Publicada el Thursday, 18 de September de 2014

Toki Ogasunek Nafarroako tributuetan parte hartzeari buruzko legea aldatzea onetsi dute

Nafarroako Sinboloei buruzko Legea ez betetzeak kargu hautetsiei karguan aritzeagatik ordaintzen zaien konpentsazioa "atxikitzean, kentzean edo itzultzean" duen zein ondorio izango dituen argitzeko

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, SNk eta PPNk haren alde eman dituzten botoekin eta Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren kontra eman zituzten botoekin, abenduaren 26ko 20/2012 Foru Lege aldatzea onetsi du gaur, zeinaren bidez toki ogasunek transferentzia arrunten bidez Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsaren zenbatekoa eta banatzeko formula ezartzen diren 2013ko eta 2014ko aurrekontu-ekitaldietarako.


UPN, Socialistas de Navarra eta PPN parlamentu-taldeek bultzatu duten legearen xedea arau horren 15. artikuluaren interpretazioa “argitzea” da, Nafarroako Sinboloei buruzko Legea ez betetzeak kargu hautetsiei karguan aritzeagatik ordaintzen zaien konpentsazioa “atxikitzean, kentzean edo itzultzean” duen ondorioei dagokionez. Era horretan, araua “interpretatzeko zaila izateagatik” atxikitu diren 5,2 milioiak banatzea ahalbidetzen da.


Lehen idatzita zegoen moduan, zigorra Sinboloei buruzko Legea oro har haustegatik ematen zen, egindako aldaketaren ondoren aldiz honako kasuetara mugatuta geratzen da: a) udaletxeetako kanpoaldean ez paratzea legez aurreikusitako banderak; b) beste herrialde edo autonomia erkidego batzuetako banderak paratzea udalaren ezein eraikin edo instalaziotan, salbu eta 24/2003 Foru Legeko 8.3 artikuluan ezarritako kasuetan, non salbuespen gisa eta adeitasun arrazoiengatik, beste herrialde, autonomia erkidego eta toki entitate batzuetako banderak ezartzea onartzen den, baina “inoiz ez bakarrik”.


Bildu-k eta Aralar-Nabaik hala eskatuta, in voce zuzenketa bat onetsi da, hartara, Sinboloei buruzko Legea urratzeko arrazoien artean gehitzeko “sinbolo frankistak erakustea edo mantentzea, 52/2007 Legearen 15. artikuluan xedatzen den moduan, izan ere, arau horretan gerra zibilean eta diktaduran jazarpena edo indarkeria jasan zituztenen aldeko neurriak ezartzen diren eta haien eskubideak aitortzen eta hedatzen diren; bai eta 33/2013 Foru Legearen 11. artikulua urratzea, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta orain morala ematekoa”.


Socialistas de Navarra, Bildu, Aralar-Nabai, Izquierda-Ezkerra parlamentu-taldeek eta atxiki gabekoek zuzenketaren alde bozkatu dute; UPN eta PPN ordea aurka agertu dira.


Nafarroako Sinboloei buruzko 24/2003 Foru Legea ez betetzeak dakar “urte bakoitzerako ematen diren konpentsazioen deuseztapena aplikatzea araua ez betetzea ekarri duten jarduketa edo jarduketak, zuzenean edo zeharka, babesten dituzten udal eta kontzejuetako alkateari, alkatetzako taldeari eta udaletako talde eta zinegotziei”.


Bildu-ren eta Aralar-Nabairen proposamena bazter utzi dute


Ildo berean, Bildu-k eta Aralar-Nabaik 20/2012 Legea aldatzeko proposamen bat aurkeztu dute, baina UPNk, SN eta PPNk haren aurka eman dituzten botoekin bazter geratu da.


I-Ek eta atxiki gabekoek eman dioten babesa ez da nahikoa izan 15 artikuluaren g hizkia kentzeko. Talde horien ustez g hizkiaren edukia “2013ko apirilaren 9an Nafarroako Kontseiluak aurkeztu zuen irizpenaren aurka eta Ogasunei buruzko Foru Legearen aurka doa”, haien ustez arau horiek konpentsazioak “toki entitateen berezko baliabide” gisa definitzen baitituzte.

www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege proposamenen argitalpena (NPAO, 85. zk., 2014-07-04koa)