Publicada el Jeudi, 13 de octobre de 2016

Onetsi egin da etxebizitzari lotutako gaietan laguntzeko Foru Lege Proposamena aintzat hartzea

Zabaldu egingo da babestutako etxebizitzak sustatuko dituzten kooperatibak sortzeko aukera eta irabazi asmorik gabeko promozioetan erabilera-zesioaren figura sortuko da

Gaur egindako osoko bilkuran, Nafarroako Parlamentuak etxebizitzari lotutako gaietan laguntzeko neurrietarako Foru Lege Proposamena aintzat hartzea onetsi du. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Ek aldeko botoa eman dute, UPNk kontrako botoa eman du eta PPN abstenitu egin da.

Foru Lege Proposamena honako Talde Parlamentarioek aurkeztu zuten: Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta A.P.F. I-E. Horren helburua etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea gauzatzea da, babestutako alokairuak sustatuz eta herritar guztien beharrei erantzungo dien birgaitzea eginez.

Gizarte Eskubideen Departamentuko Etxebizitza Zerbitzuak ere pare hartu du Lege Proposamenaren sorreran. Horren bidez, egungo legedia aldatu nahi da, pertsona guztiek etxebizitza duina izateko duten eskubidea sustatzeko, babestutako alokairua bultzatzeko, egungo prezioak jaitsiz, eta etxebizitza berrien promozioak egiteko; era berean, bestelako jarduerak ere egin nahi dira, esaterako eraikinak birgaitzea, horretarako baldintzak malguago eginez eta diru-laguntzak hobetuz.


"Higiezinen burbuilaren eredutik ihes egiteko" beste neurri batzuk ere hartuko dira aintzat: etxebizitza berriak promozionatuko dituzten kooperatibak sustatzea; erabilera-zesioa, edukitzeko formula berri bat, arautzea; etxebizitza politiken diseinuan parte-hartze publikoaren alde egitea eta higiezinen eraginkortasun energetikoa hobetzea.


Babestutako alokairua sustatzeari dagokionez, Lege Proposamenak aurreikusi du errentak % 8,05 eta % 14,67 artean igoko direla 2015eko prezioei dagokienez. Zenbateko horiek, 2017an zehar izoztuta egongo direnak, KPIaren arabera eguneratuko dira.

 

Hala, Iruñerriko Mankomunitatean babes ofizialeko etxebizitzen alokairu-kontratu berriei ezarri ahalko zaien gehienezko hasierako prezioa etxebizitzaren m2 erabilgarri bakoitzeko 5,40 eurokoa izango da, 60 eurokoa garajearen lurzoru guztiarentzat eta m2 bakoitzeko 2 eurokoa erabilgarriko trasteleku eta gainontzeko eranskinei dagokienez. Nafarroako gainontzeko udalerrietan, alokairuaren gehienezko prezioa etxebizitzaren m2 erabilgarri bakoitzeko 5,10 eurokoa izango litzateke, eta garajeari eta trastelekuei dagokien zenbatekoa ez litzateke aldatuko.


Era berean, diru-laguntzak ezarri dira, % 23 eta 30 artean babestutako alokairuko etxebizitza berriei dagokienez eta % 50eko diru-laguntzak aurreikusi dira alokairuan jartzeko asmoz etxebizitzak birgaitzen dituzten erakundeei laguntzeko.


Bestalde, testuan ezarri da etxebizitza babestua errentatzen duten pertsonek zenbait betebehar izango dituztela, errentariei komunitateko gastuen eta antzekoen inguruan eman beharko dieten informazioa kasu. Era berean, adierazi da etxebizitzak babes ofizialeko alokairua izaten jarraitu ahal izango duela, hasierako kalifikazioan esleitu zitzaion babeserako epea bukatutakoan ere.


Lege horren baitan eta Etxebizitza Programaren babesean aurreikusi diren jarduera multzoarekin, kalkulatu daiteke datozen bost urteetan babestutako etxebizitzak 1.600 gehiago izango direla.


Lege Proposamenak, era berean, bultzada eman nahi dio eraikin eta etxebizitzen birgaitze babestuari eta helburu horrekin, % 5 eta % 40 artean igoko ditu horretara bideratutako laguntzak. Aldi berean, aurreikusi da baliorik gabe utziko dela beste etxebizitzarik ez edukitzearen baldintza etxebizitzak birgaitzeko eta hobetzeko laguntzak jaso ahal izateko.


Bestalde, kolektibo jakin batzuei zuzendutako diru-laguntzak hobetzea aurreikusten da, 65 urtetik gorako pertsonak eta gazteak kasu. Bai eta mugikortasun ezgaitasun larriak dituztenak, familia ugariak, genero indarkeriaren biktimak eta terrorismoaren biktimak.


Era berean, Lege Proposamenaren asmoa obretan gastatuko den zenbatekoa ahalik eta gehien gutxitzea da, diruz laguntzeko modukoak izan daitezen eta laguntza espezifikoen lerro bat sortuko da, gizarte barneratzearen programaren barruan jasotako etxebizitzen edo gizarte barneratzeko errenta jasotzen duten familien jabegoko etxebizitzen kasuan, horien baldintzak egokiak direla bermatzeko.


Gainera, beste aldaketa batzuk ere aurreikusi dira, hala nola: bi etxebizitza gehitu edo bakarra banatu ondoren sortutako etxebizitzen gehienezko azalera 120 metro karratukoa izango dela.


Bestalde, Lege Proposamenak gutxienez azken urtean zehar udalerri berean bizi izan diren pertsonek osatutako kooperatibak sortzea aurreikusi du, horrela babestutako etxebizitzak sustatzeko. Etxebizitza horiek ez lirateke eskatzaileen zentsu bakarraren bidez esleituko, betiere 10.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan eraikitzen badira (orain arte 3.000 biztanle baino gutxiagokoetan zen) eta Iruñerriko Mankomunitatetik kanpo badaude.


Beste berrikuntza bat irabazi asmorik gabeko elkarteek babes ofizialeko etxebizitzak erabilera zesioaren bidez promozionatzea da. Higiezinaren jabegoa elkartearen esku geldituko litzateke modu mugagabean eta bazkideek erabilera eskubide mugagabea izango lukete, heriotza gertatuz gero uzteko aukerarekin. Beharrezkoa izango litzateke sarrera kuota ordaintzea eta hileroko kanona ordaintzea. Babes erregimenaren iraupena mugagabea izango da eta etxebizitzak ez dira zertan zentsu bakarraren bidez esleitu beharko.


Beste ordena batean, proposamenak Nafarroako Etxebizitza Plana eta Nafarroako Etxebizitzaren Kontseilua sortzeko aukera ezarri du, parte-hartze publikoarekin. Organo hori aholkularia litzateke eta bertan sektoreko enpresa eta elkarte nagusiek hartuko lukete parte.


Azkenik, proposamenak kolektibo ahulei etxebizitza eskuratzeko aukera erraztuko dieten zenbati neurri jaso ditu. Esaterako, baremoan puntu gehiago ematea etxegabetzeak jasan dituzten pertsonei edo irabazi asmorik gabeko elkarteei etxebizitzak uztea sortu daitezkeen beharrei aurre egin diezaieten.


Lege Proposamenak ezarri duenaren arabera, udalerriak erroldatuta egondako urteek dagoeneko ez dute punturik emango babestutako etxebizitza bat esleitzerako orduan, dela erosteko zein alokatzeko. Adierazi da etxebizitzarako eskubidea eskubidea bermatu egin behar dela leku jakin batean bizitzen emandako urteak denak direla, izan ere, Nafarroan erroldatutako pertsona guztiek tratu berbera jaso beharko dute.


Diruz lagundu daitezkeen jardueren aurreikuspenaren arabera, kalkulatu da Lege horren eragina urteko 10,3 milioi eurokoa izango dela 2017 eta 2019 urteen artean, hau da, 31 milioi baino gehiago epe guztiari dagokionez.


Enpleguari dagokionez, etxebizitza berriari lotuta urtero 500 enplegu berri sortuko direla uste da eta beste 1.300 enplegu inguru birgaitze lanei lotuta.


Etxebizitzari lotutako gaietan laguntzeko Lege Proposamena aintzat hartu ondoren, Batzordean irizpena emango zaio eta azkenik Osoko Bilkurara eramango da eztabaidatu eta bozkatzeko.

www.nafarroakoparlamentua.eus
• Foru lege proiektua argitaratu da (100. NPAO, 2016-09-07koa)