Publicada el Thursday, 26 de March de 2015

Nafarroako Gobernua landa eremuko eskolen izaera berezia aitortzera premiatzen duen ebazpena onetsi dute

Bai azpiegiturei dagokienez bai giza baliabideen eta baliabide materialen zuzkidurari dagokienez mugak izatea deitoratu dute eta hizkuntza eskubideak errespetatuko dituen eskola mapa bat eskatu dute

Parlamentuko Osoko Bilkurak, Socialistas de Navarra parlamentu-taldeak, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde eman dituzten botoekin, PPNren abstentzioarekin eta UPNk haren aurka eman duen botoarekin, ebazpen bat onetsi du gaur zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen den “landa eremuko eskolen izaera bereziaren aitortza gauzatu dezan, horiek emandako zerbitzuaren kalitatea eta ikasleentzako arreta egokia bermatzeko behar diren giza baliabideez eta baliabide materialez hornituz”.

Onetsi den ebazpenak bigarren idatz-zati bat du non, halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen den “landa eremuko eskolekin lankidetzan gutxieneko kopuru bat ezar dezan, halako moduan non kopuru hori gaindituz gero eskola bat ireki beharko baita, baldin eta herriak hala eskatzen badu”.

Era berean eta hirugarren idatz-zati batean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “hezkuntza-eskaintzan hizkuntz aniztasuna babestu eta bultza dezan, halako moduan non aniztasun hori ez baita izanen landa eskolak ixteko edo ez irekitzeko faktore bat”.

Era berean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “aipatu beharrizanak aseko dituen eskola mapa taxutu dezan”.

Zioen azalpenean, Aralar-Nabaik bultzatu duen ebazpenak pasa den Osoko Bilkurako jabelduraren edukia aipatzen du eta, horren karietara esan du parlamentu-talde guztiek landa eremuko eskolak babesteko beharra dagoela agertu zuten egitea babestu zutela eta inbertsioen politikak horretara egokitu behar dela.

Hitzen eta gertakarien arteko desoreka horren harira, aipatzen da ezen eskoletara egindako bisitetan egiaztatu ahal izan dutela eskola horiek dituzten mugak, bai azpiegiturei dagokienez bai giza baliabideen eta baliabide materialen zuzkidurari dagokienez.

Bestalde, proposatu duen taldeak eskola mapa bat eskatzen du “egungo errealitateari eta beharrizanei erantzungo diena”, eta ez “hizkuntz politika murriztailea”, zeinak “berekin ekarri duen familiek beren herritik at matrikulatu behar izatea seme-alabak; halatan, Abartzutzan egun gertatzen ari dena bezalako kasuak ditugu: aurrematrikula oso-osoa D eredurako izan da, baina Gobernuak ezetza eman dio D ereduko lerro bat irekitzeari”.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 44. zk., 2015-03-24koa)