Publicada el Friday, 19 de October de 2012

Barcinak oposizioaren proposamenak zenbatzeko 'esku bateko hatzak soberan' dituela dio

Parlamentuko bozeramaileei erantzuterakoan, Yolanda Barcinak oposizioko taldeek aurkeztu dituzten proposamen zehatzak zenbatzeko “esku bateko hatzak soberan” dituela esan du.

Aitzitik, Barcinak goizeko agerraldian 39 proposamen aurkeztu dituela azpimarratu du eta gobernuan “aktibitate eza” dagoela ukatu du. “Gobernu hau aktibo dago eta nafarren arazoei konponbideak emateko lanean ari da; egiatan, gobernu posibleen artean onena da”.

Dena den, parlamentu-taldeen artean “alde onak” ikusi dituela esan du; esaterako, PSNren agerraldian, “Trantsizioko izpiritua” berreskuratzeaz mintzatu denean, eta “izpiritu hori dugun alderdi politiko guztien artean” hitzarmenak egitearekin bat datorrela esan du.

Gainera, Foru Hobekuntza defendatzeari eta ETA talde terroristaren amaierari ekiteko moduari dagokionean PSNrekin bat datorrela esan du.

Nafarroa Bai-ren bozeramaileari, Patxi Zabaletari, esan dio “orain dela 30 urte berdinean” dagoela, “Nafarroak aurrera egiteko balio duen obra oro geldiarazten: AHTari ez, Salesianosi ez, Donapeari ez, autobiari ez, Gaztelu enparantzako aparkalekuari ez. Hori bai, aparkalekuaren kontra zaudeten guztiek aparkatzeko lekua eskatu behar zenuten”.

Bildu-k gobernuak Nafarroa “gris” bat egiten ari deneko salaketari dagokionean, Barcinak esan du alkate zenean ere “hamabi urte” eman zituela “Bildu-ren atzeko alderdi politikoei Iruña gris bat egiten genuela entzuten. Askatasun osoa ez dagoenean, Nafarroa hori beltza da, hori da zuen Nafarroa”.

ETAren amaierari dagokionez, “garaileak eta garaituak” egon behar ez direla dioten bozeramaileak kritikatu ditu eta bere buruari galdetu dio “katua sakatzen duena eta eraila dena berdinak” ote diren. “ETAk demokrazian pertsonak erail ditu. Eraila izan den pertsona eta lehertu zen bonba jarri zutenak berdinak al dira?”, esan du.

Azkenik, Izquierda-Ezkerraren bozeramaileari “Extremaduran Ezker Batuak Alderdi Popularrarekin hitzarmenak egiten baditu ere, UPNrekin adostasunera iristea baztertzen duen garaiz kanpoko diskurtso bat” egitea leporatu dio.