Publicada el Friday, 23 de December de 2016

Tributuei buruzko Foru Lege Orokorra hein batean aldatzea onetsi da

Delitu fiskalaren prebentzioa eta jazarpena hobetzea eta Estatuko laguntzei eta informazio-trukeari dagokien guztia Europako eskakizunetara egokitzea da asmoa

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorra hein batean aldatzen duen Foru Legea aho batez onetsi du gaur.

Legearen xedea tributu arloko prozedurak modernizatzea da, zerga betebeharrak bete daitezen bermatzeko, eta bide batez Estatuko laguntzei eta informazio-trukeari dagokion guztia Europak egindako eskakizunetara egokitzea, betiere segurtasun juridikoa eta elkarrekiko konfiantza gero eta handiagoak direlarik.

Horretarako, iruzur fiskalaren prebentzioa eta haren kontrako borroka sendotzen dira, xede honekin: delitu fiskalengatiko zigor prozeduretan Ogasunari bide ematea ikertutako zerga egitateei dagozkien tributu likidazioak egiteko, orain arte hori ezinezkoa baitzen.

Halaber, geroratzeak onartzeko baldintzak aldatzen dira, geroratze horien betearazpena bermatzeko. Hala, modu zorrotzagoan jokatzen da konturako ordainketarekin, eta bermeak aurkeztea beharrezkoa ez den epea hiru urtetik bira murrizten da.

Hala ere, borondatezko aldian zein ordainarazpen aldian egindako geroratze edo zatikatze eskaeren kasuetan, betiere zenbatekoa 6.000 eurotik beherakoa bada, geroratze edo zatikatze epea 12 hilekoa gehienez, eta maiztasuna hilerokoa, ez da bermerik eskatuko, ez eta ordainketa tramitazioaren aurretik egin beharra ere.

Ñabardura horren bitartez galarazi nahi da “baldintzak gogortzeak zor bat betearaztea eragotz dezan”.

Beste alde batetik, legeak tributu arloko foru araudia egokitzen du Europar Batasuneko zuzenbidearen eskakizunetara, bi gai hauei dagokienez: bata, Estatuko laguntzak berreskuratzea, eta bestea, izan beharreko arretaren eta informazioaren betebeharrak ezartzea finantza entitateei, beharrezkoa den arretaren eta elkarrekiko laguntzaren esparruan.

Azkenik, tributu arloko araudian hobekuntza tekniko batzuk sartzen dira, bai eta Nafarroako Zerga Ogasunaren funtzionamenduan pilatu den eguneroko esperientziara egokitzekoak ere. Arlo horretan aipatzekoak dira gai hauekin lotutako neurrietan egin diren aurrerapausoak: preskripzioa; tributu zor bat bidegabea deklaratu denean haren betearazpena bertan behera uzteko aurkeztutako abal eta bermeen kostua zergadunei itzultzea; eta tributu arloko datuak Nafarroako administrazio publikoei lagatzea beren eginkizun eta eskumenak bete ditzaten.

Horri dagokionez, tributu arloko datuen isilpeko izaerari salbuespen bat gehitzen zaio, orokorrean Nafarroako Administrazio Publikoekiko lankidetzaren barruan, eta zehazki, Etxebizitza Departamentuarekiko lankidetzaren barruan, pertsona fisikoak eta juridikoak nahiz horien helbideak identifikatzeko datuak behar diren kasuetarako”.

Etxebizitza arloan eskumena duen departamentuaren kasuan, isilpeko datuen lagapenak barnean hartuko ditu eginkizun hauek: etxebizitzaren eskuragarritasuna sustatzea, etxebizitza arloko jarduketa babesgarrietarako laguntza publikoak kudeatzea eta bere ardurapean dauden etxebizitzen erregistroak mantentzea.

Laburbilduz, asmoa da Etxebizitza Departamentuak bere ahalmenak baliatzeko beharrezkoak dituen tributu arloko idazpen guztiak eskura edukitzea, bai pertsona fisikoen errentari buruzko datuak, bai higiezinen titulartasunari buruzko datuak nahiz okupazioari edo jarduera ekonomikoak egiteari buruzkoak. Azaltzen denez, hori guztia bat dator zortzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin; xedapen horrek arautzen du zerga arloko informazioaren hornidura.

www.nafarroakoparlamentua.eus
• Foru lege proiektua (128. NPAO, 2016-11-03koa)
• Zuzenketak (138. NPAO, 2016-11-23koa)
• Irizpena (138. NPAO, 2016-11-23koa)