Publicada el Tuesday, 6 de September de 2016

Nafarroako Kutxari buruzko Ikerketa Batzordeak irailaren 30era arte luzatu du informazioa jasotzeko epea

Bere lanak amaitzeko epea, berriz, hiru hilabete luzatu du, urte amaierara arte

Nafarroako Kutxaren desagerpenaren inguruko arrazoiak bilatzeko eta erantzukizunak argitzeko eratutako Ikerketa Batzordea gaur bildu da lanerako plan bat diseinatzen aurrera egiteko. Plan horretan beste epe bat ezarri da, oraingoan irailaren 30era artekoa, informazio eskaera berriak bideratzeko.


Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta PSNren eskariz baimenduta, epe berri horrek jarraipena ematen dio iragan ekainaren 28an Nafarroako Kutxa Fundazioaren eta Nafarroako Gobernuaren eskariz irekitakoari; azken horren indarraldia abuztuaren 31n bukatu da.


Tarte horretan, Batzordeak Kanarietako Gobernutik helarazitako dokumentazioa jaso du, Banca Cívicaren bat-egiteari eta gero Caixabankek hura xurgatzeko prozesuari buruzkoa; Nafarroako Gobernuaren dokumentazioa; Auzitegi Nazionaleko 6. Instrukzio Epaitegiaren dokumentazio mordoa; eta bigarren dokumentu multzo bat, Nafarroako Kutxa Fundaziotik bidalia. Gainera, Ekonomia Ministerioak eta Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak emandako erantzunak jaso dira, bai eta Iruñeko 3. Instrukzio Epaitegiarena ere.


Informazio berri horren azterketaren ondorioz, Ikerketa Batzordeko kideek erabaki dute beste epe bat irekitzea informazio gehiago eskatu ahal izateko.

Epea luzatzea erabaki da, lehenik, Iruñeko 3. Instrukzio Epaitegiaren erantzunak eraginda. Izan ere, Epaitegiak jakinarazi du Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari kontsulta egin diola, jasotako informazio-errekerimendua bete ahal izateko, baina oraindik ez duela erantzunik jaso. Horregatik, Batzordeak egokitzat jo du erantzuna aldekoa den ala ez jakin arte itxarotea.

Bigarrenik, Auzitegi Nazionaleko 6. Instrukzio Epaitegiak bidalitako dokumentazioa aztertu beharra dago (dokumentazio mardula da eta baliteke informazio-eskaera gehiago eragitea).

Hirugarrenik, Ikerketa Batzordeko lehendakaritzak adierazi du bilerak egin nahi dituela eskatutako dokumentazio mordoa ez emateko lege-argudioak baliatu dituzten entitateekin (Caixabank eta Nafarroako Kutxa Fundazioa).

Horren harira, abuztuaren 30ean Nafarroako Kutxa Fundazioko ordezkariekin izandako bileraren berri eman du Unai Hualde Ikerketa Batzordeko lehendakariak. Bilera hartan Fundazioak iragarri zuen beste dokumentu batzuk igorriko zituela (abuztuaren 31n jaso ziren), eta zenbait arrazoi argudiatu zituen, batez ere Datuen Babesari buruzko Legean oinarrituak, eskatu zitzaion bigarren informazio multzo bat ez emateko. Nafarroako Parlamentuko legelariek Fundazioaren arrazoiak aztertu eta gero, beste bilera bat egin liteke Nafarroako Kutxa Fundazioarekin.

Azkenik, Ikerketa Batzordeak izapidetu egin ditu tarte horretan, ekainaren 28an egindako azken bilkuraz geroztik, aurkeztu diren informazio-eskaerak.

Alde batetik, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu taldeen eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkartearen eskaera bat, Kanarietako Gobernuak udan lortutako erantzuna dela eta. Hartan zehazten da zer dokumentazio jotzen den interesekotzat Batzordearen lanetarako, Banca Cívica sortzeko prozesuari, Caixabankek gero hura xurgatzeari eta komunitate honetako Gobernuak prozesu horretan egin zuen gainbegiratze lanari dagokienez.

Bigarrenik, Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldeak Caixabanki zuzendutako informazio-eskaera, Nafarroako Kutxak hipoteka-aktiboen titulizazioko funtsekin sinatutako kontratuei eta hipoteka-aktiboak titulizatzeko hartutako erabakiei buruzkoa.

UPN parlamentu-taldeak, bestalde, bi peritu-txosten eskatu dizkio Auzitegi Nazionaleko 6. Instrukzio Epaitegiari.

Horregatik guztiagatik, kontuan izanik hasieran irailaren 30era arteko epea ezarri zela lanak bukatzeko, Batzordeak erabaki du hiru hilabetez luzatzea epe hori; hala, ondorioei buruzko txostena (epea berriro luzatu ezean) urte amaierarako egin beharko da.


Onetsitako arauei jarraituz, Ikerketa Batzordearen helburua izanen da jakitea eta zehaztea Nafarroako Kutxaren eta haren Enpresa Korporazioaren nahiz lotutako gainerako enteen jarduketak bat etorri ote ziren sorrerako printzipioekin, eta argitzea zein den desagertzearen ondorengo ondare-multzoaren gaurko egoera.


Gaurko bilkuran, Unai Hualde (Geroa Bai parlamentu-taldea) buru zutela, honako hauek izan dira: Luis Casado, Luis Zarraluqui (UPN parlamentu-taldea), Koldo Martínez (Geroa Bai parlamentu-taldea), Adolfo Araiz, Arantza Izurdiaga (EH Bildu parlamentu-taldea), Carlos Couso, Tere Sáez (Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldea), Guzmán Garmendia, Inma Jurío (PSN parlamentu-taldea), Ana Beltrán (PPNko foru parlamentarien elkartea) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkartea).