Publicada el Thursday, 8 de May de 2014

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko legea onetsi dute

Xedea kudeaketa publikoarekiko dagoen konfiantza eza desagerraraztea da, kontuen egoerari eta hartzen dituzten arriskuen nondik norakoei dagokionean gardentasun parametro berriak sartuz

Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, PPNk, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde emandako botoekin eta UPNk haren aurka emandako botoekin, Nafarroako Kontu Orokorrei eta finantza eragiketei dagokienean Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko 13/2007 Foru Legea aldatzen duen lege proposamena aintzat hartzea onetsi du gaur.


Atxiki gabekoek bultzatu duten lege proposamenaren xedea da kudeaketa publikoarekiko dagoen “konfiantza eza” desagerraraztea, horretarako erakundeek “haien kontuen egoerari eta hartzen dituzten arriskuen nondik norakoei” buruz ematen duten informazioaren “kantitateari eta kalitateari” dagokionean “gardentasun” parametro berriak sartuz .


Horretarako, proposatzen da Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legeak zehaztu dezan Foru Komunitateko Administrazioak eta haren mende dauden entitateek eman ditzaketen bermeen gehieneko arrisku bizia zein izango den, halako moduan non bi kolektiboek urtero jakingo duten eragiketa horien mugak zeintzuk diren, baita ekitaldian eman daitezkeen bermeen eta kredituen bolumenari dagokionean ere.


Ildo horretan, aurreikusten da, Parlamentuak berariaz baimendu ezean, pertsona fisiko eta juridikoek ezin izango dutela aurrekontuei buruzko legean xedatzen den gehiengo arrisku biziaren % 5a baino altuagoa den berme edo mailegu baten onuradun izan, izan Foru Komunitateko Administrazioarentzat izan haren mendeko entitateentzat (mendeko enpresa entitate publikoak, fundazio publikoak eta sozietate publikoak).


Maileguen kasuan eta “araudi jakinik ez dagoenez gero” Nafarroako Gobernuak duen mailegu-ahalmenean zenbait muga definitzen dira. Orain arte Nafarroako Gobernuak zen “maileguen hartzailea, zenbatekoa eta baldintzak zeintzuk ziren erabakitzeko eskumena zuena”.


Orain, txertatutako artikuluari jarraiki, Ogasun Publikoak hirugarrenei ematen dizkien kredituak kasuan kasuko mailegu-kontratua emanda formalizatu beharko dira, zeina foru lege bidez baimendu beharko den adierazitako muga errespetatuta.


Legez baimentzeari dagokionean, xedatzen da ezen, Parlamentuak berariaz baimendu ezean ez pertsona juridiko eta fisikoek ezingo dutela Foru Komunitateak azkeneko zorpetze-eragiketan formalizatu duen tasaren % 50a baino txikiagoa den interes-tasa duen mailegurik jaso. Halaber, amortizazio nagusiaren gabezia-epea ezin izango da 4 urte baino gehiagokoa izan. Gainera, Parlamentuak berariaz baimendu beharko du haien funtsak xedea betetzera bideratuta ez dauden mailegu finalistak ematea.


Edonola ere, maileguak Nafarroako Gobernuak hala adostuta eta Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposatuta emango dira, eragiketa bakarra zein bat baino gehiago hartu ahal izango dituzte. Bestalde, adierazi beharko dute zein den mailegu-hartzaileen identitatea, maileguak eman beharko diren epea, bai eta zenbateko indibidual eta globala ere.


Bestalde, kontabilitatearen arau orokorrei dagokienez, ondasun, eskubide eta betebehar guztiak eskuratze prezioaren edo ekoizpen kostuaren arabera ager daitezen aurreikusten da. Eta, Kontuen Ganberak oroitarazikoarekin bat eginez, erabilera publiko orokorreko azpiegitura eta ondasunak ibilgetuen barruan sar daitezen eskatzen da.


Kontu orokorrei dagokienez, memoria globalak balantzean, ondarearen emaitza ekonomikoan eta aurrekontuaren likidazio-egoeran jasotzen den informazioa osatu eta komenta dezan proposatzen da. Zehazten denez, xedea etorkizuneko ekitaldien kargura eskuratutako gastuen konpromisoei buruzko datuak era xehatuan edukitzea da, halako moduan non Foru Komunitateak bere gain hartutako zorpetzearen eta bermeen garapena zehaztasun handiagoz ezagutu ahal izatea da, izan zuzenean, izan haren mendeko entitateen bidez.


UPN, Socialistas de Navarra eta PPN parlamentu-taldeek sinatu duten in voce zuzenketa batek publikoak izan ez, baina merkataritza-araudiari jarraiki mendeko edo talde anitzeko gisa hartzen diren sozietateen urteroko kontuak sartzea ezabatu du.


Baldintza hori Batzordean egin zen irizpenean gehitu zen Audenasa eta Parques de la Naturaleza de Navarra (Sendaviva) enpresen kontuak eduki ahal izateko. Zuzenketa UPNk eta PPNk haren alde emandako botoekin, SNren abstentzioarekin eta Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde emandako botoekin onetsi da.


Osoko Bilkuraren eztabaidan bigarren in voce zuzenketa bat onetsi da, zioen azalpena legearen eduki berrira egokitzeko helburuarekin. Talde guztien babesa jaso du, UPNrena izan ezik, haren aurka agertu baita.

www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 110. zk., 2013-09-30ekoa)
• Zuzenketen argitalpena (NPAO, 35. zk., 2014-03-11koa)
• Irizpenaren argitalpena (NPAO, 50. zk., 2014-04-07koa)