Publicada el Thursday, 6 de November de 2014

Jakinarazpen elektronikoa sustatze aldera Tributuei buruzko legea aldatzea onetsi dute

Administrazioan teknologia berrien erabileran aurrerapauso bat den honek izapidetzea sinplifikatzen lagunduko duela eta ziurtasun juridikoa areagotuko duela espero da

Parlamentuko Osoko Bilkurak Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorra hein batean aldatzen duen Foru Legea aho batez onetsi du gaur.

Gobernuak bultzatu duen legearen xedea tributuen alorrean jakinarazpen elektronikoa sustatzea da, hartara Administrazioan teknologia berrien sustapenean aurrera eginez komunikazioa “eraginkorragoa, azkarragoa eta zuzenagoa” izatea lor dadin, beti ere “isilpekotasun eta egiazkotasun” berme maximoekin.

Zerbitzu berri hori zerga-ordaintzaile guztien eskura egongo da aldez aurretik “eskatuta edo berariaz baimenduta” eta jakinarazpenak jasotzeko epeak murriztea ekarriko du (batez beste 15 egunetatik 10 egunetara), halaber, ziurtasun juridikoa areagotzea eta urtean 22.000 euro artean era zuzenean aurreztea (jakinarazpen bakoitzeko euro erdi bat) ekarriko ditu.

Horrez gain, pertsona fisikotzat hartzen ez diren zergadun derrigortuek jakinarazpen elektronikoa erabiltzeko derrigorrezkotasuna ezartzen ahalko da.

Hasiera batean haien “gaitasun ekonomiko edo teknikoengatik, lanbidearengatik edo Zerga Agentziak egiazta ditzakeen bestelako arrazoiengatik, beharrezko teknologia eskuratzeko edo erabiltzeko aukera ziurtatua ez duten” pertsona fisikoak ere hartzen ziren. Alabaina, horiek jakinarazpen elektronikoa erabiltzeko derrigortasun aukeratik kanpo utzi dira.

Batzordean onetsi den irizpenak “gutxienez 10 eguneko” epea ezartzen zuen Administrazioari egotz ez dakizkiokeen arrazoiengatik jakinarazpena ezin egitea arrazoitzeko, zeina epe horretan gutxienez bitan saiatu behar zen. Epe hori, baina, talde guztiek sinatu duten eta Osoko Bilkuraren baietzarekin onetsi duen in voce zuzenketa baten bidez bertan behera geratu da, era horretan hasierako testua berreskuratuz.

“Bost posta ezberdin arte kontsultatu” behar izatea saiheste aldera, xedatzen da “beste edozein Administraziok, izan estatala izan autonomikoa, Nafarroan helbide fiskala duten zergadun derrigortuei egiten dizkieten jakirazpenak Nafarroako Foru Administrazioaren bidez egin beharko” direla.

www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege proiektuaren argitalpena (NPAO, 78. zk., 2014-06-20koa)
• Zuzenketen argitalpena (NPAO, 103. zk., 2014-09-26koa)
• Irizpenaren argitalpena (NPAO, 109. zk., 2014-10-15ekoa)