Publicada el Thursday, 19 de November de 2015

Pablo Sarasate Fundazioarentzako kreditu-gehikuntza onetsi dute

Nafarroako Orkestra Sinfonikoak kudeatzen duen entitate honen 2014/15 denboraldiko azken hiruhileko funtzionamendu eta jarduera gastuak ordaintzeko

Parlamentuko Osoko Bilkurak foru lege bat aho batez onetsi du gaur zeinaren bidez 327.800 euroko kreditu-gehikuntza ematen den Pablo Sarasate Fundazioaren funtzionamendu eta jarduera gastuak, 2014-2015 denboraldiko azken hiruhilekokoak ordaintzeko diru-laguntza handitzeko.


Kreditu-gehikuntza horren zenbatekoa honako sailetan aplikatuko da: Kultur etxeak eta gizarte etxeak eraiki eta ekipatzea (253.000 euro); Lehiaketak, topaketak eta bestelako ekitaldiak antolatzeko gastuak (24.800); eta Ondasun higigarrien errentamendua (50.000).


Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 4. artikuluak ezartzen duenez, foru lege bidez arautuko dira Nafarroako aurrekontu orokorrak, eta horien aldaketak ere bai, kreditu bereziak edo kreditu-gehikuntzak emateari buruzkoak badira. Hortaz, 2012ko aurrekontuan, 2015era luzatu zenean, esleitu zen kreditua (3.650.000 euro) ez zenez nahikoa izan, lege hau irakurketa bakarrean onesten da.


Pablo Sarasate Fundazioa Nafarroako Gobernuak eta Santa Cecilia Kontzertuen Elkarteak sortu zuten 1997an eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoak kudeatzen du. Fundazioaren xedea musika gizartean hedatzea da.


Kulturako kontseilariak, Ana Herrerak, lau urtetarako plan bat prestatzea defendatu du “fundazioak finantzazio egonkorra duela ziurtatzeko, hasiera batean legegintzaldi osorako adostuta egongo dena eta Nafarroako Aurrekontu Orokorren errealitate ekonomikoaren araberakoa izango dena. Fundazioak era egonkor eta gardenean funtzionatzen jarrai dezan lortuko dugula uste dut”.


Cristina Altunak (UPN) baieztatu duenez, orkestra “lagundu behar den kultur ondare bat da. Fundazioaren zeregina baloratu behar da eta bere iraunkortasuna bermatuko duen arrazoizko aurrekontu bat ziurtatzen saiatu behar dugu”.


Consuelo Satrusteguik (Geroa Bai) adierazi duenez “aurreko gobernua izan da egoera hau eragin duena, tamalez azken urteotan pairatu ditugun murrizketa gogorren ondorio baita. Orkestraren organigrama berriro definitu behar da, haren egitura aztertu eta orkestrak parte-hartze handiagoa duen fundazio publikoa izan dadin lortu”.


Adolfo Araizek (EH Bildu) esan du gobernuak aurkeztu duen foru lege proiektuak “agerian uzten du aurreko gobernuak orkestrarentzat zuen finantzazio ereduak porrot egin duela. Orkestraren ereduaz hitz egin behar da, orkestra hau nahi dugun ala ez, eta zer nolako orkestra nahi dugun. 2016 urte osoa dugu hori ikusteko”.


Carlos Cousok (Podemos-Ahal Dugu) esan duenez, “langileenganako eta herritarrenganako errespetuagatik, Parlamentu honek denbora bat eskaini behar dio gai honi, orkestraren garapena ezagutzeko, orain nolako egoeran dagoen eta etorkizunean nolakoa izan daitekeen aztertzeko. Gure ustez oso funtzio garrantzitsua izan dezake kontzertu elitistetatik eta nazioarteko itzulietatik haratago badoa, kultura hedatzen bada, herriari hurbiltzen bazaio eta hezkuntzarako erabiltzen bada”.


Carlos Gimenok (PSN) adierazi du bere taldeak Nafarroako Orkestra Sinfonikoa “estimatu eta baloratzen” duela. Aurrekontuen gorabeherak alde batera utzita, Nafarroako Gobernuak egoera horiek ez errepikatzeko tresnak ditu. Alabaina, orkestraren itzulera soziala kontzertu sorta bat baino haratago joan behar da”.


Ana Beltranek (PPN) lege proiektua babestu du eta defendatu du “hausnartzea zer nahi dugun Nafarroako Orkestra Sinfonikoarentzat eta zein neurri zehatz hartu nahi ditugun egonkortasuna emateko”.


Jose Miguel Nuinek (Izquierda-Ezkerra) orkestra “eredua lantzeko prest” dagoela adierazi du eta esan duenez “egonkortasuna eman behar zaio gardentasunen eta kontuak emate esparrutik, orkestra hau kulturaren eta Nafarroako gizartearen zerbitzura egon behar dela ulertzen baita”.

www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege proiektuaren argitalpena (NPAO, 30. zk., 2015-11-13koa)