Publicada el Thursday, 10 de April de 2014

Nafarroako Gobernua Nafarroako memoria historikoaren tokien katalogoa sor dezan premiatzen duen ebazpena onetsi dute

Nola eta bertan Sartagudako Memoriaren Parkea lehendabizikoa izanda, zeinaren "mantentze eta hobetze-lanak zuzenean Nafarroako Gobernuak kudeatu beharko dituen"

Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde emandako botoekin eta UPNk eta PPNk haren aurka emandako botoekin, ebazpen bat onetsi du gaur zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen den “Nafarroako memoria historikoaren tokien katalogoa sor dezan, azaroaren 16ko 33/2013 Foru Legeko 9. artikuluko 2. idatz-zatian xedatzen denari jarraikiz”.

Onetsi den ebazpenak bigarren idatz-zati bat du non, halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen den “Sartagudako Memoriaren Parkea izan dadin Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzen lehena, 33/2013 Foru Legeko 9.2 artikuluan ezarritako izapide eta proposamen loteslea aldez aurretik eginda; izan ere, parkeak errekonozimendu eta babes ofizialik handiena du, foru lege horretako 15.1 artikuluan ezarritakoarekin bat”.

Era berean eta hirugarren idatz-zati batean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “bere gain har ditzan Sartagudako Memoriaren Parkea mantentzea eta hobetzea, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura”.

Zioen azalpenean, Bildu-k eta Aralar-Nabaik bultzatu duten ebazpenak arrazoi gisa ematen du “aplikatzekoa den araudiari jarraiki, bai esangura enblematikoa duten lekuak, bai memoriaren lekuak ere, botere publikoek izendatu, babestu eta mantendu beharrekoak dira, horien jabea nor den ere”.

Eta Sartagudako Memoriaren Parkeari dagokionean, azpimarratzen da, 33/2013 Foru Legearen 15.2 artikuluari jarraiki, “Nafarroako Gobernuak zuzenean kudeatu behar du parkea mantentzea eta hobetzea”.

Proposatu dutenek oroitarazten dute ezen “lege aurreikuspenak egoki betetzeko”, Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Katalogoa toki horiek deklaratu baino lehen sortu beharko dela.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 27. zk., 2014-02-14koa)