Publicada el Thursday, 7 de April de 2016

Nafarroako Gobernua premiatzen da osorik bete dezan Genero-nortasunagatik ez baztertzeari buruzko Legea

Arau aitzindaria dela azpimarratzen da, eta oso garrantzitsutzat jotzen da adingabeen familien sentsibilizazioarekin, laguntzarekin eta heziketarekin zerikusia duen guztia

Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur aho batez onetsi duen ebazpen batean Nafarroako Gobernua premiatzen da “Pertsona transexualak genero-nortasunagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko azaroaren 19ko 12/2009 Foru Legea osorik bete dezan eta, bereziki, adingabe transexualen familien sentsibilizazio-, arreta- eta lagun egite kanpainekin zerikusia duena eta hezkuntzaren arloko ekintzei lotutako guztia”.

EH Bildu parlamentu-taldeak sustatutako ebazpenaren zioen azalpenak gogorarazten du arau “aitzindaria” izan zela Pertsona transexualak genero-nortasunagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko Legea. Hala eta guztiz ere, “gaur egun oraindik garatu gabe dago”.

Hori dela eta, transexualitatea “giza aniztasunaren beste aldaera bat” baino ez dela nabarmendu ondoren, proposatzaileak hizpidera dakar Adingabe Transexualen Familien Chrysallis Elkartearekin egindako lan bilera. Bertan behin eta berriz esan zen “errealitate horren gaineko jakintza eta errespetua” sustatu beharra dagoela, batez ere “profesionalen prestakuntza, transexualitatearen ikusarazpena eta transexualen eskubide guztien babesa” oinarri hartuta.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioa (35. NPAO, 2016-03-11koa)