Publicada el Thursday, 19 de December de 2013

Kontratu Publikoei buruzko Foru Legea aldatzen duen Foru Lege proposamena aintzat hartzea onetsi dute

Esleipen publikoak gardentasun handiagoz egin daitezen, publizitaterik gabeko prozedura negoziatuaren gehiegizko erabilera mugatzea aurreikusten da

Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde emandako botoekin eta UPNren eta PPNren abstentzioekin, Nafarroako Kontratu Publikoei buruzko 6/2006 Foru Legea aldatzen duen Foru Lege proposamena aintzat hartzea onetsi du gaur.


Atxiki gabekoek bultzatu duten lege proposamenaren xedea Administrazioak kontratuak publizitaterik gabeko prozedura negoziatuaren bidez egiten dituen gehiegizko esleipenak zuzentzea da, “kontratu guztien % 60 baino gehiago egin ziren prozedura horren bidez, eta kontratuok guztira kontratatutako zenbatekoaren % 17 baino gehiago egin zuten”.


Araudi aldaketa horrekin, “esleipen publikoei gardentasun gehiago eman nahi zaie, aukera berdintasuna eta gardentasuna Europar Batasunaren legediaren printzipio inspiratzaileetako batzuk izateaz gain, bereziki garrantzitsuak direlako”.


Ildo horretan, lege proposamenak “kontratu publikoetan publizitaterik gabeko prozedura negoziatua erabiltzeko gehienezko zenbatekoak berraztertzea” jasotzen du, horretarako “muga estuagoak ezarrita”.


Hala bada, orain prozedura hori erabili daiteke baldin eta obra kontratuen balioa 750.000 euroko baino gehiagokoa ez bada, alabaina, “muga hori 600.000 euro arte jaistea” proposatzen da.


Laguntza eta hornidura kontratuen kasuan, “prozedura hori erabili ahal izateko balio zenbatetsia 90.000 eurotik 75.000 eurora jaistea” aurreikusten da.
Gainera, kontratu publikoetarako sarbidea izateko betebeharrak “entitate guztientzat berdinak” izan daitezen proposatzen da, hori ez baita egungo araudian gertatzen, izan ere, “sozietate publikoentzako betebeharrak ez dira hain murriztaileak eta publizitaterik gabeko prozedura negoziatuaren bidez kontratuak esleitzerakoan Nafarroako Gobernuak erraztasunak ematen dizkie”.


Halaber, publizitaterik gabe negoziatutako kontratuen publizitate arauak hobetzen dira, une honetan entitate kontratugilearen esku baitago lizitazioa Nafarroako Kontratazioaren Atarian edo eguneroko prentsa idatzian iragarriko duenetz erabakitzea. Alabaina, proposatu dutenek “arrazoizko” deritzote “kontratuaren balioa 500.000 eta 600.000 euroren artekoa den kasuetan, hura iragartzea derrigorrezkoa izatea”.

www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 128. zk., 2013-11-08koa)