Publicada el Monday, 9 de May de 2016

Parlamentuak 2015eko Kontuak onetsi ditu, eta 1.952.083,03 euro itzuli dizkio Foru Ogasunari

Lehendakariak kudeaketa arduratsuarekiko konpromisoa erakutsi du; dietetan, ostatu-gastuetan eta arreta sozialetan egindako doikuntzak nabarmendu ditu, eta klausula sozialak sartzea planteatu du

Kontuen Ganberak gaiari buruz emandako txostena ikusita, Eledunen Batzarrak erabaki du 2015eko ekitaldiko Nafarroako Parlamentuaren Kontuak onestea.


Era berean, onetsitako likidazioarekin bat, erabaki du Foru Komunitateko Diruzaintzari exekutatu ez duen 1.952.083,03 euroko kopurua itzultzea.


Azkenik, agindu du erakundearen web orrian argitara daitezela Nafarroako Parlamentuaren 2015eko Kontuak, bai eta Kontuen Ganberak egindako fiskalizazio txostena ere.


http://www.parlamentodenavarra.es/inicio/convocatoriascontrataciones/his...


Foru Komunitateko Parlamentuaren 2015erako aurrekontuen likidazioari dagokionez, aipatu beharra dago ezen, hasiera batez onetsitako aurrekontua 12.733.846 eurokoa izan bazen ere, aurrekontu bateratua 12.902.117,77 eurokoa izan dela, aurreko ekitaldiko 168.271,77 euroko kreditu-gehikuntzetatik heldutako aurrekontu-aldaketen ondorioz.


Gastuen aurrekontu exekutatuta 10.969.467,72 eurokoa izan da; hau da, % 85,02ko betetze-maila izan da. Exekutatu diren diru-sarreren aurrekontua 12.839.973,51 eurokoa izan da, eta haren betetze-maila % 95,52koa izan da.


Aurrekontu-egiturari erreparatuta, eragiketa arrunten % 96,69 bete da —10.609.031,71 euroan zenbatetsi dira—, eta kapital-eragiketen % 3,31 —360.436,01 euro—.


Kapituluen arabera, Langileen gastuak izenekoan, aurrekontu bateratua 6.773.313 eurokoa zen; horietatik, aitortutako betebeharrak tarteko, 6.337.553,56 euro exekutatu dira —% 93,57ko exekuzio-maila—.


Ondasun arruntetako eta zerbitzuetako gastuak izeneko kapituluak 2.360.576,27 euro zeuzkan; horietatik, 1.361.563,42 euro gastatu dira. Horrek % 57,68 exekuzio-ehunekoa erakusten du. Kapitulu honek exekutatutako gastuen aurrekontuaren % 12,41 egiten du.


Transferentzia arruntak kapituluan exekutatutako gastu guztien % 26,53 dira; behin betiko aurrekontuek 3.031.737 euro egiten dute, % 95,98ko betetze-mailarekin.


Inbertsio errealen kapituluak 675.691,50 euroko aurrekontu bateratua du, gastuen aurrekontuaren % 5,23 hain zuzen ere. Exkekuzioaren portzentajea % 49,65ekoa izan da. Agintzeko gelditu dira 120.314,98 euro egiten duten betebeharrak.


Finantza-aktiboei eta -pasiboei dagokienez, zuzkitutako kredituak 60.800 eurokoak izan dira eta, betetze-maila, berriz, % 43,15ekoa.


Kontuen Ganberak egindako fiskalizazio-txostenak jotzen du Foru Komunitateko Parlamentuaren 2015eko Kontuek ondarearen, aurrekontuaren likidazioaren eta finantza-egoeraren "irudi fidela" erakusten dutela. Halaber, jotzen du Parlamentuaren jarduera ekonomiko eta finantzarioa "legezkotasun printzipioari jarraituz" egin dela.


Kontuen Ganberaren aholku-txostena organo fiskalizatzaile horri buruzko abenduaren 20ko 19/1984 Foru Legeari jarraituz egin da.


2015eko aurrekontuko kontuen likidazioa azaltzeko hedabideen aurrean egindako agerraldian, Nafarroako Parlamentuko lehendakari Ainhoa Aznárezek azpimarratu du Foru Komunitateko Parlamentuak "jarraitzen duela izaten autonomia-ganbera bakarra bere kontuak onetsi aurretik Kontuen Ganberaren fiskalizazioaren pean jartzen dituena, hartara gardentasunarekin eta kontu-ematearekin duen konpromisoa betez.


Oraingoa lehenengo aldia da, "jokabide egokien jarduketa horren barruan, Parlamentuaren auditoria egiten denetik, Mahaiari kontuekin batera egin ohi den gomendioen txostena aurkezten zaiona. Zerbitzu Juridikoei eta Kontu-hartzailetzari agindu diet proposamen horiek azter ditzatela, behin aztertuta Kontuen Ganberak adierazitako hobekuntzen garapena baliozkotzeko".


2015eko Kontuen likidazioari dagokionez, Ainhoa Aznárezek azaldu du ezen, gastuaren izaerari erreparatuta, "100 euro bakoitzeko 58 euro langileen ordainsarietarako izan direla; 12 euro gastu arruntetarako; 27 euro transferentzietarako (taldeen eta elkarteen diru-laguntzak, hitzarmenak eta abar) eta 3 inbertsioetarako".


Etorkizunari begira, "kudeaketa arduratsuarekin" konpromisoa hartu ondoren, horren barne dela "Parlamentuaren kontratazioan klausula sozialak sartzeari buruzko azterketa", lehendakariak nabarmendu du berdintasun plan bat jarriko dela abian –horrek, besteak beste, lagunduko du lana bateragarri egiteko neurriak aztertzen–, euskara plan bat ezarriko dela eta, halaber, beste parlamentu batzuetako prestakuntza jardunaldietara joanen dela; hori guztia zerbitzuri publikoen hobekuntza jarraituaren aldeko apustuaren barruan".


Arlo ekonomikoan, Ainhoa Aznárezek gogoratu du doikuntza batzuk egin direla bidaia-dietetan (110 eurotik 80 eurora Estatu barrenean; eta 175 eurotik 110 eurora nazioarteko kasuetan) bai eta ostatu-gastuen kategorian (gehienez ere lau izarreko hotelak erabiliko dira) eta arreta sozialetan ere, "non ia erabat desagertu baitira bazkariak eta gainerako arrandiak".


Iraunkortasunaren arloan, lehendakariak balioan jarri du botilaratutako ura erabiltzeari utzi zaiola, "horrek ekarri duen aurrezkiarekin eta ingurumenerako dakarren onurarekin. Egiteko gelditu da Parlamentuko eraikinaren efizientzia energetikoaren diagnostikoa, zeren eta energia-kontsumoaren mailak hobetzeko aukerak ikusi baitira".


Plangintza- eta kudeaketa-eragiketei dagokienez, Ainhoa Aznárezek ohartarazi du "datozen ekitaldietan erakundeak inbertsio-ahalegin handia egin beharko duela, ikus-entzunezko sarearen eta bozketa-sistemaren zaharkitzeari aurre egiteko, besteak beste. Diru-kopuru handi bat izanen da, baina ezinbestekoa da Parlamentuaren ohiko jarduketari eusteko.


Azken ohar gisa, lehendakariak baieztatu du ezen Parlamentuko Kontu-hartzailetza eta Gai Ekonomikoetarako Zerbitzuari web orriko gardentasunaren atalaren bitartezko kontsultak ez ezik, "behar den edozein argibide ere eskatu ahal zaiola".