Publicada el Thursday, 15 de January de 2015

Motibazio politikoko ekintzen biktimei errekonozimendua eta ordaina emateari buruzko foru lege proposamena aintzat hartzea onetsi dute

Xedea biktima horiek kaltea konpontzeari, justiziari eta memoriari dagokionez Memoria Historikoari eta Terrorismoaren Biktimak Laguntzeari buruzko foru legeek xedatzen dutenarekin parekatzea da

Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde eman dituzten botoekin, UPNren eta PPNren abstentzioekin, eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimei errekonozimendua eta ordaina emateko lege proposamena onetsi du gaur.


Izquierda-Ezkerrak bultzatu duen proposamenaren xedea da 1960ko urtarrilaren 1etik aurrera zio politikoengatik indarkeria dela-eta erail dituzten pertsonen mina konpontzea da, halako moldez non ekintza horiengatik kaltetuak izan direnak kaltea konpontzeari, justiziari eta memoriari dagokionez Memoria Historikoari eta Terrorismoaren Biktimak Laguntzeari buruzko foru legeek xedatzen dutenarekin parekatzea.


Horretarako, biktima aitortzea emateko eta antzeko izaerako ekintzengatik kaltetuak izan direnen eskubideak homologatzeko, Ikerketa Batzorde bat sortzen da, maila sozial eta moralari dagokionez entzute handikoak diren bederatzi pertsona independentek osatuko dutena. Batzordearen zeregina nazioarteko tresna homologatuetan oinarrituta (Istanbuleko protokoloa esaterako) gertakariak aldez aurretik modu xehakatuan ikertzea izango litzateke. Erakunde horrek abian jarriko duen ikerketa oro txosten lotesle batekin amaituko da.


Era berean, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren sei epaien babespean eta “indarkeria mota guztietako biktimak aitortzeko beharrezkoa” den bide “etiko” horretan sartzen dira espetxeetan tortura jasan duten biktimak.


Prebentziorako tresna gisa, testuak sei hilabeteko epean foruzainen eta udaltzainen polizia-etxe guztietan bideozaintzarako eta audioa grabatzeko kamerak jartzeko derrigortasuna ezartzen du.


Baliteke lege proposamena batzorde baten baitan eztabaidatzea. Proposamenak hezkuntzaren esparruan eta esparru instituzionalean ekintzak aurrera eramatea aurreikusten du, azken horren kasuan “publikoki barkamena eskatzeko eta gertakariak aitortzeko” modu gisa.


Horri dagokionez eta “antzekotasunei” ihes eginez, “antzekotasun demokratiko gizagaberen eta bidegaberen” adibide gisa ematen dira “José Luis Cano, Germán Rodríguez, Mikel Arregi, Gladys del Estal eta Mikel Zabalzaren gertakariak ez argitzea eta ofizialki ez aitortzea”.

www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 129. zk., 2014-11-21ekoa)