Publicada el Tuesday, 22 de December de 2015

Zerga erreformari buruzko foru legea onetsi dute

Xedea progresibitatea hobetzea, enpresen fiskalitatea haien emaitzetara egokitzea eta ekonomiaren suspertzea eta kalitateko enplegu orokorra ahalbidetzea da

Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak, Geroa Bai-k, EH Bildu-k, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak haren alde eman dituzten botoekin eta UPNk, PSNk eta PPNk haren aurka eman dituzten botoekin, hainbat zerga eta bestelako tributu neurri aldatzeko foru legea onetsi du gaur, zeinaren bidez hein batean aldatzen diren Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bategina, Ondarearen gaineko Zergari buruzko azaroaren 19ko 13/1992 Foru Legea; Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legea eta Hidrokarburoen gaineko Zerga.


Gobernuak sustatu duen neurri sorta bat da, 2016ko PFEZren atxikipenetan eta 2017ko aitorpenetan eragina izango duena. Xedea da “progresibitatea hobetzea, enpresen fiskalitatea haien emaitza ekonomikoetara egokitzea eta, esparru sozietariotik atera gabe, suspertze ekonomikoa eta kalitateko enplegu egonkorra ahalbidetzea kenkari berriak ezarriz”.


Nafarroako Zerga Ogasunak egin dituen estimazioen arabera, zerga erreforma aplikatzeak 2016 eta 2017ko diru-bilketan 127,18 milioi euroko eragina izango du: 72,54 milioi PFEZ tarifa berrietatik etorriko dira (27,2 2016an eta 45,34 2017an); 14,43 milioi Ondarearen gaineko Zergan egindako aldaketetatik, 2017ko aitorpenean eragina izango duena; eta 26,05 milioi Sozietateetatik (2,8 milioi 2016an eta 23,25 2017an).


Horrez gain, aurreikusten da Hidrokarburoen gaineko Zergaren berrikuntza fiskalek 2016an 14 eta 15 milioi bitarteko diru-bilketa gehigarri bat ekarriko dutela eta 2017an izango duen aplikazioa aztertzen ari dira. Diru-bilketa horiek “politika publikoen finantzazioa hobetzea” ahalbidetuko dute.


Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (PFEZ) egin den aldaketak, 1. artikuluan jasotzen denak, indarrean dauden tarteak berrantolatzen dituen tarifa berri bat proposatzen du eta aplikatu daitekeen tasa oinarri likidagarriko 32.000 eurotik aurrera 0,5 eta 4 puntu artean areagotzen du, era horretan tasa maximoa % 52an geratzen da (orain % 48koa da). Erreformarekin indarrean dauden kenkari pertsonalak eta familiarrak zergaren kuotan atxikipen izatera pasatzen da, oraingo zenbatekoaren % 25era.


Aurrezkiaren tarifa bereziari dagokionez, erreformak hirutik laura igotzen ditu existitzen diren tarteak. 6.000 euro arte aplikatu daitekeen tasa % 19an mantentzen du; 6.000 eta 10.000 euro artean % 21era igotzen du; 10.000 eta 15.000 euro arteko errendimenduengatik % 23ra; eta % 25era zifra horren gainetik daudenak. Orain arte muga % 23koa zen.


Halaber, aplika daitekeen kenkari sorta ere aldatu egiten da. Kuota pertsonalen eta familiarren kenkari berriez gain, lanarengatiko minorazioa aldatu egiten da, “progresiboagoa” bihurtuz eta gutxienez 400 euroraino iritsiz, orain dauden 700en ordez.


Era berean, etxebizitzaren kenkaria babes ofizialeko etxebizitza gisa kalifikatutakoetara eta eskuratzen den unean salmenta prezioa mugatuta dagoenetara mugatzen da. Kenkaria ordaindutako zenbatekoen % 15era iristen da, urtean 7.000 euroko maximoraino. 2016ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioak izango ditu.


Gainera, atzerrian burututako lanarengatiko salbuespena aldatu egiten da, 30.000 eurora mugatuz eta “mugako lan” gisa hartzen direnak salbuetsiz.


Era berean, Pentsio Planen ekarpenaren muga murriztu egiten da, 5.000 eurotan utziz, 7.000tan 50 urtetik gorakoentzat, bi kasuetan 1.000 euro gutxiago. 500 eurora mugatzen da (Sozietateen gaineko Zergaren moduan) Energia Elektrikoaren Ekoizpen balioaren gaineko Zergaren kenkaria, hortaz “tributu hori osotasunean ekoizle berriztagarri txikien % 80a baino gehiagori ordaintzen zaio”.


Azkenik, Sozietateen gaineko Zergaren moduan, entitate lotetsiengatik egindako atxikipenei kenkaria aplikatzeko aukera ezabatu egiten da ez baldin badira era eraginkorrean ingresatu. Aldaketa horiei zergaren hainbat alderdiri eragiten dieten aldaera teknikoen sorta bat gehitu zaizkie.


Batzordean egin den eztabaidan gehitu diren berrikuntzen artean kaleratzearen kalte-ordainak araudi estatalarekin berdintzea dago. Era horretan, Nafarroan ere epeetan kobratutakoari % 30eko kenkaria aplika dakiokeen, “betiere errendimendu osoaren zenbatekoa ez bada 300.000 euro baino altuagoa (hortik gora ez da inongo kenkaririk aplikatuko), bi urte baino gehiagoko sortze epe bat duten eta ez diren era periodikoan edo errepikarian jasotzen”.
300.000 euroko muga kalkulatzeko ez dira kontuan hartuko 2015.eko urtarrilaren 1a baino lehenago jasotako zenbatekoak.


Bestalde, hezkuntzako zerbitzuekin zerikusia duten salgaietan emandako ordainsariak erregimen orokorraren bidez arautzera pasako dira. Aldaketa horrek zuzenean eragiten dio Nafarroako Unibertsitateari, izan ere, langileen eta senideen matrikulak salgaietan emandako ordainsari gisa tributatuko dute berriro eta era horretan “parekidetasuneko egoera” batera itzuliko da.


Enpresaren jarduerarekin zerikusia duten salgaietan emandako ordainsarien balorazioa “ezingo da publikoari eskaintzen zaion prezioa baino baxuagoa izan”, horrela jotzen da Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorraren eta beste lege osagarri batzuen testu bategina onesten duen 1/2007 Errege Dekretu Legegilearen 60. artikuluan aurreikusten denean, “murrizketa arrunt edo komunei eta % 15 eta urtean 1.000 gainditzen ez duen beste edozeini kenkaria aplikatuz”.


Subjektu pasiboak bere karguarengatik edo enpleguarengatik jasotzen dituen gainerako lanaren kontraprestazioak (matrikulak) “60.000 eurotik beherakoak badira, haiek tributatzerakoan izango duten balorazioak ez du % 10a gaindituko”.


Energia berriztagarrien instalazioan egindako inbertsioen kenkariari dagokionez, hobari hori beste mota batzuetako instalazioetara hedatzen da, biomasa termikoez gain. Adostu da hobaria Sozietateen gaineko Zergara estrapolatzea pertsona juridikoen zerga arintzea ere ahalbidetzeko, eta hori bat dator Nafarroa 2020 Ikusmuga III. Plan Energetikoaren xede orokorrarekin, bertan aurreikusten baita “energiaren ekoizpen berriztagarria sustatzea lehiakorra den iturri orotik abiatuta”.


Bestalde eta PFEZri dagokionez, mendekotasun egoera aitortzeak % 65eko edo gehiagoko ezgaitasun bat aitortzea ekarriko du. Hala izango da bi egoera horiek baloratzeko eta aitortzeko prozedurak araudi ezberdinen bidez arautzen diren arren eta prestazio, zerbitzu eta babes-maila ezberdinak eragiten dituzten arren.


Azkenik eta zerga-ihesaren aurka borrokatzeko asmoz, hainbat idatz-zati gehitzen dira PFEZn estimazio objektiboaren erregimena aplikatzearekin zerikusia dutenak, halako moduz non “erregimen hori baztertzea ezartzen duen diru-sarreren bolumena konputatzerakoan kontuan izango den ere bai (ezkonlagunak, ondorengoek eta arbasoek garatzen dituzten jardueren egoera berdinetan, bai eta aurreko edozeinek parte hartzen duen errenten atribuzioko erregimenean dauden entitateak) subjektu pasiboak zerikusia duen entitateei dagozkien eragiketen bolumena (normalean merkataritza-sozietateak), Sozietateen gaineko Zergaren Foru Legearen 28. artikuluaren terminoetan (baloraziorako arauak) ”.


Testuinguru horretan, aipatutako estimazio objektiboko erregimenaren esklusioa ezartzen da “justu hurrengo urterako baldin eta subjektu pasiboak bere ezkonlaguna, ondorengoak edo arbasoak diren enpresaburu edo profesionalei, aurreko horietako edozeinek parte hartzen duen errenten atribuzioko erregimenean dauden entitateei edo Sozietateen gaineko Zergaren Foru Legearen 28. artikuluan ezartzen diren terminoetan lotura mantentzen duen entitateei % 75 baino gehiago fakturatzen badie, diru-sarreren bolumena zein den ere”.


Azkenik eta ziurtasun juridikoa lortze aldera, zenbait arau indarrean sartzea urtebete atzeratu da, 2016.eko urtarrilaren 1eraino, hain zuzen, baloreen merkatu arautuetan negoziatzea onartu ez diren baloreei dagozkien akzio edo partizipazioen jaulkipen-sariaren banaketaren tributazioei dagokiena eta kapital murrizketaren tributazioa, baloreen merkatu arautuetan negoziatzea onartu ez diren balioei dagozkien ekarpenak itzultzea xede duena.


Ondarearen gaineko Zergaren legean indarrean dauden tasen tarifa mantentzen da, baina mugetan aldaketak egiten dira: salbuetsitako minimoa 550.000 eurotan ezartzen da (orain 800.000); tributazio atalasea 1.000.000 eurotan kokatzen da (orain 1,5 milioi); eta enpresen ondasunen eta partizipazioen trataera salbuestetik balorazioaren lehendabiziko 500.000 euroei dagokien kuotaren % 100a eta gainerako kuotari dagokion % 80a deduzitzera igarotzen da.


Ohiko etxebizitza salbuetsita mantentzen da bere balioaren lehenengo 250.000 eurotan. Aldatu egiten dena ezkutu fiskal deritzona da, izan ere, kuotaren murrizketa, gehienez ere % 65ekoa izan daiteke (lehen % 75) PFEZren eta Ondarearen kuotek PFEZren zerga-oinarriaren % 65a gainditzen badute.


Egin diren aldaketen azkeneko xedea “haien egoitza Nafarroan duten zergadun handien nukleo oso murriztu batera iristen saiatzea da, ekarpen pixka bat handiagoa egin dezaten”.


Sozietateen gaineko Zergan egin den aldaketarekin enpresa handien tributazioa areagotzen da, % 25etik % 28ra igarotzen baita. ETEek eta MikroETEek indarrean dauden tasak mantentzen dituzte, % 23 eta % 19, hurrenez hurren.


Entitate guztientzat % 13ko tributu-zorua ezartzen da, orain dagoenaren % 10ekoaren ordez. Alabaina, ETEek I+Garen kenkariaren kuota osoa hartu ahal izango dute, enpresa handiek ordea kenkari horren % 50a kontuan hartuta soilik jaitsi ahal izango dute tasa minimotik.


Gainera, Sozietateen gaineko Zergak kenkarietan zenbait aldaketa gehitzen ditu, eraginkorragoak bihurtze aldera. Horrela, enpleguagatiko zerga-arintzea baldintzatuta geratzen da lanpostua bi urtez (orain bat da) mantentzera, Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren % 70a baino altuagoko soldatarekin, orain hilean 648,60 eurotan dagoena (alegia, 1.102 euro). Aldi berean, aktibo finko berrietan inbertitzeagatiko kenkaria zorrotzagoa egiten da, aktiboaren % 10a baino altuagoa izan behar da.


Beste berrikuntza batzuen artean, oinarri negatiboengatiko ordainketa % 70era mugatzen da, 1.000.000 euroko minimoarekin. Halaber, kredituko kooperatibak haien emaitza guztietan % 25ean tributatzera pasatzen dira (orain % 23), kooperatiboak eta extrakooperatiboak. Eta SICAVei dagokienez, % 1eko tributazio-tasa bakarra utzi eta tasa orokorrera pasatzen dira.


PFEZn egin diren mendekotasuneko eta ezgaitasuneko egoerei babes fiskaleko neurriekin bat, erabaki da zamak kentzea “eskualdatzen duenaren ohiko etxebizitzaren eskualdatzeak eta bestelako ekintza eta kontratuak, jabari osoarenak edo gozamen-eskubidearenak, betiere eskuratzaileak ezgaitasuna badu, ondorengo zuzena edo adoptatua baldin bada eta % 65eko edo gehiagoko minusbaliotasun maila baldin badu”.


Kulturaren arloari dagokionez, zenbait zehaztasun gehitu dira ekoizpen zinematografikoetan eta ikus-entzunezkoetan egindako inbertsioentzat jasotzen den % 35eko kenkaria eraginkor egin ahal izateko, Nafarroan egin dituzten gastuak gutxienez % 25era iristen badira. Besteak beste, adierazten da kenkarien zenbateko osoak, ekoizpen lan bakoitzarengatik jasotako gainerako diru-laguntzekin batera, ezingo duela haren ekoizpen kostuaren % 50a gainditu; baina mugaz haraindiko lan bat bada, muga % 60ra igoko da.


Bestalde eta Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrari dagokionez, prozedurari buruzko idatz-zati berri bat gaineratu da, non zehazten denez “erreklamazio ekonomiko-administratibo bat ezartzeko epea hilabete batekoa izango da aurkaratutako egintza jakinarazi den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita. Eta isilune administratiboko kasuetan, haren eraginak ematen diren egunaren biharamunetik aurkeztu ahal izango da”.


Neurri horren xedea da “helegitearen aukera askoz irekiagoa uztea isilune administratiboko kasuan, ez baita inongo eperik aurreikusten helegitea kasu horietan aurkezteko”.


Hidrokarburoen gaineko Zerga aldatzeak berekin dakar zerga autonomikoaren tasa berreskuratzea Zenbait Hidrokarburoren Txikizkako Salmenten gaineko Zergan (IEH), 2012an onetsi zena eta urte horretako uztailera arte eta 2013 osoan indarrean egon zena.


Epe horretan bezala, 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera gasolina, erabilera orokorreko gasolio eta erabilera orokorreko keroseno mila litroko 24 euroko tasa bat ezartzen da. Erabilera bereziko eta berogailuko gasolioan, tasa mila litroko 6 eurora murrizten da. Fuel-olioaren kasuan, tona bakoitzeko 1 euroan ezarrita geratzen da.


Berrikuntza fiskal horrek ez du eraginik izango garraiolari eta gidari profesionalentzat, haiei zerga autonomikoaren aplikazioari dagozkien kuotak itzultzeko eskubidea aitortzen baitzaie. Zerga horrek eragina berehalakoa izango da.


Azkenik, foru legeak aldaketa horiek bestelako aldaketa tekniko batzuekin osatzen ditu Oinordetza eta Dohaintzen, Eskualdaketen eta Ekintza Juridiko eta Dokumentatuen gaineko zergan eta Fundazioen tributazioan ere bai. Haientzat zerga-pizgarriak eskuratzeko Sozialki konprometitutako proiektua delako zigilua eskuratzeko beharra indargabetzen da.


Osoko Bilkuraren eztabaidan zuzenketa teknikoak sartze aldera Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu e I-E taldeek sinatu dituzten lau in voce zuzenketa aho batez onetsi dira.


UPNk, PSNk eta PPNk aurkako botoa eman dute haien ustez erreformak “Foru Erkidegoko zordunak erregimen komunekoak eta EAEkoak baino egoera okerragoan eta zerga gehiago ordaintzera behartuta uzten dituelako”.


www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege proiektuaren argitalpena (NPAO, 28. zk., 2015-11-11koa)
• Zuzenketen argitalpena (NPAO, 39. zk., 2015-12-10ekoa)
• Zuzenketen argitalpena (NPAO, 40. zk., 2015-12-11koa)