Enpleguaren kalitatearen aldeko plan bat prestatzeko eskatzen duen erabakia onetsi du Parlamentuak
Agintekeriak, ezkutuko ekonomia eta aitortu gabeko enplegua uxatu behar ditu, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren bidez
Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur aho batez erabaki bat onetsi du Nafarroako Gobernua premiatzen duena “enpleguaren Kalitatearen aldeko Plan bat presta dezan gure Komunitateko eragile ekonomiko eta sozialekin lankidetzan, Nafarroan agintekeriak, ezkutuko ekonomia eta aitortu gabeko enplegua uxatuko dituena”.
Onetsi den erabaki horren bigarren puntuan, halaber, Foru Gobernua premiatzen da “kanpainak egin ditzan, Nafarroako gizarte osoa sentsibilizatze aldera aitortu gabeko enpleguaren ondorio negatiboekin eta horretara joz gero aplika daitezkeen zehapenekin”.
Jada hirugarren atalean, Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio honako hauei lotutako datu guztiak argitaratzeko: “gure Komunitatean dagoen ezkutuko ekonomia, eta ekonomia mota horren eragina kolektiboen, sektoreen eta jarduera-alorren arabera, baita eremu geografikoen arabera ere; problematika horrek bereziki zer esparru ukitzen dituen bereziki nabarmenduko da”.
Espainiako Gobernuari ere eskatzen zaio “Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren jarduketak nabarmen gehitu ditzan Nafarroako Foru Komunitatean, lanaren eta Gizarte Segurantzaren esparruko araudi osoa betetzen dela kontrolatzeko, eta, halaber, horretarako behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak ugaritu ditzan”.
Gobernu zentrala bera premiatzen da, azkenik, “lanaren eta Gizarte Segurantzaren araudiaren esparruan arau-hauste oso larriengatik ezarritako zehapen irmoen berri eman dezan, dagoen berariazko araudiak ezartzen duen moduan, ahal den neurrian etorkizuneko arau-hausleei horrelakoetarako asmoa kentzeko”.
PSN parlamentu-taldeak sustatutako erabakiaren zioen azalpenean eskatzen da abian jar daitezela “enpleguaren kalitatea hobetzeko berariazko jarduketak, azpimarra jarriko dutenak kalitatean, eta ez prekarietatearen eta laneko istripu ugarien azpian dagoen kostu-murrizketan”.
Horiek horrela, ohartarazten da “Gizarte Segurantzan alta ez hartzea, legez kontrako aparteko orduak ugaritzea, lanaldi luzeegiak eta, batez ere, lanaldi partzialeko kontratuak masiboki eta iruzurrez erabiltzea benetako lan-esplotazioa” direla, “langileei zein sistemari berari kalte egiten diena”.
Horregatik, proposatzaileak lan harremanen esparru berri bat eskatzen du. “Alde horretatik, lanerako eskubidea bermatzeko eta, aldi berean, askatasun ekonomikoei eta merkatu-ekonomiari eusteko, enpresen arteko lehia desleiala zaindu beharko da, Laneko Ikuskatzailetzaren bidez dumping soziala ekidinez”.
• www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (78. NPAO, 2016-05-27koa)