Publicada el Saturday, 21 de February de 2015

Bakea eta Askatasuna Saharan parlamentuen arteko taldeen XIX. biltzarra

Catalanek parlamentuek giza eskubideekin konpromisoa dutela azpimarratu du eta Saharako gatazkak politikarekin eta gizarte-justiziarekin zerikusia duela adierazi du

Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Alberto Catalanek, Bakea eta Askatasuna Saharan parlamentuen arteko taldeen XIX. biltzarrari hasiera eman dio gaur. Hamaika parlamentu autonomikotako ordezkarien parte-hartzea izan du eta eguerdian amaitu da Iruñeko adierazpena onetsi ondoren.


Hasierako agurrean, Alberto Catalanek parlamentuak “giza eskubideak, justizia, askatasuna eta munduan bakea” lortzeko baliabide diren aldetik betetzen duten funtzioa azpimarratu du. “Horregatik, erakundeen arteko loturaz gaindi, zuetako bakoitzak hartu duzuen konpromisoa eskertzen dizuet, gaur biltzar honetan zaudeten parlamentari autonomikoek Sahararekiko erakutsi duzuen sentiberatasuna”.


Lehendakariak biltzarrak “herritarrek larrialdi humanitarioaren, etorkizun aukera ezaren eta konponbideen blokeoaren egoerei dagokienez kontzientzia eta sentiberatasuna pizten eta mantentzen” duela azpimarratu du. “Hamarkadak dira Saharan arazo horiek guztiak jasaten ari direla”.


Ildo horretan, Catalanek ohartarazi duenez, “ez gaude gai politiko baten aurrean soilik, izan ere, errefuxiatuen kanpamentuetako gabeziek osasunean eragiten dute, eta elikadurarekin, garbitasunarekin, ziurtasunarekin, enpleguarekin, eta, beraz, herri oso baten bizi itxaropenekin zerikusia dute”.


Testuinguru horretan, lehendakariak ostiralean ospatu zen Gizartearen justiziarako nazioarteko eguna aipatu du, izan ere, “honek ere gizarte-justiziarekin zerikusia du, bidezko konponbide iraunkor batekin”. Catalanen ustez, horretarako “beharrezkoa da Nazio Batuen ebazpenak betetzea. Topaketa honek bereizketa puntu bat ezarriko duela espero dut, Iruñeko adierazpenak, berriro ere, Saharari agertuko diogun sentiberatasuna jasoko duela espero dut”.


Amaitzeko, Catalanek Maria Victoria Arraiza oroitu du, orain dela hilabete zendu zen arte Nafarroako Parlamentuko parlamentu arteko taldeko burua baitzen. “Legegintzaldi tragikoa izan da, bi emakumeren heriotza jasan dugu (Aitziber Sarasola ere aipatuz), biak ala biak gazteak. Oroi ditzagun”.


Carmelo Barriok, parlamentu arteko taldeen lehendakariak, ere Maria Victoria Arraiza “oroitu du bihotzez”, “borrokalari nekaezina” baitzen eta “biltzarrak sahararren eskubideei elkartasuna eta babes politikoa” duela berretsi du.


Biltzarrari hasiera eman eta argazki ofiziala atera ondoren, programatuta zeuden bi lan saioetako lehenengoari hasiera eman dio (10:45 Erabilera anitzeko aretoa). Bertan honakoek parte hartu dute: Andres Carbonero, Pertsonak artatu eta garatzeko Nafarroako Gobernuko zerbitzuaren arduraduna; Badadi Benamar, Frente Polisarioaren Nafarroako delegatua; Txaro Pardo, RASD Adiskidantzarako Nafar Elkartekoa (ANARASD); Antonio Lopez, Sahararekin Solidarioak diren Erakundeen Federazio Estatalaren idazkaria (FEDISSAH), zeinak saharar herriarekin elkartasuna izateko batzordeen Europako Biltzarraren (EUCOCO) ondorioak azalduko dituen; eta Hassanna Aalia, giza eskubideen aldeko ekintzaile gaztea, Marokoko auzitegi militar batek bizi bitarteko zigorrera kondenatu duena eta iragan urtarrilaren 19an Barne Ministerioak babes politikoa ukatu ziona.


Bigarren lan saioan, 12:15etatik aurrera (Erabilera anitzeko aretoa), Carmelo Ramirez, Sahararekin Solidarizatutako Erakundeen Federazio Estatalaren lehendakaria; Felipe Briones, Mendebaldeko Sahararen aldeko Juristen Nazioarteko Elkartearen idazkaria; eta Bucharaia Hamudi, RASDen Espainiako ordezkaria. Jarraian, eztabaida bat egon da.


Arratsaldean, 2015ean parlamentu arteko taldeek garatu behar dituzten jarduerak prestatu dira biltzarrean. Halaber, Iruñeko adierazpena eztabaidatu eta onetsi da. Adierazpena irakurri ondoren topaketa amaitu egin da.


Bakea eta Askatasuna Saharan parlamentuen arteko taldeen XIX. biltzarrean hamaika parlamentu autonomikoren ordezkariak egon dira: Nafarroako Parlamentua, Eusko Legebiltzarra, Murtziako Eskualdeko Biltzarra, Galiziako Parlamentua, Andaluziako Parlamentua, Kanarietako Parlamentua, Kataluniako Parlamentua, Aragoiko Gorteak, Madrilgo Biltzarra, Kantabriako Parlamentua eta Gaztela-Mantxako Gorteak. Juristen Nazioarteko Elkarteak ere parte hartu du.


Nafarroako Parlamentuko Paz y Libertad para el pueblo Saharaui-Bakea eta Askatasuna Saharan parlamentu arteko taldea Raquel Garbayok (UPN), Maite Esporrinek (SN), Maiorga Ramirezek (Bildu), Nekane Perezek (Aralar-Nabai), Eva Gorrik (PPN) eta Marisa de Simónek (I-E) osatzen dute. Azken hori ez zegoenez, Iñaki Bernalek ordezkatu du. Gainera, Nafarroako Parlamentua Koldo Amezketa Mahaiko bigarren idazkariak eta Miren Aranoak (Bildu) ordezkatu dute.

Iruñeko adierazpena

Biltzarraren amaieran onetsi den Iruñeko adierazpenak parlamentu arteko taldeek sahararren “etorkizuna askatasuna” izan dadin “konpromisoa hartzen duela berretsi” du. Saharar herriari “autodeterminaziorako eskubide legitimoa” aitortzen zaio, “erreferendum bidezkoa, hamarkadetan zehar ematen ari den deskolonizazio prozesuaren azken urrats gisa”.


Ildo horretan, Nazio Batuak premiatzen dira “albait azkarren Mendebaldeko Sahararen gatazkari behin betiko konponbide justua bultza dezan, eskualde hori ez baita inoiz Marokoko Erresumarena izan; era horretan okupazio ilegalari eta baliabide naturalen espoliazioari amaiera jarriz”.


Horrez gain, Marokori exijitzen zaio “Saharar preso politikoak eta kontzientzia-presoak berehala aske utzi ditzan eta espetxeetan giza eskubideak urratzeari utz diezaion”. Halaber, Frente Polisarioari “estatus diplomatikoa” ematea eskatzen da eta ziurtatzen da ezen “saharar herriaren ordezkari legitimoa eta bakarra” dela, “NBEk eta nazioarteko erkidegoak aitortzen duten moduan”.


Bestalde, Espainiako erakunde publikoak premiatzen dira “Tindufeko kanpamentuetan errefuxiatuta dauden herritarrei eta okupatuta dauden eskualdeetako sahararrei babes solidario eta humanitarioa ematen jarraitzera eta, ahal bada, areagotzera”.


Era berean, Espainiako Gobernuari egindako deia errepikatzen da, zertarako eta “Hassanna Aaliaren egoera berrikus dezan, ekintzaile sahararrari eskatzen duen babes politikoa eman diezaion”, “estatu espainoleko hainbat parlamentuk egin eman dituzten ebazpen eta adierazpenekin bat eginez”.


Azkenik eta Nazio Batuei “Marokoko Erresumarekin onetsitako Lehentasuneko Akordioan xedatzen den giza eskubideenganako errespetuari buruzko klausula gauza dezan” eskatu ondoren, Crans Montana Foroa gauzatzea arbuiatzen da, eta antolatzaileei “Dajlan aurreikusten den topaketa burutzeko erabakia berriro kontuan har dezaten” eskatzen zaie, “legez kontra eta nazioarteko eskubidea urratuta okupatu den eskualdea baita”.


Iruñeko adierazpena Nazio Batuen Seguritateko Kontseiluaren ordezkariari, Espainiako Gobernuari, Europako Batzordeari, Frente Polisarioaren Espainiako Delegazioari, Marokoko Gobernuari eta Espainiako Kongresuari zein Senatuari igorriko zaie.