Publicada el Thursday, 25 de April de 2013

Nafarroako Gobernua etxegabetzeen problematikari dagokionez gehiago inplika dadin premiatzen duen ebazpena onetsi dute

Datuak lortzeko eta emateko sistema perfekzionatuz eta jurisprudentzia berria aplikatuz, epaileei ahalmena ematen diena exekuzio hipotekarioko prozesu bat gerarazteko

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat aho batez onetsi du gaur, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen den “arloko datuak lortzeko bere sistema perfekziona dezan, halako moduan non Nafarroako Estatistikaren Institutuaren web orrian ahal den azkarren kontsultatu ahalko baita Nafarroan gertatutako etxegabetze-kopuruaren gainerako informazio xehakatu eta aldiro gaurkotua, etxegabetzeen ezaugarrien gainekoa –ohiko etxebizitza, bigarren etxebizitza, merkataritzako lokala, jabetzakoa ala alokairukoa den zehaztuta–, bai eta Nafarroako etxebizitza sozialen parkea osatzen duten etxebizitza sozialen kopuruaren gainekoa ere, eremuka zehaztuta zenbat etxebizitza sozial dauden okupatuta eta zenbat erabilgarri”.

Onetsitako ebazpenak bigarren idatz-zati bat du non, halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen den “harremanak has eta manten ditzan etxegabetzeen dramaren konponbidean inplikatuta dauden gizarte zibileko erakunde esanguratsuekin –esaterako, Hipotekek Kaltetutakoen Plataforma–, denon artean egoera hobetzen saiatzeko helburu bakarrarekin”.

Era berean eta hirugarren idatz-zati batean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “publiko egin eta Nafarroako gizartean zabal dezan etxegabetze kasuetan nola jardun eta koordinatu ezartzen duen barne protokoloa, zeinetan zehazten baita zein den Gobernuko departamentu bakoitzaren eta toki entitateen erantzukizuna arlo horretan, bai eta horien arteko koordinazio-bideak ere”.

Azkenik, Foru Komunitateko Gobernua premiatzen da “ahal den azkarren eman diezazkien jarraibide zehatzak Bitartekaritza Zerbitzuko teknikariei, herritarren interesen defentsan kontuan har dezaten berrikitan ezagututako epaietatik heldu den esparru juridiko berria”.

Zioen azalpenean, atxiki gabekoek bultzatutako ebazpena iragan 21eko Osoko Bilkuran aurkeztutako jabelduraren ondorioz sortutako eztabaidari dagokio. Horren harira, 93/13/CEE zuzentarauarekin lotutako jurisprudentzia berria ezartzera deitzen du, izan ere, “epaileei ahalmena eta erantzukizuna ematen die exekuzio hipotekarioko prozesu bat gerarazteko, baldin eta abusuzko klausulak dituela uste badute”.

Alde horretatik, proposatu dutenek azpimarratzen dute banku-entitateekin eta instantzia judizialekin dituzten elkarrizketetan “lehentasunezkoa” dela Nafarroako gobernuko Bitartekaritza Zerbitzuko teknikariek ez dutela ahanzten beren lehentasun nagusia dela “borondate onez jokatu arren kalean gelditu diren pertsonen arazoak konpontzea”.

www.parlamento-navarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 39. zk., 2013-04-15)