Publicada el Thursday, 26 de March de 2015

Estatuaren eta Nafarroaren arteko Hitzarmen Ekonomikoa aldatzea onetsi dute

VIII. legegintzaldiko azken Osoko Bilkura Aitziber Sarasola eta María Victoria Arraiza parlamentarien omenezko isilune minutu batekin amaitu da

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, SNk eta PPNk haren alde eman dituzten botoekin eta Bildu-ren, Aralar-Nabairen, I-Eren eta atxiki gabekoen abstentzioekin, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoa aldatzea onetsi du gaur.


2015eko otsailaren 17an Estatuaren eta Nafarroaren arteko Negoziaziorako Batzordeak Hitzarmen Ekonomikoa aldatzea adostu zuen. Nafarroako Parlamentuak otsailaren 26an aldaketa hori onetsi zuen eta orain bi egokitzapen tekniko egiten zaizkio, beharrezkoak direla ikusi baita.


Hitzarmenak urtarrilaren 21ean Nafarroako lehendakari Yolanda Barcinak eta Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako ministro Cristobal Montorok adostutakoa jasotzen du, Nafarroaren eta Estatuaren arteko harremanak arautzen dituen Hitzarmen Ekonomikoa Koordinatzeko Batzordearen esparruan.


Egindako lehenengo egokitzapen teknikoak hamaikagarren xedapen gehigarria berridaztea dakar, hartara c letran bigarren idatz-zati bat gehitzeko. Bigarrenak hamazazpigarren xedapen iragankorra gehitzen du. Xedapen horren edukia Sozietateei buruzko abenduaren 30eko 24/1996 foru legera gehitu zaio dagoeneko, Nafarroako Parlamentuak 2015eko martxoaren 12an foru lege hori aldatzea onetsi ondoren.


Hamaikagarren xedapen gehigarriaren idatz-zati berriak Arbitraje Batzordearen ebazpena zerga berdinari, eragiketa ekonomiko berdinari eta zordun berdinei buruzkoa izan behar duela xedatzen du. Aipatutakoaren harira, hamazazpigarren xedapen iragankorrak 2015eko urtarrilaren 1a baino lehenago hasi ziren zergaldietan araudi komunaren mende egon diren zerga-talde jakinentzat behin behineko araudi bat ezartzen du.


Horretarako, 2015eko martxoaren 23an Negoziaziorako Batzordearekin bildu zen era telematikoan, ekainaren 22ko 11/2007 legearen lehenengo xedapen gehigarrian jasotzen den gaitzeari dagokionez. Adostutakoaren ondoren, Nafarroaren eta Estatuaren arteko hitzarmen ekonomikoetarako Nafarroako Parlamentuaren Araudiaren Testu Bateratuaren IX. Tituluan xedatzen den prozedurari jarraiki, testua Nafarroako Parlamentura helaraztea zegokion izapidetu zezan.