Publicada el Thursday, 5 de November de 2015

Nafarroako Gobernua sei hilabeteko epean langabeziaren aurkako talka-plan bat taxutu dezan premiatu dute

Eskualdeetako desoreka nagusiak zuzentzea, kohesio ekonomikoa eta soziala era iraunkorrean indartzea eta aukera berdintasuna bermatzea xede baitu

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, Geroa Bai-k, PSNk eta PPNk haren alde eman dituzten botoekin, EH Bildu-k eta I-Ek haren aurka eman dituzten botoekin eta Podemos-Ahal Duguren abstentzioarekin, ebazpen bat onetsi du gaur zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen den “sei hilabeteko epean langabeziaren aurkako talka-plan bat taxutu dezan Nafarroako eragile ekonomiko eta sozialekin adostuta, Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde osoaren garapen orekatua sustatuko duena; bereziki, langabeziak gehien zigortutako eskualdeetan, gertatutako berdintasunik ezak arintzeko eta ekonomia- gizarte- eta lurralde-kohesioa indartzeko”.

Onetsi den ebazpenak bigarren idatz-zati bat du non, halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen den “berariazko funts ekonomiko bat konprometi dezan, plan horretan ezarritako helburuei ekiteko beharrezkoak diren neurriei heltzeko”.

Zehazten denez, “helburu horiek bat etorri beharko dute Enpleguari buruzko Europako Estrategiarekin, hala nola laneratzeko gaitasuna hobetzea, enpresa-espiritua garatzea, langileen egokitze-gaitasuna sustatzea eta aukera-berdintasuneko politika indartzea”.

Zioen azalpenean, PSNk bultzatu duen ebazpenak 2008an Nafarroan zegoen langabezia “larriki eta orokorrean” areagotu dela esaten du (% 100,5) eta, are gehiago, epe luzeko langabezia (% 204) eta, horren karietara, ohartarazten du “gizartearen haustura pairatzeko arriskua dagoela, langabeziak eta krisiak eskualdeetan era ezberdinean eragiten duela-eta ‘aukera berdintasunaren’ printzipioa ezbaian jartzen baitu”.

Ildo horretan, “kohesioa indartzeko eta Nafarroako eskualde ezberdinen arteko ezberdintasun sozioekonomikoa era iraunkorrean murrizteko”, “zaurgarritasun egoerak hautemateko” gai izango diren tresnak eskatzen ziren, esaterako Corella, Lodosa, Sakana, Mendavia-Viana edo Castejongo egoerak, haietan epe luzeko langabeziak batez besteko tasa bikoizten edo ia bikoizten baitu.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 17. zk., 2015-10-09koa)