Publicada el Thursday, 17 de December de 2015

Gobernuak dio EITB hartzean legearen arabera jardun duela

Ollo kontseilariak UPNren interpelazio bati erantzun dio eta azaldu du ETBrekin multiplex autonomikoaren bidean lanean dihardutela Nafarroan katea TDT bidez hartzeko

Nafarroako Gobernuko lehendakariak, Ana Ollok, azaldu du ETB foru erkidegoan TDT bidez hartzea “borondate politikoa” izateko gai bat besterik ez dela eta adierazi du Gobernuak alor honetan beti “legearen arabera” jardun duela.


Ana Ollok UPNren interpelazio bati erantzun dio eta azaldu du Nafarroako Gobernua multiplex autonomikoaren formulan lan egiten ari dela Nafarroan ETB TDT bidez hartzeko eta, behin betiko formalizatzen bada, Euskadi eta Foru Erkidegoaren artean hitzarmen bat sinatuko dela.


Gobernuko eledunak adierazi duenez, UPN “ETBrekin obsesionatuta dago eta milaka herritarrei azaldu beharko die nola ikusten dituzten etxean Alemaniako eta Ingalaterrako telebistak, eta ezin duten ETB ikusi”.


Ana Ollok esan du Gobernuak aurreko legegintzaldietan “enkistatuta zeuden bi gai epe laburrean” desblokeatu dituela. “Batetik, 1997ko irrati deialdiaren espedientea, aurreko Gobernuak 18 urtetan haren aurkako ebazpen judizialekin konpontzeko gai izan ez zirena, eta bestetik Nafarroan ETB hartzea. Parlamentu honek, berrogeita hamar toki entitatek eta Nafarroako milaka herritarrek gai jakin horri buruz egindako eskakizun formalak daude”.


Lehenengo kasuari dagokionez, Ana Ollok oroitarazi du “tema politiko bat” egon dela eta “baliabide publikoak 18 urtez era sektarioan erabili direla azkenean egin beharrekoa agindu judizial bat betetzea besterik ez zela aitortzeko”.


ETBren kasuan, esan du Iñigo Urkullu lehendakariak eta Uxue Barkos lehendakariak hartzea formalizatu nahi zuela adierazi zutela eta Nafarroako Administrazioko eta ETBko arduradunak hartze horretan lan egiten ari direla aurreratu du.


Horri dagokionez, multiplex autonomikoaren bidea aztertzea erabaki da. “Ez du inongo kosturik Nafarroarentzat” eta Nafarroako gainontzeko TDT operadoreekin harremanetan jarri dira. Azken horiei eskerrak eman dizkie “izandako jarrera onarengatik. Teknikoki bideragarria dela ziurtatu ondoren, Industriako Ministerioari jakinaraziko zaio ETBko bi kateak multiplex autonomikoan sartzea baimendu dezan eta, Nafarroako Gobernuaren eta Jaurlaritzaren arteko hitzarmenean islatuko da”, zehaztu du Ana Ollok.


Juan Luis Sanchez de Muniainek (UPN) esan duenez, eztabaida honen gaia da “jakinaren gainean egonda jarduketa ilegal bat baimentzeko arbitrariotasuna eta jarduketa ilegal horrek interes publikoaren zerbitzuaren aurka dakarrena”.


"Ez da ETB ikusi behar den ala ez buruzko eztabaida abstraktu bat, zenbait lekutan legalki ikusten da eta horren aurka ez dugu ezer esatekorik. Kontua da ea Gobernuak zergatik baimendu duen ondoko auzokide bateko telebistak Nafarroako kate radioelektrikoak era ilegalean inbaditzea legeari jarraiki jarduten duten Nafarroako kateen kaltetan”.


Sanchez de Muniainen esanetan, “larria da Gobernuak TDTan era horretako okupa ilegalak egotea baimentzea. Honek ez du interes politikoarekin zerikusirik, hau lege kontu bat da”, ziurtatu du.


Ana Ollok kritikatu du UPNk “bi neuronentzako titular bat” ematen duela eta aditzera ematen duela “Gobernua batzuen alde eta beste batzuen aurka dagoela, eta gainera era ilegalean jarduten dugula, eta hori ez da egia”.


Koldo Martinezek ziurtatu duenez (Geroa Bai), “UPNren jarduerak arbitrariotasun, aurreiritzi ideologiko, lehia librearen urraketa eta laguntasun gehiegi izan ditu. UPNren Gobernuaren ezaugarria bere erregimenaren jarraitzaileak ez ginen nafarren aurkako jazarpena izan da. Une honetan ETB hartzea alegala izan daiteke, baina inola ere ilegala”.


Maiorga Ramirezek (EH Bildu) ziurtatu du aspaldi zeramala “UPNren milonga eta lotsagabekeria oda honen zain, 30 urte ondoren azeria oilategian sartu ez dadin saiatzen; bada, 40 telebista kateen artean ETB ikusiko dugu eta jendeak normaltasunez aukeratu ahal izango ditu”.


Laura Perezek (Podemos-Ahal Dugu) aitortu du ez duela ulertzen “batzuek ETBrekin duten obsesioa, bakoitzak aukeran dituen kateen eskaintza zabaldu besterik ez du egiten eta UPNren aldetik entzun dugun bakarra ilegal hitza izan da. ETBri bai esaten diogu eta bai Nafarroan kalitatezko telebista eta irrati publiko bati”.


Santos Cerdanek (PSN) esan du bere taldeak “beti” babestu duela ETB Nafarroan ikusi ahal izatea, “ez dugu ezer ere legearen arabera ematearen aurka”, baina esan du “gainerako telebistak azpiratzen ez dituen formula bat aurkitu behar dugu. Gobernuak ezin izan du antsietatea kontrolatu”.


Ana Beltranek (PPN) baieztatu duenez, “ETB legea bete gabe ematen ari da eta ez dute onartu nahi. Azeria era ilegalean sartu da oilategian eta hain zuzen Nafarroako telebistak jatera sartu da”.


Marisa de Simonek (I-E) esan duenez, “albiste bikaina izan zen ETB ikusi ahal genuenekoa, gaur egun botoi bat sakatu eta nahi dugun katea aukeratu dezakegu, eta ETB ezin ikusteak ez zuen zentzurik. Egoera alegala bada eta hori zuzentzeko beharrezkoak diren prozedurak arbitratu behar badira, ez dugu aurka bozkatuko”.