Publicada el Thursday, 27 de June de 2013

Ehizari eta Arrantzari buruzko Foru Legea aldatzea onetsi dute

Arau berriak zaintzaren nahitaezkotasuna aldatzen du, genetikoki puruak diren espezieak askatzea arautzen du eta zaindariak esku-hartzea babesten du

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk eta SNk haren alde emandako botoekin, PPNk, I-Ek eta atxiki gabekoek haren aurka emandako botoekin eta Bildu-ren eta Aralar-Nabairen abstentzioekin, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea aldatzen duen Legea onetsi du gaur.

UPNk aurkeztutako Foru Lege proposamenaren xedea araudia egungo beharrizanetara egokitzea da, hartara, besteak beste, zaintza sistemaren nahitaezkotasuna, barruti bat eratzeko eskatzen den gutxieneko azalera, debeku intentsiboen zehaztasunak eta jarduera zigortzailea berrikusten dira. 

Zaintza sistemak, zeina 17/2005 foru legean jasotze baita eta erregelamenduaz ezartzen denari jarraikiz aurtengo otsailetik aurrerako indarraldia hartuko baitu, “ika-mikak” eragin ditu eta, ondorioz, 51. artikulua aldatzea proposatzen da, halako moldez non barrutiaren titularrak ezarriko baituen beharrezkoa ote den barrutian ehiza-zaintzako sistema bat edukitzea, zeina aurrerantzean ez den derrigorrezkoa izanen. 

Zaintza ezartzea erabakitzerakoan aurreikusitako ehiza aprobetxamenduaren “ezaugarriak” hartu beharko dira kontuan, eta “behar adina ziurtatze” aldera ehiza-espezieen aprobetxamendu egokia egiten dela eta nahitaezko izaeraz ezarritako “kontrol eta jarraipen” neurriak ezartzen direla. 

Edonola ere, xedatzen denez barrutiak ehiza-zaintzako sistema bat eduki beharko du “salbuespeneko ehiza-baimenak” betetzeko, bai 39. artikuluan jasotako metodo debekatuak erabiltzeagatik, bai ohiko ehiza-denboralditik kanpo egiteagatik. 

Gainera, zaintza beharko da oreinak eta orkatzak zelatan ehizatzeko; ehizaldi eta monterietarako beharrezko segurtasun prozedurak kontrolatzeko xedearekin; 20 ehiztari baino gehiagorekin egindako basurde ehizaldietarako, “beti ere gutxienez 24 ordu lehenago aurreikusten badira”; populazioen urtealdi-kontrolerako; eta erregelamenduz gara daitezkeen bestelakoetarako. 

Halaber, zaintza eskatuko da populazioak kontrolatzeko, horretan barne askatzea, berriz sartzea eta translokazioak. Edonola ere, ehiza espeziak berriz sartzea baimendu denean, eta espezie horiek ehizatzea debeku den denboran, eta barrutiak bestelako espezieak ehizatzeko aukera ematen duenean. 

Azkenik, eta “ingurumenean eta segurtasunean baldintza onenak ziurtatze aldera”, zaintza beharko da kudeaketa okerrarengatik edo pozoia eta amu pozoituak jartzeagatik edo lege indardunek debekatzen dituzten gai toxikoak erabiltzeagatik barrutia osorik edo zati batean itxi denean, administrazio edo zigor espediente bat edo kautelazko neurri bat betetzeko. Kasu honetan zaindaria barrutian egonen da, bertan egiten den lehen ehiza-gara gauzatua bukatu arte. 

Aprobetxamenduaren titularren betebeharren artean, aldi baterako baimenak (txartelak) ematean eta erabiltzean ahalik eta “gardentasun” handiena egon dadin, barrutiaren titularrari baimen horien kopurua eta zenbatekoa jakinarazteko beharra jasotzen da. 

Bestalde, proposamenak 1.000 hektareatik gorako tokiko barrutiak eratzea baimentzearen alde egiten du, baldin eta ehiza larria bada aprobetxamendu nagusia eta barrutiaren kudeaketa zuzenean egiten badu toki entitate titularrak, edo enkanteen bidez egiten bada.

Ehiza-barrutien aprobetxamenduari dagokionez, Ehiza Antolamendu Planean xedatutakoaren arabera egingo da. Alabaina, purutasun genetikoa duten espezietako aleak askatzea arautzen da, hartara “egokitasun genetikoa, osasungarritasun kalitatea eta barrutiko ingurumen balioak mantentzen direla” ziurtatzeko. 

Ildo horretan, eper gorria, erbi europarra eta mediterraneoa eta untxia askatzea baimentzen dira, eskuduna duen departamentuak araudi bidez zehazten duen baldintzetan, gehienez ere 18 hileko epean. Ehiza espezieak askatzea eta berriz sartzea Ondare naturalari eta biodibertsitateari buruzko 42/2007 Legearen 52. eta 62. artikuluetan xedatutakoari jarraiki egingo da, derrigorrez bete beharreko oinarrizko araudia baita.

Neurri horren atzean ehiza-aprobetxamendurako espezieak desagertuko direnaren “kezka” dago; arrazoi askoren artean, nagusietako batzuk dira “naturaren gehiegizko gizartiartzea, nekazaritza intentsiboa”, eta abar. 

Zehapen-araubideari eta 89. artikuluan jasotzen diren arau-hauste oso larriei dagokienez, kalifikazio hori merezi duen jarrera bat gehitzen da, hain zuzen, “ehiza-espezieak baimenik gabe sartzea edo askatzea edo baimenean ezarritako baldintzak ez betetzea”.

Halaber, arau horren lehenengo idatz-zatia aldatzen da, hartara, “pozoiak eta amu pozoituak jartzea eta legedi indardunak debekatutako substantzia toxikoak erabiltzea” zigortzeko. 

Gainera, xedapen gehigarri bat gehitzen da, hartara esku-hartzerakoan zaindariaren askatasuna mantentzeko, halako moldez non haren salaketak ehizaren alorrean eskumena duen departamentuak, barrutiaren titularra den toki entitateak eta ehiza-barrutiaren aprobetxamendurako titularrak ezagutu ditzaten .

· www.parlamento-navarra.es
· Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 39. zk., 2013-04-15ekoa) 
· Zuzenketen argitalpena (NPAO, 68. zk., 2013-06-18koa)