Publicada el Thursday, 11 de October de 2012

Ebazpen bat onetsi dute, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak erabat arbuiatzen dituen Gobernuko lehendakari Mariano Rajoyk iragarritako 'doitze-neurri' deituak, Aurrekontuen Egonkortasuna Bermatzeko eta Lehiakortasuna Sustatzeko uztailaren 13ko 20/2012

Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur, zeinaren bidez “Nafarroako Parlamentuak erabat arbuiatzen” dituen “Gobernuko lehendakari Mariano Rajoyk iragarritako “doitze-neurri” deituak, Aurrekontuen Egonkortasuna Bermatzeko eta Lehiakortasuna Sustatzeko uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege-dekretuan jasotzen direnak”.

Halaber, onetsitako ebazpenean “Nafarroako Parlamentuak bere konpromisoa azaltzen du, behar diren neurri juridiko, politiko eta sozial guztiak abian jartzeko, eragozte aldera neurri horiek Nafarroan aplikatzea. Eta defenditze aldera, foru autogobernutik, neurri eta murrizketa sozial horiek ez aplikatzea, eta ekonomia suspertzeko eta lanpostu berrien sorrera sustatzeko beste neurri kontra zikliko batzuk ezartzea”.

Nafarroako Parlamentuak onetsitako ebazpenak Nafarroako Gobernua premiatzen du “Nafarroako Gobernuko langileei dagokienez –lan kontratudunak nahiz funtzionarioak izan–, bere esparruan 2012an aplika dezan “urte amaierako ordainsari berezi” baten ordainketa, abenduan, uztaileko ordainsariaren zenbateko berekoa, zertarako eta konpentsatzeko langile horien dedikazioa, zerbitzu publikoen bidez Foru Komunitatearen gizarte ongizatearen mailetan jardutekoa, eta erkidegoko ekonomiaren dinamizazioari laguntzeko”.

Azkenik, onetsitako ebazpenean adosten da ezen “Nafarroako Parlamentuaren iritziz, egungo politika ekonomikoa eta uztailaren 13ko Errege Lege-dekretuko neurriak oso-oso larriak dira sozialki, bai dakarten gizarte-bidegabekeriagatik, bai eragin dezaketen atzeraldi ekonomikoagatik, bai jarduera ekonomikoaren pizgarri gisa eta enplegu-sorrerari dagokionez lagungarri ez izategatik, bai eta gure autogobernuaren eskumenen aurkako eraso bat izategatik ere. Hortaz, gizarteari dei egiten dio neurri horien aurkako mobilizazioetan parte har dezan”.

SN, NaBai, Bildu-Nafarroa eta I-E parlamentu-taldeek onetsitako ebazpenaren alde bozkatu dute; UPN eta PP parlamentu-taldeek ordea, kontra.

Socialistas de Navarra parlamentu-taldeak aurkeztu duen mozioaren zioen azalpenean honakoa argudiatzen zen: “Estatuko Aldizkari Ofizialak 2012ko uztailaren 14an argitaratu zuen Aurrekontuen Egonkortasuna Bermatzeko eta Lehiakortasuna Sustatzeko uztailaren 3ko 20/2012 Errege Lege-dekretua.
 

Gobernuko lehendakari Mariano Rajoyk uztailaren 11n iragarritako neurri gogor eta bidegabeak jasotzen ditu arau horrek, zeina kolpe latza baita herritarren bizi-kalitatearentzat, bai eta zailtasun gehigarri bat ere ekonomia dinamizatzeko eta enplegua sortzeko.
 

Neurri horiek oso eragin negatiboa izanen dute, beste behin ere, gure gizarteko sektorerik ahulenen egoeran, gizarte-eskubideak murrizten baitituzte; esaterako, langabezia-sorospena eta mendekotasunerako laguntzak. Neurri horien erakusgarri dira langileen eskubideen eta lan-baldintzen atzerakada –administrazio publikoetakoak nahiz beste edozein arlotakoak izan– eta zergen igoera bereizkuntzagabea. Neurri horiek, bidenabar esanda, adostasunik eta eztabaidarik gabe onetsi dira –dekretu bidez eta Diputatuen Kongresuko indar politiko guztien aurkako botoarekin, PP eta UPN kenduta–, eta zenbait kasutan Nafarroaren foru autogobernuaren eskumenen aurkako eraso bat eta mespretxua adierazten dute.
 

Alderdi Popularraren gobernuak, UPNren babesarekin eta oniritziarekin, gastua eta gizarte-eskubideak murrizteko eta mugatzeko neurriak aplikatzen ditu soilik, eta ahantzi egiten du jarduera ekonomikoa suspertzeko eta lanpostu berriak sortzeko neurri kontra ziklikoak bultzatu eta ezarri beharra dagoela”.

www.parlamentodenavarra.es
Mozioaren argitalpena (NPAO, 70. zk., 2012ko irailaren 7koa)