Publicada el Jeudi, 13 de octobre de 2016

2012an kendu zen apartekotik ordaintzeke dagoen zatia urtarrilean ordaintzeko lege proposamena ezetsi da

Ganberako kide gehienek gobernuak aurreikusi zuen itzultzeko egutegiari eutsi diote; UPNk, berriz, miatzeko ebazpena bete ez dela adierazi du


Gaur egindako osoko bilkuran, Nafarroako Parlamentuak uko egin dio 2012an langile publikoei kendu zitzaien aparteko ordainsaritik ordaintzeke dagoen zatia ordaintzeari buruzko Foru Lege proposamena aintzat hartzeari. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta IEk aurkako botoa eman dute, eta UPN, PSN eta PPNk aldekoa.


UPNk aurkeztu duen lege proposamenak xede du 2012ko abenduko aparteko ordainsaritik ordaintzeke dagoen zatia 2017ko urtarrilaren lehenengo bost egunetan ordaintzea. Aparteko ordainsari hori Nafarroako langile publikoei kendu zitzaien uztailaren 13ko Errege Lege Dekretuaren bidez, gobernu zentralak derrigorrez bete beharreko oinarrizko araudi gisa onetsi zuena.

Zioen azalpenean “onartezintzat” jo dute, apirileko nominatik ordaintzeke zegoen zenbatekoa berreskuratu eta gero, Foru Autonomiako langileak “Espainiakoak baino egoera okerragoan egotea, Nafarroan inoiz ezagutu ez dena”.

Bestalde, ebazpena “bete ez” izana gaitzetsi dute, eta, zehazki, ordaintzeke dagoen aparteko ordainsariaren zatia “2016ko uztailaren 1a” baino lehen ordaintzeko eskatu dute. Parlamentuak maiatzaren 19an onetsi zuen ebazpena, UPN, PSN, eta PPNren babesarekin eta Podemos-Ahal Duguren abstentzioarekin.

Lege proposamena baztertu eta gero, Nafarroako Gobernuak 2012an kendu zen aparteko ordainsariaren falta den % 50a itzultzeko ezarri zuen egutegiari eutsiko dio. Aurreikuspenen arabera, 2018an beteko da (2017ko urtarrilaren beste % 25a), eta kostu osoa 30 milioi ingurukoa izatea aurreikusi da.

Edonola ere, eta Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeek gaur goizean goiz erregistratutako Foru Lege Proposamenaren arabera, kendutako aparteko ordainsariaren erdia ordainduko da 2017. urtean zehar. % 25 urteko lehen bost egunetan ordainduko da, aldez aurretik aurreikusi zen bezala, eta gainerako % 25a ekitaldian zehar, betiere, inguruabar hauetakoren bat gertatzen bada:

“diru-sarrerek aurrekontu-aurreikuspenak gainditzea; estatuarekin dagoen hitzarmen ekonomikoa eguneratzearen ondorioz zenbatutakoa gainditzen duten funtsak sortzea Foru Komunitatearen alde; legez helburu lehenetsirik ez duten Nafarroako Aurrekontu Orokorretatik at sortzen diren aparteko diru-sarrerak egotea; edo aurrekontuan aurretik sartutako finantzaketa-gastuetan murrizketak egotea".

www.nafarroakoparlamentua.eus
Foru lege proiektua argitaratu da (99. NPAO, 2016-09-06koa)