Publicada el Thursday, 29 de September de 2016

Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du zerbitzugune eta gasolindegien ikuskapena susta dezan

Jendeari erregaiak saltzeko pertsona bat daukaten gasolindegien eta arau hori betetzen ez dutenen arteko lehia desleiala zuzentzeko

Parlamentuak aho batez gaurko Osoko Bilkuran onetsi duen erabaki batean, Nafarroako Gobernua premiatzen du “ikuskapen-ekintzak bultza ditzan, Foru Komunitateko zerbitzuguneei eta gasolindegiei buruzko araudia betetzen dela egiaztatzeko, berariaz begiratuz 182/1997 Foru Dekretuko 7. artikuluan xedatutakoa betetzen dela”.

Onetsitako erabakiaren bigarren puntuan Parlamentuak Foru Gobernua premiatzen du “enpresei eska diezaien, ikuskatze-ekintzak egin ondoren, araudia betetzea, eta, kasua bada, 182/1997 Foru Dekretuko 11. artikuluan aurreikusitako zehapenak jar ditzan”.

Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldeek eta I-Eko foru parlamentarien elkarteak sustatu dute erabakia. Zioen azalpenean 182/1997 Foru Dekretuak xedatutakoa gogorarazten da: “Nahitaezkoa da instalazioaren ardura duen pertsona bat egotea ibilgailuetarako gasolioa eta gasolina jendeari saltzeko instalazioa irekita edo/eta zerbitzuan dagoen bitartean”. Urteak joan, urteak etorri, arau hori albora uzten joan da erabat edo neurri batean, bereziki low cost izenez ezagutzen diren gasolindegietan.

Proposatzaileen esanetan, Administrazioak ez du ezer egin eta, gauzak horrela, “lehia desleiala gertatzen da, sektorean ez da lanposturik sortzen eta murriztu egiten dira kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak”.

www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (88. NPAO, 2016-06-17koa)