Publicada el Thursday, 30 de June de 2016

Diabetesa duten helduentzako unitate funtzionala sortzeko eskatzen duen erabakia onetsi da

Oftalmologian itxarote-zerrendak kudeatu behar ditu, diabetesari buruzko heziketan sakondu, eta material suntsikorraren eskuragarritasuna hobetu osasun etxe guztietan

Gaur egindako osoko bilkuran Parlamentuak aho batez onetsi duen erabaki baten bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da “diabetesa duten helduentzako unitate funtzional bat, diziplina anitzeko taldea izanen duena (oftalmologia, neurologia, oin diabetikoaren unitatea...) sortzeko lan egin dezan, halakoa non azterketa medikoen kopurua murriztuko baita, horiek bateratuz, eta oftalmologiako itxarote-zerrenden kudeaketa berraztertu ahalko baita konplikazioak saihesteko, endokrinologoaren irizpideak betez eta begi-patologia diagnostikatzeko teknikak hobetuz; adibidez, aldizkako erretinografia, pazientearen kontrol metabolikoa nolakoa den ere”.


Onetsitako erabakiaren bigarren puntuan hau egiteko eskatzen zaio Foru Gobernuari: “Osasun-sistemaren barnean mekanismoak ezarri, diabetesa duten pertsonei bizitza osoan zehar –eta ez debut-unean bakarrik– diabetesaren inguruko hezkuntza etengabea eta sistematizatua bermatzen dietenak, autozainketa eta tratamenduarekiko atxikidura indartuta. Diabetesaren inguruko hezkuntza hori bermatu egin behar zaie diabetesa duten pertsonei, haien diabetes mota (I. mota eta II. mota) zein ere den”.


Ildo beretik, jada hirugarren atalean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “diabeteserako material suntsikorra banatzeko irizpideak bateratu ditzan, diabetesa duten pertsonek material hori eskuratzea erraztu dezan eta gure erkidegoko osasun-zentro eta ospitale guztietan irizpide horiek betetzen direla ziurta dezan”.


Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio, gainera, “diabetesa duten pertsonei endokrinologia-zerbitzuetatik azal dakien diabetesaren tratamendurako teknologia berrien aplikazioa, zeinak ahalbidetzen baitu tratamenduarekiko atxikidura handiagoa, gaixotasunaren gaineko autokontrol hobea eta pertsonaren bizi-kalitate handiagoa. Une honetan honako hauek dira teknologia berri horiek: intsulinaz hornitzeko gailuak (BICI) eta glukosa-sentsoreak”.


Bestalde, Foru Gobernuari dei egiten zaio “azterlan bat egin dezan, ikastetxe publikoetan erizaintzako profesional bat ezartzearen gaineko beharrizanak eta aukerak ikertuko dituena, osasunerako eta ohitura osasungarrietarako hezkuntza sustatze aldera eta diabetesa bezalako patologiak dituzten adingabeei behar bezalako arreta bermatzeko”.


Orobat, “baterako protokolo bat presta dezan, derrigor bete beharrekoa, Hezkuntza Departamentuaren, Osasun Departamentuaren, Diabetes Pediatrikoaren Unitatearen, ANADIren eta/edo gai horretan egiaztatua dagoen beste edozein elkarteren artean. Protokolo horrek behar bezalako arreta (gluzemiak egitea, intsulina ematea...) bermatuko die diabetesa duten adingabeei ikastetxeetan, eskola-ordutegiaren barnean zein horretatik kanpo, ikasgelaren barnean eta bestelako jardueretan ere (adibidez, txangoak)”.


Hezkuntza Departamentuari eskatzen zaio “eskola-jantokiak antolatzen dituzten guraso-elkarteei eskaera egiteko, eskola-jantokiak gaur egun diruz laguntzen diren heinean, jantoki horietan ikasle guztien beharrizanei behar bezala erantzuten zaiela berma dezaten, beharrizan bereziak dituzten umeak horietatik baztertuta geratzea eragotzita”.


Azkenik, Nafarroako Gobernua premiatzen da “suhiltzaile eta polizia izateko enplegu publikoko deialdietan erabiltzen diren medikuntza-bazterketen taulak berrikus ditzan eta diabetesa duten pertsonak banan-banan baloratuak izan daitezen, kontuan hartuta diabetes mota, tratamendua, gluzemia-kontrolaren maila (batez besteko mailak eta aldakortasuna), jakintzak eta konplikazio arinak eta larriak, pertsona bat lanpostu horretarako gai ala ez-gai den erabakitzerakoan”.


Zuzenketak bazekarren beste epigrafe bat, EH Bilduren eta Geroa Bairen aurkako botoekin eta UPN, PPN eta I-Eren abstentzioekin atzera bota dena; epigrafe horretan Foru Gobernuari eskatzen zitzaion “glukosa-sentsoreak farmazia-prestazioetan sartzeko”. PSNk eta Podemos-Ahal Duguk baino ez diote eman aldeko botoa.


Zioen azalpenean, UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN, PPN eta Izquierda-Ezkerrak sustatutako erabakiak bere egiten ditu Osasun Batzordean iragan maiatzaren 17an Nafarroako Diabetes Elkartearekin (ANADI) egindako lan-saioan atera ziren ondorioak.

www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (80. NPAO, 2016-06-03koa)