19/2018 Foru Legean aurreikusitako inbertsio finantzarioki jasangarriak egiteko 35 milioiko kreditu berezia onetsi da
Toki Inbertsioen Plana eta Banda Zabalaren Plan Zuzendaria lehenesten dira, zeren, nahiz eta urrian onetsitako foru legeak 113 milioiko zuzkidura izan, zenbateko horretara mugatzen baita Ministerioaren baimena
Parlamentuak, gaurko osoko bilkuran, UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN, PPN eta I-E taldeen aldeko botoekin eta Orain Bai taldearen aurkako botoarekin, foru lege bat onetsi du, 35.546.085 euroko kreditu berezi bat ematen duena urriaren 10eko 19/2018 Foru Legean aurreikusitako inbertsio finantzarioki jasangarrietako batzuk egiteko; Legebiltzarrak 113 milioi euroko zuzkidura jarri zuen lege horretarako.
“Ogasuneko Ministerioak nahitaezkoa den baimena eman duenez inbertsio horiek egiteko, bidezkoa da horien exekuzioari hasiera ematea 2018. urtea amaitu baino lehen”, zehazten da. Kasu honetan, gauzatu beharreko jarduketak Toki Inbertsioen Planera eta Banda Zabalaren Plan Zuzendarira mugatzen dira; horiek 19/2018 Foru Legearen I. eta II. eranskinetan jasorik daude, hurrenez hurren.
Kreditu bereziaren zenbatekoa aurrekontuko partida hauetan aplikatuko da: IFJ 19/2018 FL Banda Zabalaren Plan Zuzendaria (9.840.000 euro), IFJ 19/2018 FL 2018ko EAO Zoladura, sareekin (9.176.115), IFJ 19/2018 FL Zoladura, sarerik gabe (1.044.462), IFJ 19/2018 FL Udal ekipamenduak eraikuntzako araudi teknikora egokitzea (1.377.231), IFJ 19/2018 FL Hornidurako, saneamenduko eta euri uretako toki sareak (10.342.486), IFJ 19/2018 FL Argiteria publikoa (3.162.913), eta IFJ 19/2018 FL Une oro biztanleak dituzten lekuetarako bideak eta biziguneen artekoak (602.878 euro).
Kreditu berezi hori Diruzaintzako gerakina, gastu orokorrak izeneko partidaren kargura finantzatuko da (35.546.085 euro), eta osorik egotziko zaio 2018ko kontabilitate-ekitaldiari; hori ez da oztopo izanen aurrekontu betebeharrak 2019ko ekitaldian aitortu ahal izateko.
Horiek horrela, ahalmena ematen zaio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari 19/2018 Foru Legearen II. eranskina, Toki Inbertsioen Planari buruzkoa, aldatzeko, baina “aldaketa horrek ez du ezein kasutan ekarriko foru lege horretan ezarritako zenbateko globalaren gehikuntzarik”.
Gainera, “zilegi izanen da funts-mugimenduak egitea sortutako partiden artean, eta ez zaizkie aplikatuko Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritako mugak”.
Urriaren 10eko 19/2018 Foru Legean aurreikusitako inbertsio finantzarioki jasangarrietako batzuk egiteko 35.546.085 euroko kreditu berezia ematen duen Foru Legea NAOn argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean.
Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 4. artikuluak ezartzen du foru legez arautu behar direla Nafarroako aurrekontu orokorrak, bai eta haietan egindako aldaketak ere, kreditu bereziak edo kreditu-gehigarriak emateari buruzkoak badira. Beraz, 2018ko Aurrekontuan esleitutako kreditua nahikoa ez denez, bidezkoa da legea onestea, kasu honetan irakurraldi bakarrean.
Ogasuneko Ministerioaren baimena
2018rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko Legearen ehun eta hamaseigarren xedapen gehigarriaren Bat. a) apartatuan, autonomia-erkidegoen eta autonomia-estatutua duten horien aurrekontu-superabitaren erabilerarako arau berezi batzuk ezartzen dituen horretan, honako hau ezartzen da: aurreko ekitaldian kontabilitate nazionaleko terminoetan superabita lortu duten eta aurrekontu-egonkortasunaren arau guztiak bete bai baina gastu-araua bete ez duten erkidegoek, Aurrekontu eta Gastuetako estatu-idazkaritzaren baimena behar izango dute xedapen hori aplikatu ahal izateko. Nafarroak baimena eskatu zuen, eta eman zitzaion.
Aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza jasangarritasunaren Lege Organikoaren 17. artikuluan xedatutakoa betez Ogasuneko Ministerioak egin zuen bigarren txostenean (2018-10-15) jasotakoaren arabera, Nafarroak 232 milioi euroko superabita (BPGd-ren % 1,17) izan zuen 2017an, eta horrek ekarri zuen saldo fiskalak aurreikusitakoaren aldean 1,8 puntuko desbideratze positiboa izatea (BPGd-ren -% 0,6). Gainera, memorian bertan jaso bezala, Foru Komunitateak zorraren helburua ere bete zuen, % 18,3ko maila izan baitzuen, hau da, orokorrean ezarritakoa (% 18,6) baino hiru hamarren txikiagoa.
Gastu-arauaren ondorioetarako, alabaina, Ogasuneko Ministerioaren txostenean ezartzen da Nafarroak mugaren 1,1 hamarren desbideratu zituela, gastu konputagarria % 3,2 aldatu zuelako eta, horrenbestez, gutxi gorabehera 28 milioiko gehiegizko gastua izan zuelako.
Gastu-araua ematen da “gastua ez dadin hazi ekonomia nazionalaren hazkunde handiagoarekin”. Beraz, honako hau baino harago doa: “diru-sarreren eta gastuen arteko aldea mugatzea defizitaren helburu bat ezarriz (aurrekontu-saldoaren bidez); gastuan zuhurtasuna ezarri behar da hazkunde ekonomikoa ematen denean, eta gastuaren hazkundea epe ertainera kalkulatu den aldakuntza-tasara mugatu behar da, ongialdia bizi deneko hazkunde ekonomikoaren tasatik behera gera dadin”.
Ekitaldi honi dagokionez, eta Estatuko Administrazioaren Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratu dituen azken betearazpen-datuak aintzat hartuta, Estatuko Idazkaritzak “ez du ikusten egonkortasunaren, zor publikoaren edo gastu-arauaren helburuak ez betetzeko arriskurik”. Hori dela eta, “Nafarroari baimena ematen zaio” 2018rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko Legearen ehun eta hamaseigarren xedapen gehigarrian, aurrekontu-superabitaren erabilerarako arau berezi batzuk ezartzen dituen horretan, xedatutakoa aplikatzeko.
-
Foru lege proiektua (150. NPAO, 2018-11-13koa)