Publicada el Thursday, 4 de February de 2016

Gobernuak berriz esan du hizkuntza eskubideen bermea zainduko duela

Erregio eta gutxiengoen hizkuntzen Europako Gutunean jasotako gomendioei jarraitzen die; Europako Kontseiluak fiskalizatzen du nola betetzen diren

"Gobernu honek Nafarroako herritarren hizkuntza eskubideen bermea zaindu nahi du", esan du Nafarroako Gobernuko eledunak, Ana Ollok, eta Gobernuak gutxiengoen hizkuntzei buruz Europako Kontseiluak emandako "gomendioak betetzeko" bidetik jarraituko duela erantsi du.


Foru Parlamentuko kontroleko osoko bilkuran kontseilariak Geroa Bairen galdera bati erantzun dio: ea Nafarroako Gobernuak zer balorazio egiten duen Espainiak Erregio eta gutxiengoen hizkuntzen Europako Karta betetzeari buruz Europako Kontseiluak emandako laugarren txostena dela-eta.


Foru Gobernuaren eledunak adierazi duenez, euskarak "suspertze prozesu baten beharra du eta nafar guztien onerako izanen da prozesu hori".


Ollok esan du Gobernua lanean ari dela Europatik heldu diren gomendioak betetzeko. Orain, adibidez, Euskararen Legea aldatu ondoren, "Nafarroa osoko gurasoek beren seme-alabak eskolatzeko eredua aukeratu ahal izanen dute aukera-berdintasunarekin".


Hedabideei dagokienez, esan du lizentzia eman zaiola euskarazko irrati bati, Euskalerria Irratiari, prozesu "bihurri" baten ondoren, eta erantsi du Eusko Jaurlaritzarekin batera lanean ari direla ETB digitala Foru Komunitatean jaso ahal izateko, besteak beste.


Hezkuntzaren eta hedabideen arloetako neurriez gain, Ana Ollok nabarmendu du azken ukituak ematen ari zaizkiola "Nafarroako administrazio publikoetan euskararen erabilera arautuko duen" dekretu proposamenari.


Koldo Martinezek (Geroa Bai PT) bere "poza" agertu du Europako Kontseiluaren gomendioak aintzat hartu direlako "gure historian lehenengo aldiz. Lehenengo sei hilabete hauetan Gobernu berriak kosmopolitismo aberasgarri baten alde egin du. Joera horrek ez du batere zerikusirik aurreko Gobernuen baldarkeria elebakarrarekin. Esan du Gobernu hau benetan ari dela "lanean nafar guztien eskubideak errealitate bihurtzeko", eta "bide horretan segi dezala" eskatu du.