Publicada el Thursday, 17 de November de 2016

Parlamentuak Espainiako Gobernua premiatzen du pentsioak kobratzea bateragarria izan dadin egile-eskubideak kobratzearekin

Azpimarratu egiten du mekanismo zuzen eta eskuragarriak taxutu behar direla erretiroa hartutakoan lana sustatzeko, pentsio duina bermatze aldera

Parlamentuak gaurko osoko bilkuran aho batez onetsi duen erabaki batean Espainiako Gobernua premiatzen da “egungo legediaren aldaketa susta dezan, halako moduan non bateragarria deklaratu ahalko baita Gizarte Segurantzaren araubideko pentsio publikoak kobratzea eta egile-eskubideengatiko diru-sarrerak jasotzea”.

Aldaketa hori egin arte, proposatzen da “araudia lan horren kultur interesari erreparatuta interpretatzea, halako moduan non erretiroa hartu duten egileen sormen-lanaren jarraipena erraztuko baita”.

Onetsitako erabakiaren bigarren puntuan honako hau eskatzen da: “Gobernuak neurri hori hartu arte, espediente guztiak geldiaraz daitezen, pentsioaren zenbatekoak erreklamatze aldera nahiz araudi soziolaborala urratzeagatik gaur egun izapidetzen ari direnak”.

Bestalde, arauaren “atzeraeragina” eskatzen da, “lehen puntuan adierazten den moduan aplikatzen denean, halako moduan non Gizarte Segurantzaren Administrazioak ofizioz itzuliko baititu aldez aurretik egindako etenaren ondorioz zor diren pentsioen zenbatekoak, eta Enpleguaren eta Gizarte Segurantzaren Ministerioak orain arte egin duen interpretazioaren ondorioz erretirodunei bidegabeki eskatutako diru-sarrerak itzuliko baitizkie”.

Ildo horretatik, “Gizarte Segurantzaren Administrazioak nahiz Lan arloko Administrazioak abiarazitako arau-hauste prozedura guztiak” baliogabetzeko eskatzen da, “bai eta, kasua bada, ezarri diren zehapenak ere”. Bigarren puntu honetan UPN eta PPN abstenitu egin dira.

Hirugarren atalean eskatzen da, gainera, “elkarrizketa prozesu bat abiaraz dadin sindikatuekin, sektorearen ordezkaritza duten erakundeekin eta egile-eskubideak kudeatzen dituzten entitateekin, Artistaren eta Sortzailearen Estatutu bat egin ahal izateko, lan-jarduera horretan aldizkakotasun-eredu bat jasoko duena”. Horrek ahalbidetuko luke “kulturgile-lanbidea errealitate berezi gisa ulertzea, mekanismo bereziak behar dituena kotizazioari, kontratazioari eta osasun-, amatasun- nahiz langabezia-kontingentziei dagokienez eta, oso bereziki, sortzaileen eta artisten erretiro duin eta bidezko bat bermatzeari lotutako kontingentziei dagokienez”.

Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldeek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak sustatutako erabakiaren zioen azalpenean, politika publikoak artista eta sortzaileen lan-bizitzaren berezitasunei egokitzeko eskatzen da, sektore horretan berez prekarioa izan ohi den eta aldizkakotasunak eta informaltasunak markatzen duen lan-bizitzarako baldintza duinak eskaintzeko, talentua, ezagutza eta sormena baitira sektore horretako hazkunde-ereduaren oinarriak.

Ildo horretan, 2012az geroztik Gizarte Segurantzari buruzko legediaren irakurketa oso murriztailea egin dela kritikatzen da; horren arabera, 65 urtetik gorako sortzaile guztiek aukera egin behar dute, edo beren pentsioa kobratzen jarraitu (uko egin behar diete ikastaroengatik, artikuluengatik eta hitzaldiengatik ordainsaria kobratzeari eta sortutako egile-eskubideei, baldin eta horren bidez lanbide arteko gutxieneko soldataren urte bateko zenbatekoa gainditzen badute), edo pentsioari uko egin eta beren sormenaren fruituetatik bizitzen jarraitu, egile-eskubideak barne.

Proposatzaileek diotenez, interpretazio horrek “tratu berezitua eta are diskriminatzailea dakar erretiro-pentsioei buruzko Gizarte Segurantzaren arauen aplikazioari dagokionez, pentsio hori jasotzearekin bateragarriak izan daitezkeen errenten edo diru-sarreren jatorriaren arabera”.

Hori dela eta, azpimarratu egiten da mekanismo zuzen eta eskuragarriak taxutu behar direla erretiroaren garaian sortzaileen lana sustatzeko, pentsio duina eta haien lanak duen balio sozialaren neurrikoa bermatze aldera.

Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren kultur estatistiken arabera, kultur arloko enpleguaren bolumena milioi erdi pertsona baino gehiagokoa da –enpleguaren % 3, guztira–. Nafarroan, 8.000 pertsona ingurukoa da, eta enplegu osoarekiko proportzioa ere antzekoa da.

www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (117. NPAO, 2016-10-14koa)