Eledun bakoitzak, bere taldea edo foru parlamentarien elkartea zenbat foru parlamentarik osatzen duten, horrenbeste boto edukiko ditu batzordean.

 

Batzordeak egiten dituen informazio- eta dokumentazio-eskaerei erantzuna eman beharko zaie Batzordeak berak kasu bakoitzean ezartzen duen epean. Informazioa edo dokumentazioa zuzenean batzordeburuari helarazi behar zaio, eta horrek batzordekide diren foru parlamentariei berehala emanen die.

 

Batzordera agertzeko eskariak zitazio fede-emaile bidez eginen ditu Parlamentuko lehendakariak, agerraldia baino hiru egun lehenago, gutxienez. Zitazio horretan hauxe jaso beharko da:

 

a) Batzordeak zein egunetan hartu zuen kasuko pertsonaren agerraldia eskatzeko erabakia.

 

b) Agerraldira deitutakoaren izen-abizenak.

 

c) Agerraldiaren tokia, eguna eta ordua.

 

d) Ohartarazpena, adieraztekoa ezen, agertzen ez bada, Zigor Kodearen 502.1 artikuluan jasotako desobeditze-delitua eginen duela.

 

e) Agerraldian hizpide izanen dituen gaiak.

 

f) Espresuki aipatuko da Konstituzioak aitortzen dituen eskubideak errespetatuko direla; bereziki, pertsonen intimitate eta ohorerako eskubidea, sekretu profesionala eta kontzientzia klausula.

 

g) Agerraldia hedabideei irekia izanen delako ohartarazpena. Halere, agerraldira deitutakoak batzordeari eskatzen ahalko dio bilkura isilpekoa izan dadila, horretarako arrazoiak azalduz.

 

Agerraldira deitutakoak berari laguntzeko izendatzen duen pertsonarekin egin ahalko du agerraldia. Agerraldira deitutakoa batzordeari mintzatu aurretik, batzordeburuak hura ohartaraziko du Zigor Kodearen 502.3 artikuluak ezarritakoaz, Parlamentuko ikerketa batzorde baterako deialdia jaso eta lekukotza faltsua ematen duenarentzat.

 

Ikerketa Batzordeak bere eginbeharrak garatuko ditu eskatutako lana amaitu arte, eta otsailaren 1a baino lehenago txosten batean islatuta egon beharko da, luzatzeko aukera aurreikusita.