Publicada el Tuesday, 3 de March de 2015

Hitzarmen Ekonomikoari buruzko II. mintegia

Rosana Navarrok foru erregimena "ez dela pribilegio bat" azpimarratu du eta Violeta Ruizek "Nafarroa Konstituzio auzitegiarekin istilu gutxien izan dituen autonomia erkidegoa" dela esan du

Parlamentuak Hitzarmen Ekonomikoari buruzko II. mintegiaren bigarren saioa egin du gaur, Parlamentuak eta Nafarroako bi unibertsitateek antolatu duten hiru hitzalditako zikloa, zertarako eta, xede horrekin sinatu duten ituna burututa, Nafarroako Foru Komunitatearen finantza- eta zerga-erregimenen azterketa konparatua sustatzeko.


Moderatzailea Eugenio Simon Acosta izan da, Nafarroako Unibertsitateko finantza eta tributu zuzenbideko katedraduna eta Nafarroako Kontseiluko lehendakaria. Saioa Hitzarmen Ekonomikoa Espainiako Konstituzioaren esparruan gaiari buruzkoa izan da, eta Rosana Navarro Heras koordinazio autonomiko eta lokaleko idazkari nagusiak eta Violeta Ruiz Almendral Madrileko Carlos III unibertsitateko irakasle tituludun eta Konstituzio Auzitegiko legelaria izan dira gaia landu dutenak.


Rosana Navarro Heras koordinazio autonomiko eta lokaleko idazkari nagusiak defendatu duenez, foru erregimena “ez da pribilegio bat, jende askok hala dela pentsatzen duen arren, Konstituzioan aitortuta dagoen erregimen ezberdin bat baizik. Zalantzak badaude ordea, baliteke une jakinen batean ez delako ongi aplikatu edo azaldu izatea”.


Rosana Navarrok azpimarratu duenez, Hitzarmen Ekonomikoa “Konstituzioan aitortuta dago, Konstituzioak babesten du eta gainera eguneratzea aurreikusten du”. Hortaz, nabarmendu du, “geldirik utzi ordez, garatu egiten du, biziraun dezan eta unean uneko garaira egokitu dadin laguntzen du”.


“Horrek indarrean egotea eragiten du, Hitzarmenean egin dugun azkeneko aldaketan gertatu den moduan. Volkswagenen BEZaren istiluari konponbide emate aldera eta Nafarroako tributu-gaitasuna bermatze aldera Nafarroaren eta estatuaren artean lortu den hitzarmenaren bidez hiru mugarri handi lortu dira”.


Zehazki, Navarrok azpimarratu duenez, otsailaren 26an Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkuran onetsi zen aldaketa horri esker, “zalantzarik egon ez dadin, Nafarroako Gobernuak duen tributu gaitasuna eta eskumena indartzea” lortu da. “Horrek estatuko administrazioak Konstituzioan aitortuta dagoen foru erregimen hau babesten duela agertzen du”.


Era berean, “auzi berriak saiheste aldera, prozedurak” gehitu direla adierazi du, “orain daudenak osatzen dituztenak”, bai eta “tributu berriak bateratzea ere, hori ere ona da, diru-bilketa berria eta Nafarroarentzako diru-sarrera berriak ekarriko dituelako”.


Violeta Ruiz Almendral, Madrileko Carlos III unibertsitateko irakasle tituludun eta Konstituzio Auzitegiko legelariak aurreratu duenez, “Konstituzio Auzitegiak Nafarroari buruz duen jurisprudentzia oso eskasa da”, izan ere, esan duenez, “normalean ez da istilurik egon, oso gutxi egon dira”.


Hain zuzen, gaineratu du, Nafarroa “Konstituzio Auzitegiarekin eztabaida gutxien izan dituen autonomia erkidegoa da. Konstituzio Auzitegia ziurrenik gure inguruko Konstituzio Auzitegi emankorrena da, Estatu Batuetako Auzitegi Gorenak ateratzen dituen epaien hirukoitza ateratzen ditugu, eta datu horiek kontuan hartuta oso istilu gutxi egon dira Nafarroarekin”.


Ildo horretan, nabarmendu duenez Konstituzio Auzitegiaren epaiek “ez dute inoiz Hitzarmen Ekonomikoa zalantzan jarri” eta “beste kontu bat da unean uneko eztabaidak, unean uneko desadostasunak, egotea”.


Zikloa martxoaren 17an itxiko da (19:00) Antonio Cayón Galiardo finantza eta zerga zuzenbidean katedradun eta Hitzarmen Ekonomikoaren Arbitraje Batzordeko lehendakariak eta Isaac Merino Jara finantza eta zerga zuzenbidean katedradun eta Hitzarmen Ekonomikoaren Arbitraje Batzordeko kideak emango duten hitzaldi batekin, non Hitzarmen Ekonomikoaren esparruan istiluak konpontzea gaiari buruz eztabaidatuko duten. Moderatzailea Fernando de la Hucha Celador Nafarroako Unibertsitate Publikoko finantza eta zerga zuzenbidean katedraduna izango da.