Publicada el Wednesday, 10 de September de 2014

Zergen arloko autogobernuari buruzko osoko bilkura 15 erabakien onarpenarekin amaitu da

Autogobernua defendatzearen eta Hitzarmena berritzeko batera egoteko beharraren inguruan ados jarri dira eta Bilduk, NaBaik eta atxikirik gabeko parlamentariek proposatutako mobilizazioak ukatu dira

Nafarroako Parlamentuak, osoko bilkuran, aho batez onartu du Nafarroako autogobernua defendatzeko konpromisoa agertzea. Yolanda Barcina bilkurako presidenteak laster Cristóbal Montororekin bilduko dela jakinarazi du, eskumenen inguruan dauden liskarrak murrizten saiatzeko.

Talde guztiek hitzaldietan autogobernuari buruz duten ikuspegi desberdinak adierazi dituzte, eta Estatuarekin negoziatu behar den hitzarmen ekonomikoari dagokionez, ahalik eta adostasun eta batasun handiena lortzearen alde agertu dira.

Nafarroako Parlamentuak onartu dituen arauen aurka Estatuko Gobernuak aurkeztu dituen helegiteen ondorioz, energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergaren aurka Konstituzio Auzitegiak (KA) aurkeztutakoaren ondorioz batez ere, osoko bilkura berezi hau egin da eta bozeramaileek helegitea kentzeko exijitu dute.

Hain zuzen, eskaera hori taldeek onartu dituzten erabakien artean dago. Halaber, Nafarroari berme instituzionala eta autogobernurako ahalmena ematen dioten tresnak errespetatzeko edo zerga subiranotasuna defendatzeko ere eskatu dute.

Alde batetik, Geroa Bairen eta bestetik, Bildu eta Aralar-NaBairen proposamenak autogobernuaren aldeko manifestazio bat egiteko ez dira aurrera atera. Horren inguruan, Carlos García Adanero UPNko bozeramaileak talde horiekin horrelako mobilizazio batera ez dela joango “ETAren biktimak irainduko lituzkelako” arrazoitu du.


Hona hemen onartu diren erabakiak:


UPNren parlamentuko taldeak 3 proposamen aurkeztu ditu eta hirurak onartuak izan dira:


1.- “Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernuari eskatuko dio KAren aurrean Nafarroako Parlamentuak onartu dituen zergen inguruko legeen aurkako helegiteak ez jartzeko”.


UPNk eta SNk alde bozkatu dute, Bilduk, Aralar-NaBaik eta PPNk aurka eta I-E eta atxikirik gabeko parlamentariak abstenitu dira.

2.- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako autogobernua defendatzeko konpromisoa berresten du eta Nafarroak bere eskumenak legez erabiltzen dituenetik autogobernua gauzatu duela uste du".


UPNk, SNk eta PPNk alde bozkatu dute, Bilduk eta Aralar-NaBaik aurka eta I-E eta atxikirik gabeko parlamentariak abstenitu dira.

3.- “Nafarroako Parlamentua ez dago ados eta kezkatuta dago 2012ko azaroaren 14ko eta 2014ko ekainaren 26ko KAren epaien edukiarekin, eskumen-erregimena eta Hitzarmen Ekonomikoaren sistemak oinarritzat dituen funtsak errespetatzen ez dituela diotelako”.

Era berean, Parlamentuak Estatuko botereei eskatu die epai horien ondorioz sortutako egoera larria zuzentzeko, Hitzarmen Ekonomikoaren 1. artikuluaren, LORAFNAren 45. artikuluaren eta Konstituzioaren Lehenengo Xedapen Gehigarriaren espiritua eta hitzak berreskuratuz”.

UPNk eta SNk alde bozkatu dute, Bilduk, Aralar-NaBaik eta atxikirik gabeko parlamentariek aurka eta I-E eta PPN abstenitu dira.

Nafarroako Sozialisten parlamentuko taldeak lau proposamen aurkeztu ditu eta lauak aurrera atera dira, baina bat ez da osorik onartu.

1.- “Nafarroako Parlamentuak adierazten du 2011tik Alderdi Popularrak zuzentzen duen Espainiako Gobernuaren jarduketak, batetik, Nafarroako foru autogobernua, bere eskumenak eta Parlamentu honen erabakiak ez dituela errespetatu eta aurka aritu dela, eta bestetik, Estatuaren Oinarrizko Legediaren eta Konstituzio-kontrakotasun helegiteen erabilera alderdikoia, bidegabea eta neurrigabea egin duela”.


SNk, Bilduk, Aralar-NaBaik, I-Ek eta atxikirik gabeko parlamentariek alde bozkatu dute eta UPNk eta PPNk aurka.

2.- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari kritikatzen dio Espainiako Gobernuak foru autogobernuaren aurka egin duen jarduketa errespetugabearen aurrean izan duen jarrera adeitsu eta tolerantea”.


SNk, Bilduk, Aralar-NaBaik, I-Ek eta atxikirik gabeko parlamentariek alde bozkatu dute eta UPNk eta PPNk aurka.

3.- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako autogobernua defendatzeko konpromisoa berresten du eta Nafarroak bere eskumenak legez erabiltzen dituenetik autogobernua gauzatu duela uste du.


Nafarroako Parlamentuak ukatzen du Espainiako Gobernuak KAren aurrean Parlamentu honek onartu dituen Foru Legeen aurkako helegiteak sistematikoki aurkeztea.


Nafarroako Parlamentuak uste du helegite horiek ez dituela Espainiako Gobernuak Estatuaren eskumenak defendatzeko aurkezten, baizik eta onartutako Legeen eduki zehatzaren ikuspegiarekin ez daudelako ados.


Nafarroako Parlamentuak salatzen du 2014ko ekainaren 26an KAk emandako epaia, Parlamentu honetan aho batez onartua izan zen 24/2012 Foru Legea baliogabetzen duena, foruen kontra doala, eta 2012ko azaroaren 14ko epaiaren teoria aplikatuz, zergen inguruan Nafarroak berezkoa duen ahalmen politikoa ukatzen dela eta guztiz Estatuaren boterearen menpe uzten dela.


Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernuari eskatzen dio Parlamentu honetan onartuak izan diren Foru Legeen aurka KAn aurkeztu dituen helegiteak kentzeko, eta Nafarroak egiten duen autogobernuren legezko jarduketaren aurrean erakundeen arteko leialtasuna erakusteko.


Nafarroako Parlamentuak KAren epaiaren larritasuna azaldu du, lan-erreforma bermatzen duelako eta Nafarroako Parlamentuaren helegitea deuseztatzen duelako.


Nafarroako Parlamentuak aitortzen du Nafarroari bere politikak definitzeko eskubidea dagokiola eta Estatuko erakundeen esku-sartzeen aurrean eskubide hori gogor defendatuko duela.


Nafarroako Parlamentuak Nafarroako zerga subiranotasuna defendatzeko konpromisoa hartu du eta arlo horri dagokionez, Espainiako Gobernuari eskatzen dio hasiera batean Nafarroak zuen ahalmena berehala aitortzeko.


Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernuari eskatzen dio erabaki politiko eta juridikoak hartzeko, Nafarroak berezkoak dituen eskumenei zuzenean kalte egin diezaieken Oinarrizko Legedia aplikatu ezin izateko”.


Lehengo lerro-multzoa aurrera atera da UPN, SN, PPN eta I-Eren babesarekin eta Bildu, Aralar-NaBai eta atxikirik gabeko parlamentarien abstentzioekin. Gainerakoa aurrera atera da SN, Bildu, Aralar-NaBai, I-E eta atxikirik gabeko parlamentarien babesarekin eta UPN eta PPNren aurkako botoekin.


Hasierako testuak azken puntu bat zuen, ukatua izan dena UPNren aurkako botoarekin, Bildu eta Aralar-NaBairen abstentzioekin eta SN, PPN, I-E eta atxikirik gabeko parlamentarien aldeko botoekin. Honela zioen:


“Nafarroako Parlamentuak Espainia eta Nafarroako Gobernuei eskatzen die kooperazio batzarren papera sendotzeko, Nafarroaren eta Estatuaren arteko eskumenen inguruko liskarretan bitartekaria izango den organo parekide gisa.


4.- “Nafarroako Parlamentuak datorren Hitzarmen Ekonomikoa negoziatzeko estrategia bat garatzeko beharra adierazi du, honako premisen inguruan:


Parlamentuko taldeen artean ahalik eta adostasun eta batasun handiena lortzea, hitzarmenaren edukiari eta jarraitu beharreko estrategiari dagokienez.


Datozen asteetan Nafarroako ordezkaritza osatzea, parlamentuko talde guztien eta Nafarroako Gobernuaren parte hartzearekin.


Era berean, Nafarroak kontsultarako batzorde teknikoa eratuko du, egungo egoera, etorkizunari begira dituzten asmoak eta beharrak, eta Hitzarmen Ekonomikoaren edukia ikertuko duena.


Aurreko puntuarekin batera, indarrean dagoen Hitzarmen Ekonomikoren moldaketa hastea, 2014ko ekainean emandako epaiaren ondorioak kitatzeko. Horretarako, edukian beharrezkoak diren moldaketak egingo dira, edonola ere, Nafarroaren zerga eskumena babesteko eta aipatutako gaiaren inguruan epai horrek izan ditzaken eraginak baliogabetzeko. Kasu horretan ere, Negoziazio batzordean Nafarroako ordezkaritza osatuko da, bigarren goiburuak zehazten duen moduan”.


Sozialisten azkeneko erabaki hori aho batez onartua izan da.

Bildu eta Aralar-NaBairen parlamentuko taldeek lau proposamen bateratu aurkeztu dituzte. Horietatik bakar bat besterik ez da aurrera atera, proposamena egin duten bi alderdien, SNren, I-Eren eta atxikirik gabeko parlamentarien babesarekin; UPNk eta PPNk aurka bozkatu dute. Honela dio:

1.- “Nafarroako Parlamentuak berresten du 2014ko ekainaren 22an Bozeramaileen Batzordean aho batez onartua izan zen aitorpen instituzionala. Aitorpenak KAk 2014ko ekainaren 26an emandako epaia foruen kontra doala salatzen du, abenduaren 26ko 24/2013 Foru Legea deuseztatzen duelako, eta 2012ko azaroaren 14ko epaiaren teoria aplikatuz, zergen inguruan Nafarroak berezkoa duen ahalmen politikoa baliogabetzen duelako.


Nafarroako Parlamentuak aitortzen du Nafarroari zergen, ekonomiaren eta gizartearen inguruan bere politikak definitzeko eskubidea dagokiola eta Estatuko erakundeen esku-sartzeen aurrean eskubide hori gogor defendatuko duela.


Nafarroako Parlamentuak Nafarroako zerga subiranotasuna defendatzeko konpromisoa hartu du eta arlo horri dagokionez, Estatuko Gobernuari eskatzen dio hasiera batean Nafarroak zuen ahalmena berehala aitortzeko.


Bildu-Aralar-NaBai taldeak aurkeztu dituen eta ukatuak izan diren hiru proposamenek UPN, SN eta PPNren aurkako botoak jaso dituzte eta honakoak izan dira:


1.- “Nafarroako Parlamentuak indar politiko eta sozial guztiei manifestazio bat egiteko eskatzen die, Nafarroaren eskubide historikoak, Foruak eta erabakitzeko eskubidea defendatzeko, aniztasuna eta nortasun desberdinak errespetatuz eta batzen gaituen kontzeptuan oinarrituz: “Nafar herritarrek erabakitzen dute”.


Bilduk, Aralar-NaBaik eta atxikirik gabeko parlamentariek alde bozkatu dute, I-E abstenitu da eta UPN, SN eta PPNk aurka bozkatu dute.


2.- “Nafarroako Parlamentuak, Hitzarmen Ekonomikoaren negoziazio prozesua demokratizatze aldera, Nafarroako Gobernuari eskatzen dio Hitzarmena negoziatzeko batzordea sortzeko, talde politiko guztiak biltzen dituen Parlamentuaren ordezkaritzaren bitartez, bai helburuak definitzeko orduan bai negoziazioaren prozesuan bertan. Halaber eskatzen dio erabakiak edo jarrerak negoziazio batzordearen ordezkaritzaren boto haztatuen arabera hartzeko”.


3.- “Nafarroako Parlamentuak LORAFNAren berrikusketa herritarren parte-hartze demokratiko eta gardenaren bitartez egitea beharrezkoa dela aitortzen du, Nafarroaren eskubide historikoen eta, besteak beste, zergen arloan hasieran zituen eskumenen defentsa bermatuko duen legezko tresna bat bihurtzeko”.


Bi proposamenak bertan behera geratu dira UPN, SN eta PPNren aurkako botoekin eta Bildu, Aralar-NaBai, I-E eta atxikirik gabeko parlamentarien aldeko botoekin.

Bilduko parlamentuko taldeak bakarrik aurkeztu duen proposamena aurrera atera da SN, Bildu, Aralar-NaBai, I-E eta atxikirik gabeko parlamentarien aldeko botoekin eta UPN eta PPNren aurkako botoekin. Honela dio:

1.- “Nafarroako Parlamentuak Gobernu espainolaren presidenteari eskatzen dio Nafarroako Parlamentuak legearen arabera hartu dituen erabakiak baliogabetzeko aurkeztu dituen helegite eta ekimenak berehala kentzeko, Parlamentua baita nafar herritarren subiranotasunaren gordetzailea”.


Aralar-NaBaiko parlamentuko taldeak bakarrik aurkeztu duen proposamena bertan behera geratu da UPN, SN, PPN, I-E eta atxikirik gabeko parlamentarien aurkako botoekin. Bildu eta Aralar-NaBairen babesa ez da nahikoa izan.

1.- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Hitzarmena negoziatzeko batzordea eta Euskal Hitzarmena negoziatzeko batzordea, haien eginkizunak gauzatzerakoan, koordinatuta jarduteko nahia agertzen du, erkidego bakoitzaren zerga-erregimena defendatzeko beharrezkoak diren sinergia lortzen saiatuz, askotan biak batera erasotuak direlako”.

PPNko parlamentuko taldearen bost proposamenetatik bakar bat onartua izan da, UPN, SN eta PPNren aldeko botoekin eta Bildu, Aralar-NaBai, I-E eta atxikirik gabeko parlamentarien aurkako botoekin. Honela dio:

1.- “Nafarroako Parlamentuak berresten du Nafarroari berme instituzionala, iraupen osoa eta autogobernurako ahalmena ematen dioten tresnak erabat babesten dituela. Elkarren osagarriak diren elementuak dituen esparru juridiko zabal baten barruan babesten ditu tresna horiek, hots, 1978ko Konstituzioaren eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren barruan”.


PPNk aurkeztu dituen proposamenetatik lau ukatuak izan dira, berea izan baita aldeko boto bakarra. Hona hemen proposamenak:


1.- “Nafarroako Parlamentuak erakunde eskudunei Foru Hobekuntza modernizatze aldera lan egitea proposatzen die. Horretarako, beharrezkoa da egungo Europar Batasunaren esparru juridikoaren barruan guztiz gaurkotzea ahalbidetuko duen eztabaida zorrotza planteatzea”.


2.- “Nafarroako Parlamentuak gogorarazten, berresten eta azpimarratzen du Nafarroaren eta Estatuaren arteko harremanak Hitzarmen Ekonomikoaren barruan itunen bitartez zuzenduta dagoela eta hori nabarmendu behar dela; izan ere, hori da zerga sistemak elkarrekin antolatzeko eta foru administrazioaren eta estatuko administrazioaren arteko eskumenak mugatzeko tresnarik onena”.


3.- “Nafarroako Parlamentuak aitortzen du Nafarroaren autogobernua indarrean dagoela, guztiz gauzatzen dela eta Konstituzioaren eta Hobekuntza Legearen babesa, bermea eta errespetua duela aitortzen du.


Autonomia Erkidegoen Finantzaketa arautzen duen 8/1989 Lege Organikoak honakoa zehazten du Bigarren Xedapen Gehigarrian: “Foru-erregimen izaeragatik, Nafarroaren finantza eta zerga jarduera ohiko sistemaren bitartez arautuko da, hots, Hitzarmen Ekonomikoaren bitartez. Bertan, Nafarroak Estatuko zergetan eragingo dituen ekarpenak zehaztuko dira, bai eta bere zerga-erregimena Estatuko erregimen orokorrera egokitzeko irizpideak ere.


Nafarroako Parlamentuak, Nafarroan LOFCA (autonomia erkidegoak finantzatzeko Lege Organikoa) aplikatzen duten KAren 208/2012 eta 110/2014 epaiak ikusita, beharrezkotzat jotzen du 8/1980 Lege Organikoaren erreforma, legea gauzatzerakoan eta aplikatzerakoan, inolaz ere eta inolako interpretazioa eginda, Nafarroaren autogobernurako ahalmena ez murrizteko. Modu berean, agindu hori laster negoziatuko den Hitzarmen Ekonomikoaren barruan jasotzeko eskatzen du, negoziazio prozesuan ere interpretazio okerrik ez egoteko".


4.- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroaren eta Estatuaren arteko Hitzarmen Ekonomikoaren hurrengo berrikusketa ahalik eta lankidetza girorik onenean gertatzea nahi du, honako printzipio hauek errespetatuz: Nafarroaren autogobernurako ahalmena eta gaitasuna; Estatuaren eskumen esklusiboekiko eta nazioarteko itunekiko errespetua; hitzarmenaren bidezko negoziazioa; Nafarroaren finantza egonkortasunaren eta gaitasun ekonomikoaren bermea; zergen egokitzapena; eta Nafarroaren elkartasuna gainerako autonomia erkidegoekiko”.


UPN abstenitu den azken horretan izan ezik, gainerako hirurek UPN, PSN, Bildu, Aralar-NaBai, I-E eta atxikirik gabeko parlamentarien aurkako botoak jaso dituzte.


Izquierda-Ezkerrako parlamentuko taldeak aurkeztutako bost proposamenetatik bi onartuak izatea lortu du. Biek SN, Bildu, Aralar-NaBai, I-E eta atxikirik gabeko parlamentarien aldeko botoak eta UPN eta PPNren aurkako botoak jaso dituzte.

1.- “Nafarroako Parlamentuak adosten du PPren gobernu zentralari KAren aurrean lege nafarren aurka aurkeztu dituen helegiteak kentzeko eskatzea, eta Nafarroako Gobernuari erreklamatzen dio eskakizuna berea egitea eta bera izatea gobernu zentralari eskatzen diona".


2.- “Nafarroako Parlamentuak adosten du PPren gobernu zentralari KAren aurrean Nafarroan etxebizitzarako eskubidea bermatzen duen eta premiazko neurri bat izan zen 24/2013 Foru Legearen aurka aurkeztu duen helegitea kentzeko eskatzea, eta Nafarroako Gobernuari erreklamatzen dio eskakizuna berea egitea eta bera izatea gobernu zentralari eskatzen diona".


Nafarroako Parlamentuak adosten du PPren gobernu zentralari KAren aurrean Nafarroan bizi diren pertsonei Nafarroako osasun sistema publikoan osasun laguntza jasotzeko eskubidea aitortzen dien 8/2013 Foru Legearen aurka aurkeztu duen helegitea kentzeko eskatzea".


Era berean, I-Eren hirugarren mozio baten goiburu bat ere onartua izan da, aurkako botorik gabe eta Bildu, Aralar-NaBai eta atxikirik gabeko parlamentarien abstentzioekin. Honela dio:


“Nafarroako Parlamentuak Hitzarmen Ekonomikoa erabat babesten du, Estatuko lurralde guztien arteko elkartasuna errespetatuz, eta hitzarmenaren gaurkotzeak zergen arloan Nafarroak dituen eskumenak bermatzeko eskatzen du”.


I-Ek aurkeztu dituen eta ukatuak izan diren hiru proposamenek (bat ez da osorik ukatu) UPN, SN eta PPNren aurkako botoak eta SN, Bildu, Aralar-NaBai, eta atxikirik gabeko parlamentarien aldeko botoak jaso dituzte. Honakoak izan dira:


1.- “Nafarroako Parlamentuak beharrezkotzat jotzen du Foru Hobekuntzaren erreforma egitea, Nafarroaren eskumenen barruan, garrantzi berezia duten erabakietan nafar herritarrak zuzenean galdetuak izateko eskubidea sartzeko”.


2.- "Nafarroako Parlamentuak Nafarroaren zerga eta finantza autogobernuarekiko konpromisoa adierazten du, eta Estatuko erakundeei autogobernuaren esparru horrekiko errespetua eta leialtasuna eskatzen die. Zentzu horretan, Parlamentuak honako adierazi du:


Nafarroako Parlamentuak uste du Konstituzio Espainolaren 135. artikuluan egin den moldaketak Nafarroaren zerga eta finantza autogobernua erasotzen duela, zor publikoaren ordainketa aurrekontu politikaren erabateko lehentasuna bihurtu duelako, eta ezabatzeko beharra adierazten du.

Nafarroako Parlamentuak uste du Aurrekontuen Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko 2/2012 Lege Organikoak Nafarroaren zerga eta finantza autogobernua erasotzen duela, Nafarroako aurrekontu politikaren gainean murrizketa eta kontrol zorrotzak ezartzen dituelako, eta ezabatzeko beharra adierazten du".

3.- “Nafarroako Parlamentuak uste du Estatu Espainola osatzen duten herri eta nazioak haien arteko harremanen eremua erabakitzeko eskubide demokratikoaren subjektuak direla.

Nafarroako Parlamentuak adierazten du Nafarroa, herritar guztien taldea, erabakitzeko eskubidearen titularra den subjektu politikoa, berezkoa eta bereizia dela.


Nafarroako Parlamentuak uste du erabakitzeko eskubidea era hitzartuan, baketsuan, demokratikoan eta legalitatea errespetatuz gauzatu behar dela.


Nafarroako Parlamentuak uste du autogobernuak Nafarroan demokrazia, gizarte eskubideak eta identitate aniztasunaren elkarbizitza bermatu behar duela".


Atxikirik gabeko parlamentariek egindako lau proposamenetatik bi onartuak izatea lortu dute, baina bat ez da osorik onartu. Honela diote:


1.- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio ahal bezain laster Hitzarmen Ekonomikoa moldatzeko akordioa Estatuarekin ixteko eta honakoa argi geratzeko:

Nafarroak Estatuarekin adostu gabe bere zergak zehaztu ditzakela, Estatuak aldez aurretik arautu ez dituen arloetan.

Estatuak zehazten dituen zergak Nafarroan aplikatuko ez direla, aldez aurretik hala adostu ez bada.

Nafarroan ez dela, inolaz ere, LOFCA (Autonomia Erkidegoak Finantzatzeko Lege Organikoa) aplikatuko. Beste era batera esanda, Nafarroaren eskumena erregulatzen dituzten arauak, zerga-erregimenari dagokionez, LORAFNA eta Hitzarmen Ekonomikoa dira".

Azkeneko bi goiburuak aurrera atera dira UPN, SN, Bildu, Aralar-NaBai, I-E eta atxikirik gabeko parlamentarien aldeko botoekin eta PPNren aurkako botoarekin. Azken hirugarrena onartua izan da Bildu, Aralar-NaBai eta PPNren aurkako botoekin eta gainerako taldeen babesarekin.

2.- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroaren autogobernua, bere zentzu zabalenean, defendatzeko konpromisoa adierazten du, eta Estatuko erakundeei eskatzen die Nafarroaren foru-erregimena errespetatzeko eta babesteko.

Nafarroako Parlamentua oso kezkatuta dago Estatuak oinarrizko legediaren kontzeptua neurriz gain erabiltzen duelako, bereziki LORAFNAn Nafarroari esklusiboki esleitzen zaizkion eskumenei dagozkien kasuetan.

Nafarroako Parlamentua frustratua eta gaizki sentitzen da, Gobernu zentralak Parlamentu honetan erabakitzen diren arauen aurkako helegiteak aurkezteko duen politikarengatik. Horren asmoa Nafarroaren eskumenak murriztea da soilik – eta zoritxarrez lortzen du”.

Lehenengo goiburua aho batez onartua izan da; aldiz, gainerako biek SN, Bildu, Aralar-NaBai, I-E eta atxikirik gabeko parlamentarien aldeko botoak eta UPN eta PPNren aurkako botoak jaso dituzte.

Proposamen honek beste hiru goiburu zituen, baina ukatuak izan dira UPN, SN eta PPNren aurkako botoekin. Honela zioten:

“Nafarroako Parlamentua ados dago Konstituzio Auzitegian Nafarroarekin egon daitezkeen eskumen arazoei irtenbidea aurkitzeko epaimahai berezia sortzearekin. Mahaikideak alderdi guztiek neurri berean izendatuko dituzte.

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua animatzen du, Eusko Jaurlaritzarekin dituen harreman instituzionalen esparruan, erkidego bakoitzak Estatuarekin dituen harremanen esperientziak partekatzea ahalbidetuko duten mekanismoak ezartzera eta sustatzera.

Nafarroako Parlamentuak “Geure autogobernuaren defentsan” leloa izango duen manifestazioa antolatuko du”.

Azkeneko bi lerro-multzoek Bildu, Aralar-NaBai, I-E eta atxikirik gabeko parlamentarien babesa izan dute. Lehenengoak, ordea, Bildu eta Aralar-NaBairen abstentzioak eta I-E eta atxikirik gabeko parlamentarien aldeko botoak jaso ditu.

Era berean, atxikirik gabeko parlamentarien beste bi proposamen ere osorik ukatuak izan dira, biak UPN, SN eta PPNren aurkako botoekin.

1.- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio Estatuarekin etorkizunean egingo diren negoziazio garrantzitsuen helburuak aldez aurretik Parlamentuarekin adosteko mekanismo egokia ezartzeko (indar politiko guztietako ordezkariak biltzen dituen negoziazio batzorde bat osatzea, Parlamentuak aukeratzen dituen kideak koordinazio batzordean sartzea...). Eskakizuna, batez ere, Nafarroak Estatuan duen ekarpenaren inguruko negoziazioei begira egin da, baina negoziazioa egungo legealdia amaitu aurretik gertatzen bada, zeharkako zergen inguruko moldaketak hartu beharko dira kontuan”.

UPNk, SNk eta PPNk aurka bozkatu dute, Bildu eta Aralar-NaBai abstenitu dira eta I-E eta atxikirik gabeko parlamentariek alde bozkatu dute.

2.- “Auziaren funtsari buruz (Nafarroa eta EAEa biltzen dituen autonomia erkidego bakarra eratzea) parlamentuko talde bakoitzak izan dezaken iritziaz gain, Nafarroako Parlamentuak ukatzen du nafar herritarrek aitortuta duten edozein eskubidearen ezabapena, eta bereziki, Laugarren Xedapen Iragankorraren ezabapena, xedapen horrek lortu baitzuen garai batean Parlamentuan ordezkatuta zeuden indar politiko nafar guztien arteko adostasuna”.

Bildu, Aralar-NaBai, I-E eta atxikirik gabeko parlamentarien babesa ez da nahikoa izan UPN, SN eta PPNren aurkako botoen kontra.