Publicada el Friday, 23 de December de 2011

Zenbait Zerga Aldatu Eta Beste Tributu-Neurri Batzuk Hartzeko Legea Onetsita

Parlamentuko Osoko Bilkurak 2012ko ekitaldirako Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko Legea onetsi du gaur, UPN eta SN taldeek haren alde emandako botoekin eta Nabai, Bildu, PPN eta Izquierda-Ezkerra taldeek haren kontra emandako botoekin.

Osoko Bilkuran onetsitako Legeak aurretik Ekonomia eta Ogasun Batzordeko eztabaidan irizpenari batu zitzaizkion 6 zuzenketak ditu. Zuzenketa guztiak UPN eta SPNk elkarrekin aurkeztu zituzten, 1 izan ezik, I-Ek aurkeztu zuena.

2012rako zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko arauaren helburua da “Nafarroako Gobernuaren tributu-politika ezartzea, haren aurrekontu-politika sendotzeko asmoz”.

2012rako Neurri fiskal eta tributarioei buruzko legeari batutako neurri nagusienen artean honakoak daude:

PERTSONA FISIKOEN ERRENTAREN GAINEKO ZERGA
2011ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, aurrezkiaren likidazio-oinarri bereziaren karga-tasa % 18tik % 19ra igo da, 0tik 6.000 eurora bitarteko tarterako.

Aurrezkiaren likidazio-oinarri bereziaren karga-tasa igotzean, atxikipen-tasa egokitu da, eta 2012ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, orokorrean praktikatu beharreko atxikipen portzentaia edo konturako sarreraren ehunekoa % 18tik 19ra igo da (profesionalen errententzat % 15 izaten jarraitzen du). Igoera honek gure Foru Komunitateko atxikipen-tasa Estatuan aplikatzen denarekin parekatzen du. Atxikipen-tasa hau sozietateei ere aplikatzen zaie, hau da, Sozietateen gaineko Zergari lotutako enpresei.

Agindu berezia ezartzen da kirolari profesionalen irudi-eskubideen lagapenaren ondoriozko errentak arautzeko, entitate tartejarrien bidez zergen ordainketari ihes egitea galarazteko asmoz. Agindua 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera sortutako errentei aplikatuko zaie.

2011ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin lanaren kenkaria aldatzen da eta 9.100 € eta 17.000 € bitarteko errentak dituztenentzat jaitsiko da. Esaterako, 13.000 €ko lan etekin garbiak dituen pertsona batentzat, 2010.urtean kontzeptu honengatik 975 € kentzen ziren eta 2011.etik aurrera kentzea 700 €koa da.

Enpresa edo lanbide jardueran 2012.urtean hasten diren subjektu pasiboei aplikatu beharreko onura fiskalak luzatzen dira, betiere etekin garbia zuzeneko zenbatespenaren araubidearen arabera kalkulatzen badute.

Bestalde, 2011ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin lan errenta gisa ordainduko dira PFEZan kargu publikoek kide diren erakunde guztietatik jasotzen dituzten kopuru guztiak.

ONDAREAREN GAINEKO ZERGA
Ondarearen gaineko Zerga indarrean jartzen da berriz eta 2011ko zergaldirako aplikatzen da. Aurretik zegoenari dagokionez, salbuetsita dagoen gutxieneko ondarea 700.000 €raino igotzen da eta ohiko etxebizitzagatik salbuetsita dagoen gehieneko kopurua 300.000 €an finkatzen.

SOZIETATEEN GAINEKO ZERGA
Inbertsioetako erreserba bereziari dagokion kontabilitate-zuzkiduraren kopurua 150.000 €tik 90.000 €ra murrizten da, onura erabil dezaketen subjektu pasiboen kopurua handitu dadin. Aurreikusten denez, honek azken beltzean inbertsioa sustatuko du.

2011ko ekitaldian indarraldia bukatzen zitzaien zenbait onura fiskal luzatzen dira:

a) Ondare-elementuen amortizazio azeleratua bi urte luzatzen da enpresa txikientzat.

b) Enplegua sortzeko kenkariak % 30 handitzeko onura ere bi urte luzatzen da (neurri hau aurrekoarekin batera PFEZari lotutako enpresariei ere aplikatzen zaie).

c) Inbertsioa gauzatzeko epea luzatzen da berrinbertsioagatiko salbuespen kasuetan edo Inbertsiogatiko Erreserba Berezian. Aipatu epea 2011 edo 2012. urteetan bukatzen bada, inbertsioa edo gauzatzea 2014ko urtarrilaren 1a baino lehenago egin ahal izango da.

d) 2012an eta 2013an hasten diren zergaldietan karga-tasaren % 27, 20 edo 17ko murrizketa luzatuko da, baldin eta enpleguari eusten bazaio edo enplegua sortzen bada.

ZOZKETEN, TONBOLEN, APUSTUEN ETA AUSAZKO KONBINAZIOEN GAINEKO TASA
2012ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Nafarroan baimendu beharreko apustuen karga-tasa % 10ekoa izango da eta jokatutako zenbatekoen batura osoaren eta jokalariek lortutako sarien zenbatekoaren arteko aldearen gainean aplikatuko da.

Hala ere, pilota partidetan edo landa edo toki izaera duten bestelako kirol-jarduera edo txapelketetan egindako apustuei dagokienez, zerga-oinarria osatuko da urtero antolatzen diren partida edo jardunaldi kopuruaren arabera, betiere apustuak jarduera horiek diren tokian bertan egiten badira eta kanpoan egindako apustuekin batzen ez badira.

· www.parlamento-navarra.es
· Foru Lege proiektuaren argitalpena (NPAO, 26 zk., 2011-11-9-koa)
· Zuzenketen argitalpena (NPAO, 35 zk., 2011-11-28koa)
· Irizpenaren argitalpena (NPAO, 39 zk., 2011-12-19koa)