Publicada el Thursday, 11 de December de 2014

Nafarroako Gobernua 2015 eta 2016 urteetarako toki-inbertsioko plan berri bat jasoko duen lege proiektu bat aurkez dezan premiatzen duen ebazpena onetsi dute

2008ko toki inbertsioen planaren jarraibideak berreskuratzera premiatzen da, non Gobernuaren eta toki entitateen artean partekatutako finantzaketa bidez eginiko obrek 70/30 proportzioa zuten

Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde eman dituzten botoekin eta UPNk eta PPNk haren aurka eman dituzten botoekin, ebazpen bat onetsi du gaur zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen den “lege proiektu bat aurkez dezan, 2015 eta 2016 urteetarako toki-inbertsioko plan berri bat jasoko duena”.

Onetsi den ebazpenak bigarren idatz-zati bat du non, halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen den “2008ko toki inbertsioen planean bezala, plan berriak Nafarroako Gobernuaren eta toki entitateen artean partekatutako finantzaketa bidez eginiko obrak jaso daitezen, ehuneko 70-30eko proportzioan”.

Era berean eta hirugarren idatz-zati batean Nafarroako Gobernua premiatzen da “aurreikusitako finantzaketaren parte bat erreserba dadin udal bakoitzak libreki erabakitako obrak egiteko”.

Halaber, Foru Komunitateko Gobernua premiatzen da “toki inbertsioen plan berri honetara bideratutako urteko zenbatekoa ez dadin izan 55 milioi euro baino txikiagoa, Nafarroako udalek proposatutako obra guztien artean banatu beharrekoa, 2008ra arte ohikoa zen moduan”.

Zioen azalpenean, Bildu-k eta Aralar-Nabaik bultzatu duen ebazpenak dioenez, orain dela gutxi onetsi den 2015 eta 2016 aurrekontu-ekitaldietarako Toki Ogasunek transferentzia arrunten bidez Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsa “mengela” da, izan ere, 2008ra bitarte ohikoa zenaz bestela, azken lege proiektu horrek ez du zenbatekorik zehazten kapital-transferentzietarako.

Proposatu dutenek oroitarazten dute ezen Nafarroako Toki Inbertsioen Planari buruzko urriaren 24ko 16/2008 Legea, “2009-2012 epean toki azpiegiturak eta udal eskumeneko zerbitzuetarako inbertsioak egin ahal izatea” helburu zeukana, 2014 arte luzatu behar izan zela, “Nafarroako Gobernuak berak erabaki baitzuen obra horien finantzaketa atzeratzea, likidezia ezagatik”.

Horregatik, “aurki bukatuko denez indarrean dagoen luzapena, eta bi urte igaro direnez beharrezkoak diren toki azpiegituretarako finantzaketa berririk jaso gabe”, 2015 eta 2016 urteetarako Toki Inbertsioen Plan berri bat eskatzen da, toki entitateen egiturazko beharrak asetzeko gai izango dena.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 124. zk., 2014-11-14koa)