Publicada el Lundi, 14 de novembre de 2016

Emakumeen aurkako indarkeria.Xake patriarkatuari izeneko II. Jardunaldien hasierako ekitaldia

Aznarezek esan du genero-indarkeriaren arazoaren muinean matxismoa dagoela, tratu txarren emaileak elikatzen baititu, bai eta, hedaduraz, gizartearen gainerakoa ere

Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Ainhoa Aznárezek, gaur hasiera eman die Emakumeen aurkako indarkeriari buruzko II. Jardunaldiei. Arlo anitzeko ziklo bat da, eta barnean hartzen du “genero-erasoen aurkako eta berdintasunaren aldeko gure konpromisoa partekatzea” helburu duen ekimena; oraingo honetan, modu sinbolikoan “tratu txarrei aurre egiteko” fotomatoi baten bitartez beteko da helburu hori.


Programaren planteamendu ireki eta eraikitzailea nabarmendu du Aznárezek. Haren bitartez “adierazpen-bide bat eskaini nahi zaie genero-erasoen biktima diren eta landa-ingurunean bizi diren emakumeei, ingurune horretan zailagoa izaten baita eskura dauden baliabideak erabiltzea”.


Xede nagusia da, beraz, “informazio gutxiago eta salatzeko orduan beldur handiagoa” dagoen ingurune horrek berezkoak dituen premiak eta eskariak ezagutzea. Hain zuzen ere “urrutiratze aginduak bezalako neurri judizialak ere aplikatzen zailagoak izaten dira landa-eremuan”.

Horrelako bizipenen berri ematen dute haiek artatzen dituzten pertsonek, eta, abiaburu horretatik hasita, aurrera egin nahi da errotik erauzi arte gizartearen arazo larri hori, “halako izurri gaiztoari ez babesik ez azalpenik eskaintzeko prest ez dauden herritarren laguntzaz bakarrik konpon daitekeena”.

Horren haritik, lehendakariak azpimarratu du, zenbaki ofizialetatik eta ez-ofizialetatik harago, genero-indarkeriaren arazoaren muinean matxismoa dagoela, “tratu txarren emaileak elikatzen baititu, bai eta, hedaduraz, gizartearen gainerakoa ere. Urtero 700.000 gizon beste hainbeste emakumeri tratu txarrak ematera bultzatzen dituen jokabidearen indarkeriazko ondorioak ezabatzeko jada jorratzen ari diren bideak erakusten laguntzen jarraitu nahi dugu”.


Lehendakariaren ardura izan da inaugurazioko hitzaldiaren sarrera egin eta haren testuingurua azaltzea. Horretan ari zela, “laneko jazarpenaren eta laneko arriskuen prebentzioaren arteko” paralelismoa egin du. “Bi esparru horietan ikuskapenak behar dira, kalitatezko auditoriak, ingurune edo portaera toxikoak detektatzeko, kasu honetan sexuaren kariaz”.


Azkenik, Ainhoa Aznárezek esan du bukatu dela “normala ez den zerbait normaltzat hartzeko garaia, nahiz eta Europako biztanleen % 3k hura justifikatzen duen zenbait egoeratan eta % 1ek edozein egoeratan. Indarkeria matxistak aurten dagoeneko 86 pertsona hil ditu, ofizialki 37. Baina Nafarroan badugu emakumeenganako indarkeriaren aurka jarduteko foru lege bat, eta berari heltzen diogu”.


Ondoren mahai-ingurua egin da gai honi buruz: Jazarpen psikologikoa, sexu-jazarpena eta sexuarengatiko jazarpena lan-esparruan. Indarra duen foru legeak dakartzan protokoloak aztertu dira eztabaida horretan. Mahaian izan dira Juan María Marcos González, Diskriminazioaren eta Jazarpen Moralaren Euskal Behatokiko koordinatzailea, Ana Isabel Zariquiegui Asiain, Eroski Hipermerkatuetako eskualde-zuzendaria, eta Marta Luxan Serrano, Euskal Herriko Unibertsitateko Soziologiako irakaslea. Moderatzaile aritu da Cristina Zoco Zabala, NUPeko Konstituzio Zuzenbideko irakaslea.

Aldez aurretik, Partekatu zure Beldur Barik jarrera izeneko ekimena inauguratu da: fotomatoi bat instalatu da, jendeak harroputzaren aurkako argazkia egin dezan, nork bere erara “indarkeria sexistaren arbuioa eta hura modu aktiboan borrokatzeko gogoa” agertzeko idatziko duen mezuarekin.

Fotomatoia Parlamentuaren egoitzako atarian egonen da hilaren 30era arte (astelehenetik ostiralera 10:00etatik 20:00etara bitartean, larunbatetan 10:00etatik 14:00etara bitartean), eta bertan egindako argazkiak honako esteka honen bidez jaitsi ahalko dira:

https://www.flickr.com/photos/146460645@N08/

Segidan, Ozenki izeneko artelan soinuduna eszenaratu da. Nafarroan arte garaikidea sustatzen duen APAC elkarteak ekoitzi du, Iruñeko Udaleko Kultura Arloarekin lankidetzan.

Zikloan aurrera eginez, bihar, asteartean, hilak 15, (18:30ean, erabilera anitzeko gelan), Genero-indarkeria: hura ezabatzeko estrategia landa-ikuspegitik izeneko mahai-ingurua eginen da. Honako hauek mintzatuko dira: Erica Barral Lucas, Genero Indarkeriaren Biktimei Arreta Osoa emateko Taldeko (EAIV) hezitzailea; Virginia Carrica Martincorena, gizarte-langilea eta EAIVko koordinatzailea; Olga Garrote Llanos, harrera-baliabideen koordinatzailea; eta Edurne Razkin Jaka, Irurtzungo Eremuko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte-langilea. Moderatzaile arituko da Geno Ochando Ortiz, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko (INAI) Sustapen eta Kudeaketako zuzendariordea.

INAIko zuzendari kudeatzaile Mertxe Leranoz Goñik itxiko ditu II. jardunaldiak (20:00etan).