Publicada el Thursday, 30 de June de 2016

Valle del Roncal zentroa zaharberritzeko proiektu bat aurkezteko eskatzen zuen mozioa baztertu egin da

Arazo funtzional larriak konpontzeko 5,7 milioiko proiektu bat aipatu du UPNk, eta jada esku hartzen ari dela erantzun dute Geroa Bai, Bildu, Podemos eta I-Ek

Parlamentuaren Osoko Bilkurak, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aurkako botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aldeko botoekin, gaur atzera bota du mozio bat non Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “aurten bertan, irailean, Ezgaitasunaren Arreta Integralerako Valle del Roncal zentroa berriztatzeko eta handitzeko proiektua gauzatzeko egutegia aurkez dezan, zeinean jasoko baita behar den aurrekontua, Nafarroako aurrekontu orokorren kargura, proiektu hori 2017an eta 2018an garatzeko, 2019an bukatu arte”.


Baztertutako mozioaren bigarren puntuan, Foru Gobernuari eskatzen zitzaion zentroa zaharberritzeko eta handitzeko proiektu hori “Valle del Roncal Senitartekoen Elkartearen eta zentroan lan egiten duten profesionalen parte-hartze etengabearekin, jarraipenarekin eta adostasunarekin egin dadin”.


Zioen azalpenean, UPN parlamentu-taldeak bultzatutako mozioak gogora ekartzen zuen Eskubide Sozialetako Batzordeak martxoan egindako bisita, eta, horren harira, hau salatzen zuen: “Zentroaren egoera penagarria da, arazo larriak baititu, funtzionalak (pribatutasun falta eta leku falta) eta konstruktiboak (oztopo arkitektonikoak, hezetasunak eta pitzadurak)”.


Valle del Roncal zentroaren prestazio gabezia konpontze aldera, proposatzaileak nabarmentzen zuen badagoela zentroa faseka (hiru urtetan) zaharberritu eta handitzeko proiektu bat, 5.715.114 eurokoa, esku hartu beharraren erakusgarri. “Nafarroako Gobernua bat dator diagnostiko horrekin”, gehitzen zuen.


Ezgaitasunaren Arreta Integralerako Valle del Roncal zentroa Ospitale Psikiatrikoaren barrutian dago, eta 1998an hasi zen funtzionatzen. Titulartasun publikoko eta kudeaketa pribatuko egoitza-zerbitzua da; 114 leku ditu, horietatik 10 eguneko egonaldietarako.


Zentroan 65 urtetik beheitiko pertsonak artatzen dituzte, desgaitasun psikiko arina, larria edo sakona dutenak, etxean bizi ahal izateko autonomiarik edota familia- eta gizarte-babesik ez dutenak. Zentroak 170 langileko plantilla dauka.

www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (88. NPAO, 2016-06-17koa)